ARTEA ERROMAN
Erromak bi iturritik edaten du artean: alde batetik Italiar penintsulan kokatuta zegoen herri etruskoaren ekarpena dago; beste aldetik, zibilizazio greziarrak eragin erabatekoa izan zuen Erroman, bai artean, bai pentsamenduan. Oso gizarte desberdinak ziren Greziakoa eta Erroma, eta horrek bere islada izan zuen arte erromatarraren berezko ezaugarrietan:
- Praktikotasuna: Oso praktikoa zen erromatarren planteamendua, egiten zuten horretan funtzionalitatea bilatzen zuten.
- Aurrekoarekin lotuta, sinpletasuna doa: ez dute normalean gogoko gehiegizko apaindura.
- Horrekin batera, indibidualismoa, gizabanakoaren goraipemena, aipatu behar da. Komunitateak, hiriak, eragin handiagoa zuen greziarren artean, gertuko erreferentea; Erroma, aldiz, inperio handia zen eta erreferentzia lausoagoa zen.
Erromako historian bi aro nagusi daude, oso desberdinak: Errepublika garaia (k.a. III. mendetik k.a. I. mendera artekoa) eta Inperioa (V. mendera arte; hor desegiten da Erromatar Inperioa).
VIRGILIO - ERROMAKO EPIKA
Augusto enperadoreak agindu eta bere omenez burututako obra da Virgilioren Eneida, bere lanik garrantzitsuena. Iliada eta Odisea dira lan honen erreferentzia argia.
Liburu honetan Eneas da protagonista nagusia, eta pertsonaia honen bidez lotzen da Erromako historia mitologia eta epopeia greziarrarekin.
ERROMAKO LIRIKA
KATULO (Wikipedian)
HERIOTZAREN AURKA
C. V. Catullus - Euskaratzailea: J.Sarrionandia
Bizi gaitezen, ene Lesbia, eta maitatu
Eta zahar bihozgogorren esamesek
Zentimorik ere balio ez dutela pentsa dezagun.
Eguzkia hil daiteke, eta berriz sortu;
Guk, gure argi laburra itzal dadinean,
Betirako gaua lo eman beharko dugu.
Emaidazuz, bada, mila musu eta gero ehun,
Eta, finean, mila asko gehitutakoan
Nahas dezagun kontua, ez ditzagun zenbatu,
Musuak hainbeste izan direla jakinda
Enbidiatsuek kalterik egin ez diezaguten
LEKUKOAK
C. V. Catullus - Euskaratzailea: J.Sarrionandia
Zer esan, Gelius, zure ezpain gorrailak
neguko elurra bezain zuri ikusirik,
etxetik goizean irteten zarenean edo,
uda arratsaldean,
zortzigarren orduak siestatik ateratzen zaituenean?
Zuritasun horrek arrazoiren bat izan behar du: esamesa
egia ote da, gizonen zera ahoratzea laket zaizula?
Horixe da: Victor gaixoaren zangoarte nekatua eta
esnez lohituriko zeure ezpainak dira lekukoak.
HORAZIO (Wikipedian)
CARPE DIEM
Q. Horatius Flaccus Euskaratzailea: J. Sarrionandia
Ez zaitez saia; Leuconoe,
Jainkoek ezarri diguten etorkizuna
Asmatzen, debekaturik dago, ez itzazu
Babiloniar numeroak kontsulta.
Hobe da datorrena onartzea!
Nahiz eta Jupiterrek negu asko eman,
Nahiz eta hauxe izan azkena,
Tirreno itsasoa oraintxe arroketan
Haustera darabilena. Ez zaitez
eroa izan. Edan ezazu zeure ardaua.
Eta egoki ezazu esperantza luzea
Zure bizitzaren espazio laburrera.
Mintzo garen artean, ihes doa denbora.
Bizi ezazu gaurko eguna. Harrapa ezazu,
eta ez zaitez balizko biharraz fida
OVIDIO (Wikipedian)
Ovidio (K.a. 43 urtetik K.o. 17. urtera arte bizi izan zen) poeta oso arrakastatsua izan zen Erroman. Hiru liburu nabarmendu daitezke bereziki:
- Maitasun ikasbidea (Ars Amatoria): Bere gai nagusia maitasuna izan zen, arlo honetan aholku ugari emanez. Oso polemikoa izan zen bere garaian.
- Heroidak: Emakumeak dira protagonistak, gehienetan heroinak, emakume famatuak , pertsonaia mitologikoak ... Kexu agertzen dira gizona ondotik falta zaiela.
- Metamorfosiak: Bere libururik famatuena, Greziako eta Erromako kontaera mitologiko ugari biltzen dituena. Hona hemen adibideren bat:
METAMORFOSIAK:
DEDALO ETA IKARO
PIRAMO ETA TISBE
HERO ETA LEANDRO
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.