Matematikaria naiz, afizioz eta ofizioz. Institutuko matematika irakasle izateaz aparte, arlo honekin zerikusia duen dena interesatzen zait. Eta atal horietako bat matematikarekin zerikusia duten zigiluak dira. Txiki-txikitatik ikusi dut gure aitak zigiluekiko zuen afizioa, eta inplizituki niri ere sortu izan zait zaletasun hori.
Nire atzerrirako lehen bidaian zigiluek matematikan eskaintzen dituen aukerak esplotatzea erabaki nuen. Holandan egon nintzen eta bertan erosi nituen matematikarekin zerikusia duten nire lehenengo zigiluak. Ordutik aurrera, atzerrira egiten dudan bidaia bakoitzean zigilu denda batera joan eta bertan pasatzen ditut orduak eta orduak dendariarekin hitz egiten eta matematikarekin zerikusia duten zigiluak aurkitzen katalogoetan.
Zoritxarrez, zigiluak aurkitzea ez da erreza. Hori dela eta interneten ordu asko eman behar dira hauek bilatzen eta zenbait web orri interesgarri ere aurkitu izan ditut zigiluekin erlazionatuak. Batzuk matematika zigiluekin eta beste batzuk orokorrean zigiluekin zerikusia dutenak. Hori aprobetxatuz, oporretan joan baino lehen ordutxo batzuk igarotzen ditut bidaiatuko dudan herrialdeko zigiluak bilatzen, beti ere matematikarekin zerikusia dutenak, honela dendara joatean lana eta denbora aurrezten dut. Hemen erabiltzen ditudan zenbait web orrialde:
Images of Mathematicians on Postage Stamps: Izenak dioen bezala, matematikarekin eta matematikarien zigiluekin erlazionatuta dagoen web orria da. Ia hilero eguneratzen da. Eta begi bista bat bota ezkero berehala konturatzen gara oso ongi organizatua dagoela.
Mathematicians & Mathematics on Stamps: Aurreko web orria bezala bi ataletan banatzen da: matematikariak eta matematikarekin zerikusia duten zigiluak. Ez dago oso osatua baina ongi dago ideia bat egiteko zer aurki daitekeen filatelietan.
Mathematics on Stamps: Benetan web orri osoa eta guztiz erreferentziazkoa niretzako. Bertan, alfabetikoki ordenatuak daude matematikariak. Oso lagungarria da horren ezagunak ez diren matematikarien zigiluak aurkitzeko eta beraien inguruko informazioa jakiteko.
Colnect: Interneten aurkitu dudan bildumazaletasunari buruzko web orri osatuena. Munduko herrialde gehienetako ia zigilu guztiak daude: urtez, gaika, emisio kodez, tamainaz,... sailkatuak. Web orri hau, herrialde bakoitzeko paperezko katalogo bat izatea bezala da. Gaur egun, hau da nire interneteko erreferentzia web orria nire proiektu honetarako.
Stamp World: Aurrekoa bezalako web orria izan arren, ez da horren erabil erraza eta aurreko web orria baino zigilu gutxiago ditu. Daukan abantaila interesgarriena zigiluak erosi edo saldu daitezkeela da.