Orri berria / Nueva página / New page:
Antoine Lavoisier (1743-1794)
Napoleon Bonaparte (1769-1821)
Frantziar Iraultza baino lehen herrialde, herri, lurralde zein hiri bakoitzak distantzia eta espazioa, azalera eta bolumena neurtzeko modu ezberdina zituen; hau da, norberak bere neurri sistema propioa zuen. Sistema berria ezarri baino lehen Frantzian 250.000 neurri sistema ezberdin baino gehiago zeuden. Espainian adibidez, Gaztelako makila batek 0,8359 metroko balioa zuen, eta Aragoiko makila batek, berriz, 0,7704 metrokoa. Sistema metriko berria ezartzeak zientzia, politika eta merkataritza eraldatu zituen. Berau martxan jartzea, ordea, ez zen lan erraza izan.
Frantziar Iraultzan zehar mantendu zen proiekturen bat aipatu behar bagenu, hau Sistema Metriko Hamartarra martxan jartzea izan zen, komunitate osoaren borondatea sinbolizatzen bait du. 1790eko maiatzaren 8an, Talleyrandek (1754-1838) Iraultzako Batzar Nazional Konstituziogileari pisu eta neurri sistema bateratu bat erabiltzen hasteko proposatu zion. Horretarako, Frantziako Zientzia Akademiako Pisuen eta Neurrien Batzordearen lanetan oinarritu zen; batzorde hura hainbat zientzialarik osatzen zuten, hala nola, Laplace (1749-1827), Monge (1746-1818), Lavoisier (1743-1794), Coulomb (1736-1806), Lagrange (1736-1813), Legendre (1752-1733) eta Condorcet (1743-1794). Sistema berriaren helburua hirukoitza zen:
Sistemak uniformea izan behar zuen.
Sistemako unitateak bata bestearekin erlazionatuak egon behar ziren, horrela luzera unitateak beste denak determinatuko lituzke (azalera, bolumena eta masa).
Luzeraren balioa naturatik atera behar zen, Lurreko herri guztiek onar zezaten.
Frantziar Iraultza Frantziar estatuan eman zen arren, hark zekartzan ideiak mundu guztira heda zitezen nahi zen. Zientzia eta politika eskutik zihoazen. Hemendik dator beraz, sistema metriko berriaren unibertsaltasuna; erreferente bezala gizateria guztiarentzat propio den zerbait hartzeko gai izan zelako: Lurraren dimentsioak. 1791ko martxoak 30ean Condorcetek Asamblea Nazionalean ondokoa aldarrikatu zuen:
"Akademia elementu arbitrario denak kanpoan uzten ahalegindu zen. Hitz batean esanda, sistemaren oinarriak zein herrialdek proposatu eta aurrera eraman zituela jakitea konplikatua izan behar zen.”
Irizpide hau jarraituz, naturan oinarrituriko eta era berean gizateria guztiarena zen unitate bat (eta beraz aldaezina, horrela uste baitzen) bilatu behar zen.
Batzordeak sistema hamartar baten alde apustu egin zuen; ala ere, partaide batzuk sistema hamabitarraren aldekoak ziren (hamabi zenbakiak dituen zatitzaile kopuruagatik). Azkenik sistema hamartarra gailendu zen, horrela, neurriek zatiki hamartarrak izan behar zuten. Grekotik eratorritako aurrezenbakiak proposatu zituzten: deka 10 aldiz, hekto 100 aldiz, kiloa 1.000 aldiz eta miria 10.000 aldiz; eta azpimultiploak berriz: deci 0,1; centi 0,01 eta mili 0,001. Adibidez, 10 zentimetro 1 dezimetro dira, edo 10 dezimetro 1 metro.
Luzera unitateari dagokionez bi izan ziren luzera unitaterako proposamenak:
Lehena, pendulu sinple batek ekuatorean segundo batean eginiko ibilbidea izan zen. Penduluaren ekuazioa T=2lg da, eta horrek luzeraren unitate estandarra g=0,9939551 inplikatuko luke. Luzera denborarekiko eta zonalde geografikoarekiko independentea ez izateagatik proposamen hau baztertzea erabaki zen.
