Orri berria / Nueva página / New page:
Gutxi dakigu Adam Riesen haurtzaroari buruz. Aitaren, Staffelsteineko errotari baten, bigarren ezkontzako lehen semea izan zen. Hamabost urte zituela, 1507an, Conradus anaia txikiarekin bizi zen Zwickaun-en, bertan latineko eskolak jasotzen zituelako. Sei urte geroago, Annaberg-era joan zen eta bertan aljebraren oinarriak ikasi zituen.
1518an erfurt-en rechenmeister (kalkuluetan jakintsua) eta hof aritmeticus (gorteko aritmetikari) lanetan aritu zen. Erfurt-en unibertsitatea zegoen arren ez zen bertara joan, baina unibertsitateko irakasle asko izan zituen lagun. Urte haietan bi liburu idatzi zituen: Rechnung auff der linihen (1518), abakoaren antzeko zen kalkulurako-taulak nola erabiltzen irakasteko; eta Rechnung auff der linihen und Federn (1522), indoarabiar zenbaki-sistemarekin kalkuluak nola egin azaltzeko.
Bigarren liburu horretan, zatiketaren algoritmoa azaltzen da (garai hartan unibertsitatean bakarrik ikas zitekeen nola egin zatiketa, baina Riesek edonork egiteko modua azaldu zuen). Latina zen XVI. mendean idazkiak egiteko erabiltzen zen hizkuntza, baina Riesek alemana erabili zuen bere lanak idazteko. Kaleko hizkuntza erbiltzeagatik oso famatu egin zen herritarren artean eta oraindik ere gogoratua da Alemaniako eskola askotan. Hauetan bere metodoak irakasten jarraitzen da gaur egun. Bestalde, biderketa bat ongi egin dugula konprobatzeko X bidezko metodoa bere asmakizuna izan zen (bi zigiluetan kasu berezi bi ilustratzen dira).
1523an Annaberg-en zegoela bergbeamter (ingeniari- eta mehatze-inspektore) izateaz aparte, aritmetika ere irakatsi zuen. Ordurako, Coss (1525), aljebrari buruzko liburuan lanean zebilen; baina Annabergen behin betirako finkatu zen arte ez zuen amaitutzat eman. Bi urte geroago, Anna Leuber-ekin (1495-1545) ezkondu zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Zortzi seme-alaba hauetako hiru mutilek aitaren pausoak jarraitu eta matematikariak izan ziren.
1525ean rezesschreiber (meatze-lanetako epaile) eta 1532an gegenschreiber (meatze-jabeen akzioen liburuzain) lanpostuak izan zituen. Gerora, 1533 eta 1539 urte bitartean, zehnter auf dem geyer (barrutiko meatzeen finantza-administrari) lanetan aritu zen. 1539an Annabergeko eliza luthertar izatera pasa zen, Riesen erlijioara. Erlijio-botere aldaketa honek, bere karrerari bultzada izugarria eman zion churfürstlich Sächsischer hof arithmeticus (Sajoniako gorteko aritmetikari) izendatu baitzuten. Urte berean, Riesenburg-eko gaztelua erosi zuen eta bertan hil zen 20 urte geroago.
Jaiotzaren 500. urtemuga
Heriotzaren 400. urtemuga