Orri berria / Nueva página / New page:
XVI. mende erdi inguruan Toskanako familietan jaiotzen ziren seme nagusien izena aitaren abizenaren eratorri bat izateko ohitura zegoen. Horrela, Vincenzio Galileiren eta Giulia Ammannatiren lehen semea, Galileo Galilei deitu zuten. Hamar urterekin Florentzia ondoko monastegi batera joan zen ikastera eta bertako bizitza (bizi osoan zehar oso pertsona fededuna izan zen) gustoko zuenez monje egitea erabaki zuen; baina aitak, bere seme nagusia mediku izatea nahi zuen eta ideia hura burutik kendu zion.
Aitaren nahia jarraituz, Pisako unibertsitatean izena eman zuen 1582 urtean. Ikasturte hartan Ostilio Ricci (1540-1603) matematikari Toskanarrak, eta Tartagliaren (1499-1557) ikasleak, Euklidesen Elementuaken inguruko ikastaroa eman zuen. Ikastaro hark Galileori matematikarako eta filosofia naturalerako (fisikarako) interesa pistu zion. Udan, etxera bueltatu zen eta Ricciren laguntzarekin, aitak semea mediku izateko zuen ideia baztertzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu; eta medikuntza ikasten jarritu behar izan zuen, 1585ean ikasketak bertan behera utzi zituen arte.
Matematika irakasteari ekin zion Florentzian lehenengo eta Sienan geroago. 1586 urtean bere lehen liburua idatzi zuen La balancitta (Balantza txikia); bertan Arkimedesek (K.a. 288-K.a.212) zenbait grabitate zentru nola kalkulatzen zituen azaltzen du. Urte bat geroago, Erromara joan zen Clavius (1538-1612) bisitatzera, hau baitzen Erromako Jesuiten Eskolako matematika irakaslea, eta grabitate zentruen inguruko ikerketak ere egiten zituen. Claviusengan arreta erakarri zuen arren ez zuen lortu Bologniako unibertsitateko matematika irakasle lanpostua.
1589 urtean Pisako unibertsitateko matematika irakasle postua libre geratu zen eta Claviusen gomendioz Galileori egotzi zioten lanpostua. Lan interesgarria zen arren, Galileoaren nahia oraindik handiagoa zen. Hiru urte eman zituen lanpostu horretan eta, besteak beste, De Motu (1590) idatzi zuen. Ez zegoen guztiz pozik liburuarekin eta horregatik ez argitaratzea erabaki zuen. Bertan, teoria berriak esperimentazioaren bidez froga zitezkeela defendatzen zuen.
Galileoren aita 1591 urtean hil zen eta Galileo familiako lehen semea zenez famillia ekonomikoki mantentzeaz arduratu behar izan zen. Pisako unibertsitateko irakasle postuak ez zion diru sarrera handirik ematen; hori dela eta, irabazi gehiago emango zion lanpostu berri bat lortzen ahalegindu zen. Guidobaldo del Monteren (1545-1607) laguntzarekin, Paduako unibertsitateko matematika irakasle postua lortu zuen 1592 urtean eta bertan egon zen 1610 urterarte. Galileoren hitzetan, bere bizitzako urterik alaienak izan ziren. Egin beharreko lanen artean Euklidesen geometria eta astronomia orokokorra (geozentrismoa), medikuntza ikasten zuten ikasleen artean irakastea zen. Garai hartan, astronomia irakasten zen medikuntzako karreran; medikuen beharretako bat sendabideetan astrologia praktitzea izaten baitzen. Geozentrismoa izan arren irakatsi beharrekoa, Aristotelesen ideien kontrako hiru hitzaldi eman zituen 1604ean agertu berri zen Izar Berria (Keplerren supernoba) azaltzeko ahaleginetan; ezinezkoa ikusten baitzuen izar hura Lurretik hurbil egotea. 1598an, Keplerri (1571-1630) idatzi zion eta teoria kopernikarren aldekoa zela esan zion. Zorionez, eskutitz haiek ez ziren argitara eman Galileoren kontrako epaia pasa eta urte askora. Paduan ezagutu zuen Marina Gamba (1570-1612) beneziarra; ez ziren ezkondu, Galileoren egoera ekonomikoa txarra baitzen; baina hiru seme-alaba izan zituzten: Virginia (1600-1634), Livia (1601-1659) eta Vincenzo (1606-1649).
1609ko maiatzean Paolo Sarpi (1552-1623) lagunak, holandarren asmakisun baten inguruan idatzi zion: kataloxa. Galileok interes izugarria izan zuen asmakizunarekiko eta hobekuntzak egiteari ekin zion. Bere lehen teleskopioak, perspicillum deitu zuenak, objektuak lau aldiz handiago ikusteko gaitasuna zuen. Aste gutxitan, lenteak leuntzen eta birringatzen ikasi zuen, eta horrela zortziko edo bederatziko handitze-potentzia zituen teleskopiak eraiki zituen. Instrumentu hark itsasontzietan izan zezakeen indarraz oharturik, Veneziako Senatuan aurkezpen bat egitea lortu zuen eta teleskopioak eraikitzeko eskubidea (asmakizuna berea izan ez arren) saldu zien.