Bigarrena, berriz, Lur meridioanoaren inguruko zenbait ikerketa egin eta gero etorri zen. 1791ko martxoak 30ean metroaren lehen definizioa eman zen: luzera unitatea, metro (grekoz “metrom” [luzera]) deituko dena, “Lurreko meridiano laurdenaren luzeraren hamar milioirena” izango da.
Unitateen arteko elrazioari soluzioa ere eman zitzaion. Azalerak areatan neurtuko ziren (10 metro luze diren karratuak) edo bolumenak estereoetan (metro bateko luzera dituzten kuboak). Bestalde, 4°C-ko tenperaturan destilatutako ur litro batek kilogramo bat pisatuko zuen edo dezimetro kubiko bat bete, hau da, 1 litro = 1 dm³ = 1 kg.
Luzera, pisua eta bolumena neurtzeko sistemak ez ezik beste aldaketa batzuk ere proposatu zituen Pisuen eta Neurrien Batzordeak. Ala nola, frankoa sortu zen moneta-sistema gisa (4,5 g zilar finaren baliokide zena) moneta-sistema hori ere hamartarra zen, ehun zentimotan banatua. Denborarako, eguna 10 ordu hamartarretan banatzea proposatu zen. Ordu-hamartar bakoitza 100 minututan eta minutu hamartar bakoitza 100 segundu izango zituen.
Egutegiari dagokionez, urtea 30 eguneko 12 hilabetetan banatzen zen, eta udazkeneko ekinozioan hasten ziren beti. Hilabeteak hamar eguneko hiru hamarkadatan banatzen ziren (asteak desagertu ziren). Hilabeteen izenak fenomeno naturalen eta nekazaritzaren izenetatik hartu ziren. Adibidez, Vendimiario (irailaren 23tik edo 24tik aurrera), Brumario (urriaren 23tik edo 24tik aurrera), eta Frimario (azaroaren 21etik aurrera), udazkeneko hilabeteak ziren.
Egutegiko aldaketa guzti horiek herritarren artean kexa asko sortu zituen. Hamar eguneko lan-astea ez zen ongi etorria izan langileei atseden-egun gutxiago uzten baitzien; hamarretik bat zazpitik bat beharrean. Gainera egutegia ilargi-zikloarekin koadratu gabe geratu zen, eta eliza katolikoak Asanblea Nazionalak egutegitik kutsu kristaua kentzeko saiakeraren kontra egin zuen. Egutegi-sistema hura bateraezina zen batez ere ekinozioen, eguzki-zikloak zuzentzen dituenen, eta ilargi-zikloen konbinazioak zuzentzen dituen ereite-, azoka-, nekazaritza- eta abeltzaintza-aroekin.
Zorionez, XIV. urteko nivosoren 10ean, (1805eko abenduaren 31ean) Napoleonek bertan behera utzi zuen egutegia eta sistema aldrebez hura. Guztira 14 urte iraun zuen denbora neurtzeko era kurioso hark.
Beraz Lurraren meridianoa neurtu behar zen. Horretarako, Paristik igarotzen den meridianoa erabili zen; 45º Paraleloaren iparraldean eta hegoaldean itsas-mailan zeuden bi puntu bilatu ziren: Dunquerqueko katedraleko dorrea eta Bartzelonako Montjuic gazteluko masta. Eta neurriak Lurra triangulatuz lortu ziren.
Gainazal baten azalera triangeluz estaltzea da triangulatzea. Funtsean, gaur egun topografoek egiten dutena egitea da: gure inguruan hiru erreferentzia-puntu aukeratzen dira, eta horietako batean jarriz puntu horrek beste biekiko duen angelua kalkulatzen da. Ondoren, zenbait formula trigonometriko erabilita (cosinuaren teorema; eta sinuaren teorema), puntu horien distantziak kalkulatzen dira. Lurraren gainazala laua ez bada ere, distantzia “laburretan” triangelu horiek Lurraren gainazalarekin guztiz bat datozela onar daiteke.
Baina distantziak eta angeluak kalkulatzen hasteko, erreferentzia-puntu bat eta oinarrizko-distantzia bat hartu behar dira:
Erreferentzia-puntua Parisen hartu zen: Le Panteongo (Marie Curie, Voltaire, Rousseau, René Descartes, Victor Hugo, Émile Zola, Louis Braille... bezalako ilustre frantses handien hilobian) kupulan zehatz mehatz .
