Sistema periodikoa

HASTEKO Elementu kimikoen sailkapena [Sistema periodikoa DBH3]

PROPIETATE PERIODIKOAK

Taula periodikoan, antzeko propietateak dituzten elementuak talde berean kokatuta daude. Taldeen edo periodoen barruan batetik bestera mugitu ezkero, propietateen balioek gora edo behera egingo dute.

Hona hemen propietate batzuk:

Masa atomikoa

Atomo baten masa da, masa atomikozko unitateetan (m.a.u) adierazita.

IKUSI Elementuen masa atomikoa [Atomoa DBH3]

Izaera metalikoa eta ez-metalikoa

Elementu batek elektroiak erraz galtzen dituenean eta haiek hartzeko joerarik agertzen ez badu, metala dela diogu. Era berean, elektroiak nekez galtzen eta erraz hatzen dituzten elementuei ez-metalak deritze. METALen ezaugarri nagusia balentzia-elektroiak galtzeko duten erraztasuna da, ioi positiboak (katioiak) eratuz. EZ METALek balentzia-geruzan elektroi ugari dituzte eta, gas nobleen konfigurazioa lortzeko, elektroiak irabazteko duten joera dute, ioi negatiboak (anioiak) eratuz.

Taula periodikoan, izaera metalikoa ezkerrerantz handitzen da periodo batean, eta beherantz talde batean.

Erradio atomikoa

Atomo baten nukleotik urrunen dagoen elektroira dagoen distantzia da. Neurketa pikometrotan edo Angstrometan egiten da (1Å = 10-13 m).

Taula periodikoan, erradioa goitik behera (taldetan) eta eskuinetik ezkerra (periodotan) handitzen da. Periodo batean, ezkerretik eskuinera nukleoak sendoago erakartzen ditu balentzia-elektroiak eta atomoa uzkurtu egiten da, erradioa txikituz. Eta talde batean, goitik behera atomoek gero eta geruza gehiago dituzte, balentzia-elektroiak nukleotik urrunago daude eta erradioa handiagoa da.

Bolumen atomikoa

Atomoak esferikoak direla imajinatzen badugu, atomoen bolumena esferena izango litzateke. Bolumenak gora egingo du taldeetan behera egin ahala. Periodoen barruan bolumenak behera egiten du ardialderaino eta hortik aurrera gora egiten du.

Erreaktibotasun kimikoa (jarduera kimikoa)

Elementu baten jarduera kimikoa, beste elementuekin erreakzionatzeko duen gaitasuna da.

Metalen erreaktibotasuna: taldetan goitik behera handitzen da (zenbat eta balentzia elektroiak nukleotik urrunago egon, errazago galduko dituzte), eta periodotan eskuinetik ezkerrera (balentzia-elektroi kopurua zenbat eta txikiagoa izan, errazago galduko dituzte elektroiak).

Ez-metalen erreaktibotasuna: taldetan behetik gora handitzen da (tamaina txikiagoko ez-metalek elektroiak hartzeko joera handiagoa dute nukleotik hurbilago daudelako) eta periodotan ezkerretik eskuinera (zenbat eta elektroi gehiago hartu edo konpartitu behar, erreaktibotasuna txikiagoa da).

Elektronegatibitatea (EN)

Elementu baten atomo batek elektroiak bereganatzeko duen gaitasuna da (loturako elektroiak bereganatzeko indarra).

Metalek elektronegatibotasun txikia erakusten dute eta ez-metalek handia.

Periodo batean, elektronegatibitatea handitu egiten da eskuinerantz, eta talde batean gorantz.

EN = (IP + EA) / 2

Ionizazio potentziala (IP)

Gas egoeran dagoen atomo baten elektroi kanpokoena erabat apartatzeko behar den energia da, hau da, katioia eratzeko behar den energia. Talde batean, goiko elementuek behekoak baino potentzial handiagoa dute eta periodo batean ezkerrera egin ahala handiagoa da (F da handiena eta Cs txikiena). Gas geldoek dute potentzialik handiena.

Afinitate elektronikoa (AE)

Atomo batek elektroi bat hartzerakoan (anioia osatuz) askatzen duen energia da. Balio absolutoan, periodo batean eskuinerantz handitzen da eta talde batean gorantz. Halogenoek dute afinitate elektronikorik handiena.

Izaera oxidatzailea edo erreduktorea

Elementu bat oxidatzailea da besteari elektroiak kentzeko joera duenean. Zenbat eta elektroafinitate handiago izan hainbat eta oxidatzaileagoa izango da elementu bat. Elementu bat erreduktorea da besteari elektroiak ematen badizkio. Erreduktoreak oxidatzailea erreduzitzen du eta alderantziz.