Urte bukaeran, teleskopioa izarretarantz begira jarri zuen, eta aurkikuntza miresgarriak egin zituen. Aurkikuntza guzti haiek Siderus Nuncis (Izarretako albistaria) lanean argitaratu zituen 1610eko maiatzean. Bertan, besteak beste, honakoa aipatzen zuen: Ilargian mendiak zeudela, Ilargiaren faseak erregistratu zituen, Esne Bidea milaka izarrez osatua zegoela, edo eta, Jupiterren inguruan lau gorpu biraka zeudela. Lan hark ospe handia ekarri zion Galileori; horren handia izan zen ospea, Toskanako Duke Handiaren matematikari eta filosofo izendatu zutela 1610eko ekainean.
Teleskopioarekin eginiko behaketa guztiek Kopernikoren ideia heliozentrikoen alde azaltzera eraman zuen, baina ez zituen publiko egin Bibliako testuen kontra zijoazelako. Hala ere, ideia haiek unibertsitatean irakasten zituen eta gortez-gorte (Venezian, Florentzian...) hedatu ziren. Galileok, etsai asko zituen Florentziako gortean, eta hauek Pablo V.a (1550-1621) aita santuaren lagunak ziren. Beraz, Inkisizioak esku hartu zuen 1661 urtean Galileok Lorraineko Kristina Dukesa Handiari idatzi zion eskutitza beraien esku artean erori zenean. Eskutitz hartan Aristoteleren teoriaren aurka hitz egiten zuen. Horrela, 1616ko otsailak 24ean Inkisizioak Kopernikoren teoria irakastea debekatu zion.
1623an Maffeo Barberini (1568-1644), Urbano VIII.a bezala ezagutua, izendatu zuten eliza katolikoko aita santu. Urbano VIII.a Galileoren ideien aldekoa zen eta zenbait bilera egin zituen Galileorekin Vatikanoan. Bilera hauetan, eliza katoliokoak Kopernikoren teoriaren inguruan iritzia emango ez zuela argi utzi zion Galileori. Hori dela eta, 1624ean Dialogue (Elkarrizketak) liburu famatua idazteari ekin zion. Sei urte behar izan zituen amaitzeko eta, 1632an, Erromako baimenik gabe, liburua argitaratu zuen. Inkisizioak, Dialogueko pertsonaietako bat (Simplicio) Urbano VIII.a zela siniztarazio zion aita santuari, beste pertsonaia (Salviati) Galileo zela. Aita santuaren haserrea horren handia izan zen inkizizioak 1635ean Galileo preso sartzeko baimena lortu zuela. Epaiketa amaitzean eta Inkisizioaren tortura mehatsupean, Kopernikoren teoria arbuiatu zuen. Galileoren osasun egoera ez zen bat ere ona; beraz, kartzelan preso geratu ordez, etxean hil arte kartzelaratua geratzera kondenatu zuten. Hasiera batean Erroman, geroago Sienan (Ascanio Piccolomini artzapezpikuaren etxean) eta azkenik Arcetrin egon zen. Gainera, bere ideiak eztabaidatzea, bisitak izatea eta bileretan parte hartzea debekatu zioten.
Etxeko-atxiloketa piska bat lasaitzea lortu zuenean, osasun problemak izan arren, lanean hasi zen berriz ere. Vincenzo Viviani (1622-1703) eta Evangelista Torricelli (1608-1647) ikasle izan zituen eta Torricelliren laguntzarekin bere lan matematiko garrantzitsuena idazteari ekin zion: Discorsi intorno a due nuove scienze (1638). Lan hura ez zen Italian argitaratu, baizik eta, kontrabandu bidez Herbeheretara bidali eta Leideneko inprenta batean inprimatu zen. Liburuko ideia asko eta asko De Motun azaltzen zirenak argitzeko eta zuzentzeko erabili zituen: inpultsoa, momentuak, grabitate zentruak… Bestalde, planu inklinatuko marruzkaduraren inguruko ideiak ere landu zituen. Penduluarekin esperimentuak ere azaltzen ziren eta erorketa askeko gorputzen inguruko azalpenak eman ere. Besteak beste: “geldi dagon gorputz bat uniformeki azeleratzen bada, ibilitako distantzia denborerekiko karratuaren proportzionala da” lege famatua aurki daiteke.
1642 urte hasieran, 77 urterekin, hil zen bere Arcetriko etxean, Florentziatik hurbil. Hiri horretako Santa Croce basilikan lurperatu zezateb eskatu zuen, aitaren ondoan, baina Eliza Katolikoak ez zuen horrelakorik baimendu eta hilobi xume baten egon zen 1737 urtean bere omenezko mausoleo bat eraiki zen arte. 1992ko urriak 31ean, Juan Paulo II.a aita santuak, Eliza Katolikoak Galileoren epaian izan zuen jarrera gaitzetsi eta barkamen publikoa eskatu zuen.
Heriotzaren 300. urteurrena
Dialogoaren 350. urtemugako 500 lirako txanpona
Jaiotzaren 400. urteurrena
200 lirako biletea
Jaiotzaren 450. urteurrena