Oinarrizko-distantzia neurtzeko, Melunetik hurbil zegoen bide erreala erabili zen; Paris-Melun errepidearen hamar kilometro inguruko luzera hain zuzen ere. Neurketa hura egitea oso lan garrantzitsua zen eta 41 egun behar izan zituzten lana burutzeko. 4 toie luze (3,7 metro) ziren zehaztasun handiko 4 erregela erabil ziren horretarako.
Behin oinarrizko datuak zituztela, 1792an bi espedizio abiatu ziren Parisetik. Espedizio bakoitzeko buru astronomo famatu bi ziren. Hegoalderantz Pierre Mechain (1744-1804) joan zen, eta iparralderantz, berriz, Jean-Baptiste-Joseph Delambre (1749-1822). Ez zen lan erraza izan, herrialde osoa aldaketa handiko garaian sartua zegoen (Frantziar Iraultza bizpairu urte dela eman zen), eta pertsona ezezagunak, askotan, laguntzat edo etsaitzat hartzen ziren. Triangulazioa amaitzeko behar baino denbora gehiago eman zuten; hasierako ideia urtebete behar izatea zen, baina guztira, 7 urte inguru eman zituzten lanean.
Pisuen eta Neurrien Batzordeak lehenbailehen ekin nahi zuen neurri-sistema berri erabiltzeari. Eta beraz, 1796ean, 40 urte dela eginiko neurketa batzuetan oinarrituta, “metro patroia” eraiki zuten (gaur egun, Pariseko Arts et Metiers museoan ikus daitekeena). Horrela, luzera hura estandar bilakatu zen. Ezarpena aurrera eramateko, 1796 eta 1797 artean marmol zuriz egininiko 16 lagin sortu ziren eta Parisko auzoetan kokatu ziren jendeak erabil zitzan.
Gerora, behin triangulazioa amaitu ondoren, 1799an, metroa behar bezala eraiki ahal izan zen: X sekzioko platinozko hagatxo bat izan zen azken emaitza. Mechain eta Delambrek gaizki kalkulatu zuten errotazioak Lurraren zapaltzean zuen eragina. Akatsaz ohartu ziren, baina Sistema Metrikoaren onurarako ez zuten ezer esan, eta beraz metroaren lehen prototipoak 0,2 milimetroko errorea zuen (gutxi gorabehera bi folioren lodiera).
1792ko irailaren 21ean Frantziako Lehen Errepublika ezartzeaz batera Sistema Metriko Hamartarrak lehen urratsak eman zituen, baina ez zen izan 1795eko apirilaren 7ra arte erabat inposatu zen arte. Oraindik ez zuten neurri zehatzik (1799an amaitu zituzten Delambrek eta Mechainek Lurraren meridianoaren neurketak eta kalkuluak), baina panfletoak eta informazio-kartelak argitaratu ziren herritarrek sistema hori ikas zezaten. Hasieran inork ez zuen sistema erabiltzen. Polizia merkatuetara joaten zen neurri-metodo zaharrak erabiltzen zituen jendeari isunak jartzera. Sistemak ez zuen arrakasta handia izan eta 1812an Napoleonek sistema berria alde batera utzi zuen. Frantziako herriak 1840ra arte itxaron behar izan zuen sistema erabat ezartzeko.
Espainian, Isabel II.aren erregealdian, 1849an, onartu ziren Sistema Metriko Hamartarra erabiltzeko legea eta ordena. Funtsean, ikastetxeak arduratu ziren sistema berria irakasteaz eta pixkanaka-pixkanaka ezartzeaz. Munduko beste herrialde batzuetan, astiro ezarri zen sistema. Mexikon 1857. urtean, Japonian 1859. urtean, Errusiak XX. mende amaieran, etab. Are gehiago, herrialde batzuek (Erresuma Batua, Amerikako Estatu Batuak, Australia...) oraindik ez dute onartu, eta beste sistema bat erabiltzen dute: Sistema Inperiala.
Frantzian Sistema Metrikoa onartzearen 150. urtemuga
Japonian Sistema Metrikoa onartzearen berrezpena
Lur-meridianoaren neurketaren 250. urteurrena
Metro biltzarraren 100. urtemuga
Metro biltzarraren 100. urtemuga
Unitateen MKS sistemaren asmakuntza
Frantziako Gran Orient (1773-1973) masoneria elkarteko 250. urteurrena