HEGOAK
Medikuntzan niharduen garai hartan, Huamahuaca-n. Arratsalde batez, ume zauritu bat ekarri zidaten: muino bateko amildegitik eroria zen. Ikuskatzeko, pontxoa erantzi nionean, bi hego sumatu nituen. Aztertu, eta osasuntsu zeudela ohartu nintzen. Umeak hitz egin ahal izan zuen bezain laster, galdetu nion:
–Zer dela eta ez zenuen hegan egin erortzean, semetxo?
–Hegan egin? –esan zidan–. Hegan egin, jendeak nitaz barre egiteko?
Enrique Anderson Imbert
LITERATURA LEHIO BAT DA
Iratiren gelako lehioak kalera ematen zuen. Herriko kale nagusia zen, eta auto asko pasatzen ziren beti bertatik. Zarata handia egoten zen, eta autoen kea ere igotzen zen lehioraino. Behin, Iratirekin nengoen bere gelan eta ikusi nuen beste lehio bat zegoela gelan, itxita. Galdetu nion:
- Lehio horretatik zer ikusten da?
- Ez dakit, esan zidan, ez dut inoiz ireki. Beti egon da itxita.
- Bada garaia irekitzeko, ez duzu uste?
Ireki zuen eta lorategi batera ematen zuen. Handik jendea zebilen paseatzen, eta txorien kantak entzuten ziren. Iratik begiratu eta esan zidan:
- Merezi izan du lehioa irekitzea, benetan
Literatura horixe da, gure bizitzan ireki dezakegun lehioa, beste gauzak ikusteko, beste moduan begiratzeko, paisaia berri bat antzemateko.
Andoni Lerate
LEIHOAK
Leihotik begira geratzea gustatzen zait. Ezin naiz leiho bazterrean egon, amama egoten zen bezala. Ezin dut leiho bat besapean eraman denbora guztian. Pintzel lodi bat eramaten dut, zurdakia.
Leihotik begiratzeko gogoa dudanean, pintzela hartzen dut, zurda puntak pinturan busti eta leihoaren koadroa marrazten dut airean.
Leihoa zabalik margotzen dut. Ukondoak beheko marran ipini eta paisaiari begira geratzen naiz. Ikusten ditut egunsentiak, uhinak, ostadarrak eta basamortuko txalupak, ezagutzen ditut baikorrak, ezkorrak, etxekoak eta sorginak, uxatzen ditut zoritxarrak, janari zantarrak, iluntasunak eta orein izuak, kontatzen ditut sekretuak eta maitemintzen naiz…
Ez dira kanikak baino handiagoak begiak, eta zenbat gauza erakusteko gauza diren! Leihoak egiten badizkiozu, inork ere ezin izango ditu halako leihoan paratzen den jendearen begiak kaiolatu.
Joseba Sarrionandia
POESIA ZERTARAKO?
(...) Gaur poesiaren eguna delako, poetei galdetuko zaie zertarako balio duen poesiak, eta zintzo erantzungo dute, ongi ikasita baitute eman beharreko erantzunen zerrenda: ahanzturaren kontra borrokatzeko, hitzetatik harago joateko, gizaki egiten gaituen dena delakoarekin konektatzeko… Eta erantzuten ari direnean, beren golkorako pentsatuko dute noiz izango den eguna zeinean futbolzaleren bati galdetuko dioten zertarako balio duen futbolak.
Poesiak ez du ezertarako balio; gainerako arte-espresiobideak bezain alferrikakoa da, ez baita komertziala. Horixe da bere balioa. Poesiak ez du mundua salbatuko, baina ni askotan salbatu izan nau.
Pilar Kaltzada
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.