Orri berria / Nueva página / New page:
Protestantismo gailentzen zen Alemanian jaio zen, baina bere eskualdean (Nurebergetik hurbil) erromako katolizismoak indarrean jarraitzen zuen. Horregatik, 1555. urtean Erromako Jesuiten Ordenean sartzea erabaki zuen. Jesuitek hezi zuten eta 1556ean Coimbrako Unibertsitatera bidali zuten; bertan Pedro Nunes ezagutu zuen.
Matematikarekiko interes handia erakutsi zuen eta ikasketa guztietan izan zituen kalifikazio hoberenak arlo horretakoak izan ziren. 1560ko abuztuaren 21ean Eguzki-eklipse bat eman zen eta gertaera astronomiko hark beregan sortutako eragina horren handia izan zen matematika eta astronomia ikertzea erabaki zuela. Urte hartan Erromako Jesuiten Collegio Romanora joan zen teologia ikastera eta 1564ean apaiz egin zuten, ez zen apaiz lanetan aritu, bai ordea, Collegio Romanoan matematika irakasle bezala. Bizi osoa Collegio Romanoko matematika irakasle lanetan eman zuen, 1596 urtean Napolesera eta 1597an Espainiara egindako bidaiez aparte.
Ekarpen matematikoei dagokionez, bera izan zen zenbaki hamartarrak adierazteko koma edo puntua erabili zuen lehena; gainera, irakasle eta liburu idazle bikaina izan zen. Euklidesen Elementuak (1574) liburuaren bertsio bat idatzi zuen, bere emari propioa gehituz. 1608an Algebra liburua ere idatzi zuen. Testu-liburu guzti hauek Europa osoko eskoletan erabili ziren matematika irakasteko. Zenbait instrumentu ere sortu zituen, hauen artean garrantzitsuena, angelu-zatiak neurtzeko erabiltzen dena da.
Bere ekarpen matematikoengatik ez da oso ezaguna, bai ordea egutegiaren erreforman izan zuen eraginagatik. K. a. 46. urtean egutegi julianoa, Julio Zesarren omenez sortua, ezartzean lau urtean behin urteari egun bat gehitzen hasi zen, hau da, bisurteak ezarri ziren. Bisurteek sortzen zuten errorea oso txikia zen, baina mendeen poderioz errore hori handitzen joan zen eta egutegi erlijiosoa desorekatua geratu zen. Adibidez, Aste Santua udaberriko ekinozioak finkatzen du, baina egutegi julianoarekin Aste Santua hilabeteko atzerapenarekin ospatzen hasi zen. Hori dela eta, Eliza Katolikoa egutegiaren erreforma bat egin zedin presionatzen hasi zen. Eta, 1511ko Vatikanoko Kontseiluan, eta 1563ko Trentoko Kontseiluan, Gregorio XIII. Aita Santuak bere matematikari eta astronomo esanguratsuenei proposamenak emateko eskatu zien. Horrela sortu zen bere izena daraman egutegi gregorianoa.
Clavius zen garai hartan eragin handiena zuen matematikaria, eta bere proposamenaren arabera egutegi julianoko 1582ko urriaren 4 egutegi berriko 1582ko urriak 15 bilakatuko zen. Horrekin batera, bisurteei egokitzapen txiki batzuk egin zizkien: ordurarte bezala, lau urtean behin urteari egun bat gehitzen jarraituko zen; 100en multiploak diren urteak ez dira bisurte izango, bai ordea 400en multiploak direnak. Honela, gaur egun erabiltzen ditugun bisurteak sortu ziren eta aldaketa guzti horiekin 3.500 urte behar izango dira, egun bateko errorea gerta dadin. Claviusek, 1595ean Novi calendarii romani apologia liburua idatzi zuen 11 eguneko jauzi hau justifikatzeko.
Egutegi gregorianoaren erreformaren 500. urtemuga
Heriotzaren 400. urtemuga