Baliarraingo Ekonomatoa herrian dagoen denda bakarra da. Beharrezko ditugun era guztietako produktuak erosteko modua eskaintzen du; adibidez, olioa, kontserba-latak, izozkiak, liburuak, kamisetak, eta abar). Udaletxearen azpiko lokal batean dago kokatua.
Produktu gutxirekin hasi ziren, pentsatuz agian hiru hilabete bakarrik iraungo zuela, baina urtebetetik gora igaro da ireki zenetik. Astean behin ostegunetan irekitzen dute, 18:00etatik 19:00etara. Baliarraingo herritar bakoitzak giltza bat du Ekonomatora sartzeko eta behar duena hartzeko.
Jaione Olano eta Josu Ozaita Baliarraingo Udaleko zinegotziak eta ekonomatoaren taldekoak eta arduradunak dira.
Ekonomatoak herri giroa sortu du. Ostegunetan jendea dendara etortzen da, eta hitz egin eta elkarren berri izaten dute. Denda ireki zutenean, itxialdian oinarrizko produktuak herritarrei gerturatzea zen helburua, baina gero bertako ekoizleekin eta zero kilometroko proktuekin lan egiten ere hasi ziren, haiei laguntzeko beren produktuak saltzen. Orendaingo Larreta esnekien ekoizleekin, adibidez. Itxialdiarekin salmenta puntu asko gabe geratu ziren. Horregatik, esan zieten etortzeko hona saltzera.