Orri berria / Nueva página / New page:
São Cosmado 600 biztanle zituen herri txiki bat zen, eta bertan egin zituen bere lehenengo ikaskuntzak Teixeirak. Bigarren hezkuntza egiteko ordea, bere lehengusuaren, Francisco Carvalho-ren, Lamego herrira joan zen bertako Roseira Aitaren Eskolara. Teixeiraren aitak semeak teologia eta zuzenbidea ikastea nahi zuen, lehengusuak ordea zientzietarako zuen talentua ikusita adar hau jorra zezan gomendatu zion. Ez zekien bata ala bestea erabaki, txanpon bat airera bota eta zientzietako bidea jarraitzea suertatu zitzaion.
Unibertsitateko sarbide proba prestatzeko Coimbrara jo zuen 1868 urtean; urtebete geroago Coimbrako Unibertsitateko Matematika Fakultatean izena eman zuen. Bertan Torres Coelhok zuzendua matematikari bidea jorratu zuen. Unibertsitateko urteetan zehar hainbat sari irabazi zituen; honek, ospe handia eman zion Lisboako Zientzia Akademia Errealean. Horrela, 1872 urtean, Aplicaçao das fracçoes continuas à determinaçao das raizes das equaçoes artikulua argitaratu zioten Akademiako Journalean. 1875 urtean Matematikan Doktore izendatu zuten Coimbrako Unibertsitatean, bere bi tesiak defendatu eta gero: Integraçao das equaçoes à derivadas parciais de segunda ordem eta Theses de Mathematicas puras e applicadas.
1876 urtean, 25 urte zituela, Coimbrako Unibertsitateko irakasle ordezko izendatu zuten eta baita ere Lisboako Zientzia Akademia Errealeko kide. Ospe handia jaso zuen urtea izan zen idatzi zituen artikuluengatik, besteak beste: Sobre o emprego dos eixos coordenados obliquos na Mecanica analytica. Hurrengo bi urteetan zehar Portugaleko Alderdi Berriztatzailearentzako lanean aritu zen parlamentari bezala. 1879 urtean Coimbrako Unibertsitateko analisi irakasle lanetan hasi zen eta, urtebete geroago, arlo horretako katedradun izendatu zuten.
1881ean Ana Arminda gaztearekin ezkondu zen; guztira seme bat eta hiru alaba izan zituzten. Bi urte geroago Portora joan ziren bizitzera eta bertako Akademia Politeknikoan kalkulu diferentzial eta integrala irakatsi zituen 1911 arte. 1899an, Espainiako Zientzia Akademiak Tratado de las Curvas Especiales Notables artikulua idazteagatik; eta, 1892an planteaturiko problema bati erantzuna emateagatik saritu zuen.
Portugalgo Errepublika 1910ean ezarri zen; eta horrek, aldaketa handiak ekarri zituen Portoko hirira, besteak beste, Portoko Unibertsitatea irekitzea. Teixeira bertako errektore izan zen 1911 eta 1917 urte bitartean.
Matematikako 300 lan baino gehiago idatzi zituen bere karrera osoan zehar; portugesez, gazteleraz zein frantsesez. Bere azken lana História das matemáticas em Portugal izan zen; 1934ean argitaratu zen, hil eta urtebete gerora.
Jaiotzaren 100. urtemuga