Orri berria / Nueva página / New page:
Charles Lutwideg Dodgsonek, Lewis Carrol bezala ezagutuak, honela asmatu zuen bere goitizena: lehenengo bi izenak latinera itzuli zituen eta “Carolus Ludovicus” lortu; berriz ere ingelesera bueltatu, eta ordena aldatu zien.
Aita, Charles Dodgson, eliza katolikoko apaiza zen eta baita, Oxfordeko Unibertsitateko matematika irakasle eta fellowship ere. Gurasoekin hezi zen txikitan Charles eta aitaren pausuak jarraitu nahi zituen nagusi izatean. Osasun oso eskasa zuen eta txikitan izandako katarro gaizki sendatu batek bizitza osorako eztul kroniko bat utzi zion; gainera, 1848an, hazizurriaren eraginez, eskuineko belarritik gor geratu zen.
1849an, Oxfordeko Unibertsitatean izena eman eta han egin zituen ikasketak. 1851ean, ama hil zitzaion urtean, Christ Church Collegeko bekadun egin zuten beti ere ezkongabe mantentzen bazen eta portaera sakratua jarraitzen bazuen. Lau urte geroago, 1855ean, matematika-irakasle postua lortu zuen eta lan horretan aritu zen 1881 arte. 1861ean diakono egin zen, baina ez zen inoiz apaiz izatera heldu; ziurrenik arteekiko zuen interesengatik edota ez-kristauak jazartzearen kontra zegoelako.
Argazkilaritzarako interesa ere izan zuen eta paisaiak, arkitektura, eskulturak eta gehienbat pertsonak, bereziki umeak, erretratatzen zituen. Erretratatu zuen umeetako bat Alice Liddell izan zen, gerorra fikziozko Alice sortzeko erabiliko zuen neskatoa. 1862an Liddell ahizpentzako fikziozko ipuin bat idatzi zuen, hiru urte geroago Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian (Alice’s Adventures in Wonderland) bilakatuko zena.
Matematikari bezala, hainbat liburu idatzi zituen: A syllabus of plane algebraical geometry (1860), Two Books of Euclid (1860), The Formulae of Plane Trigonometry (1861), Condensation of Determinants (1866), Elementary Treatise on Determinants (1867), Examples in Arithmetic (1874), Euclid and his modern rivals (1879), Curiosa Mathematica, Part I: A New Theory of Parallels (1888), eta Curiosa Mathematica, Part II: Pillow Problems thought out during Sleepless Nights (1893). Guzti hauen artean esanguratsuena Euclid and his modern rivals (1879) izan zen. Liburu hartan, Dodgson-ek, Euklidesen Elementuak liburua geometria irakasteko tresna ezin hobea dela defendatu zuen. Horretarako, liburua antzerki obra bat bezala planteatu zuen non pertsonaia nagusia Euklidesen mamua zen.
Bere ekarpen matematikoak, askotan gertatzen den bezala, ahaztuak izan ziren. Haien artean, Vennen diagrama antzeko batzuk sortu zituen, Vennek 1881ean sortu baino lehen, proposamen logikoak begi-bistaz adierazteko. 1894ean, problema logikoak ebazteko egia taulak proposatu zituen, baina horiek ez ziren erabiltzen hasi 1920ko hamarkada arte.
1898ko urtarrila hasieran katarro gogor bat hartu zuen eta birikietan eragin zion. Medikuak ohean egoteko gomendatu zion eta urtarrilaren 14ean hil zen.
Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian liburuaren argitalpenaren 150. urtemuga
1979, umeen nazioarteko urtea.