Orri berria / Nueva página / New page:
Aita soldadu mertzenarioa zen eta ama, berriz, ostalari baten alaba. Johannesek bost urte zituenean aitak etxetik alde egin zuen, seme-alabak eta emaztea bakarrik utziz. Beraz, aitonaren ostatura joan ziren bizitzera eta bertan lanean eman zituen bere haurtzaroko urteak. Ikasketei dagokionez, aitonaren ostatu ondoko eskola batera joan zen hasieran; geroago, herriko apaiztegira (oso sinestuna zen) eta azkenik Tübingen-eko unibertsitatera.
Unibertsitatean, Michael Mästlin (1550-1631) astronomo famatuak Ptolomeoren astronomia geozentrikoa irakatsi zion. Astronomia ikasteaz aparte, grekera eta hebreera ere ikasi zituen. Kopernikoren sistema kosmologiko heliozentrista garai hartan proposatu berria zen eta Mästlinek irakatsi egiten zuen, Keplerrek hasiera-hasieratik modelu egiazkotzat hartu zuen.
Mästlinek Keplerren potentziala ikusirik Grazeko matematika irakasle postua hartzera animatu zuen eta bertan bere lanak aurrera eramateko aukera izan zuen. 1596a, Mysterium cosmographicum liburuan bere lehenengo modelu kosmologikoa, poliedro erregular inskribatuz osatutakoa, proposatu zuen. Kopernikoren proposamenari jarraituz, Eguzkia zentroan kokatu zuen eta poliedro erregula bakoitzari planeta bat egokitu zion. Horrela, planeta bakoitza esfera batean zehar mugitzen zen eta esferatik-esferara poliedro erregular bat aurki zitekeen. Proposatutako ordena hau zen: Saturno, kuboa, Jupiter, tetraedroa, Marte, dodekaedroa, Lurra, ikosaedroa, Venus, oktaedroa eta, azkenik, Merkurio.
Eredu astronomikoak, Lurra Unibertsoaren zentro izatetik beste planeta bat izatera pasatzen zuen. Hau dela eta, 1612an, Eliza katolikoak eskumikatu (exkomulgatu) zuen. Eskumikazioak asko mindu zuen; eta bizitzan zehar lortu zuen ospe handiak ere, gorteko Matematikari Inperiala izan baitzen, ez zuen epaia hau atzera botatzea lortu.
Mysterium cosmographicum liburuak emandako ospea medio Tycho Brahe (1546-1601) astronomo eta behatzaile famatuarekin lanean hasi zen Pragan. Hasieran, Marteren orbiten inguruko problema lantzen hasi zen, baina Brahe hiltzean gorteko matematikari inperial izendatu zuten. Marteren orbitaren kalkuluekin jarraitu zuen eta Braheren milaka behaketa datuak alderatzean, Martek Eguzkiaren inguruan orbita zirkularra egin beharrean orbita eliptikoa, non fokuetako bat Eguzkia zen, jarraitzen zuela ohartu zen. Guzti hark, 1609an, Keplerren Lehen Legea proposatzera eraman zuen: “Planeta guztiak Eguzkiaren inguruan higitzen dira, orbita eliptikoak eginez. Eguzkia elipsearen bi fokuetako batean dago”. Urte berean, Bigarren Legea proposatu zuen; “Planetatik Eguzkira doan irudizko lerroak azalera berdina estaltzen du denbora-tarte berdinean”. Guzti hau, Astronomia nova (1609) liburuan argitaratu zuen.
1611 urtean Keplerren urte beltzak hasi ziren. Lehenengo, bere seme txikia hil zen; geroago, emaztea hil zitzaion. Eta azkenik, Rudolf enperadoreak osasun arrazoiengatik abdikatu egin behar izan zuen. Hori dela eta, Keplerrek Praga utzi behar izan zuen eta Linz-era joateko. Bigarrenez ezkondu zen eta ezkontzarako ardo upel bat erosi zuen. Merkatariarekin haserretu zen bolumena kalkulatzeko erabili zuen metodoagatik, eta hainbat gorputzen (gehienbat biraketa-gorputzena) bolumena eta azalera kalkulatzeari ekin zion. Honela, Arkimedesen lanetan oinarrituta, Nova Stereometria doliorum vinariorum (Ardo upelen geometria solido berria, 1615) argitaratu zuen eta bertan infinitesimalak erabili zituen kalkuluak egiteko; honela, gaur egungo kalkulu integralaren oinarriak finkatu zituen.
Imperioko Matematikari lanak, Braheren behaketetan oinarrituta, taula astronomikoak egitea inplikatzen zuen; baina Keplerrek beste liburu bat idaztea zuen helburu: Munduaren Harmonia (1619). Bertan, berriz ere, poliedroak erabiltzen zituen unibertsoaren beste modelo matematiko bat proposatzeko. Ikuspuntu matematikotik teselazioak lantzeko lehen lan sistematikoa aurki dezakegu, edo eta, hamahiru poliedro uniforme konbexu (Arkimediarrak bezala ezagutuak) daudela frogatzen du bertan. Azkenik, bere Hirugarren Legea aurki dezakegu: “Planetak orbita osatzeko behar duen periodoaren karratua, Eguzkirako batez besteko distantziaren kuboarekiko proportzionala da”.
1628an Taula Rodolfiarrak (bere liburu emankorrena) argitaratu zuen; astronomo baten lan handiena taula astronomikoen kalkulua baitzen. Kalkuluak egiteko aritmetika asko behar zen eta 1614ean Napierrek (1550-1617) argitaratutako logaritmoen lanak kalkulu aritmetikoak asko arindu zizkion. Mästlinek logaritmoak ez erabiltzeko gomendatu zion “erokeria zela hauetan sinistea, inork ez baitzekien nola funtzionatzen zuten” argudiatuz. Mästlini erantzuteko, logaritmoen erabileraren inguruko lan bat idatzi zuen eta lan hartako taula-logaritmikoak Taula Rodolfiarrak liburuan gehitu zituen. Logaritmoen erabilerak eta Keplerren lehen bi legeek zekarten zehaztasun astronomikoak Taula Rudolfiarrak liburuak ospe handia izatera eraman zuten. Gainera, kalkulua horren zehatzak ziren, non Kopernikoren teoria heliozentrikorako argumentu ezinbesteko bilakatu ziren.
Regensburg-en hil zen, hiri hartan Taula Rodolfiarrek emandako dirua jasotzeko emandako bidaia batean, gaixotasun motz bat eta gero.
Jaiotzaren 400. urtemuga
Jaiotzaren 400. urtemuga
Astronomia Nova: Keplerren hiru legeen azaltzen diren liburuaren argitarapenaren 400. urtemuga
Jaiotzaren 400. urtemuga
Astronomia Nova: Keplerren hiru legeen azaltzen diren liburuaren argitarapenaren 400. urtemuga