Naturan dauden substantziek aldaketak jasaten dituzte. Materiak bi eraldaketa mota jasan ditzake: fisikoak eta kimikoak.
Aldaketa kimikoetan materiaren izaera aldatzen da (errekuntza edo oxidazioa, adibidez). Hasierako substantzia bat propietate desberdinak dituen bestelako substantzia batean bihurtzen da. Beraz, substantzia berriak agertzen dira, propietate berriak erakusten dituztenak. Aldaketaren aurretik materiak formula kimiko jakin bat du eta aldaketaren ondoren beste bat.
Jatorrizko substantzietatik beste substantzia batzuk eratzen dira:
(1) uraren deskonposaketa (elektrolisia) 2 H2O ---> 2 H2 + O2 [Laboratorio virtual]
(2) alkoholaren errekuntza C2H6O + 7/2 O2 --> 2 CO2 + 3 H2O
(3) FeS konposatuaren sintesia Fe + S --> FeS
Aldaketa kimikoen oinarria, hasierako substantziak euren atomoetan deskonposatzea da eta, horiek berriro elkartuta, beste substantzia desberdin batzuk osatzea. Ez da atomo kopurua aldatzen ezta masaren balioa (masaren kontserbazioaren legea LAVOISIER).
Eguneroko bizitzan egiten ditugun prozesu asko, aire librean dagoen burdina herdoiltzea, butanoaren erreketa, xaboia egitea eta abar, aldaketa kimikoak dira, hau da, substantzia bat beste batean transformatzea eta erabat ezberdinak diren propietateak lortzea. Transformazio horiek zer diren jakin nahian lan egiten dute zientzialariek, arrazoiak eta ondorioak zeintzuk diren aztertuz.
Aldaketa kimikoei ERREAKZIO KIMIKO ere esaten zaie. Aldaketa kimikoa gertatzeko eman behar den prozesuari erreakzio kimikoa deritzo. Edo substantzien artean ematen diren aldaketa kimikoak erreakzio kimikoen bidez adierazten dira.
1go esperimentua
Azukrea eta bikarbonatoa erabiliz, faraoiaren sugea deritzon esperimentua.
2. esperimentua
Edalontzi batera hidroxido amoniko tanta batzuk botako ditugu eta beste edalontzi batera azido klorhidrikozko tanta gutxi batzuk. Ondoren, tantatxoak zein bere edalontziko hormetan zehar higiaraziko ditugu eta bi ertzak elkartutakoan…
Erreakzio kimikoren bat gertatzen denean, askotan, erreakziorekin batera fenomeno edo gertaera nabarmen bat izaten da, zerbait gertatzen ari dela adierazten duena. Adibidez: sugar bat eratzea, kolorea aldatzea, gas burbuilak eratzea edo prezipitatu edo hauspeakin solido bat eratzea.
Erreakzio kimiko guztietan, substantzia batzuk eraldatu eta beste batzuk sortzen dira. Erreakzioa izan duten substantziei erreaktiboak deritze (konposatu zein elementu) eta lortutakoei produktuak (konposatu zein elementu). Beraz, erreakzio kimikoak, jatorrizko substantzia batzuk, erreaktiboak, eraldatu eta beste substantzia batzuk, produktuak, bihurtzeko prozesuak dira. Erreaktiboek eta produktuek formula kimiko desberdina dute. [Erreakzio kimiko motak]
ERREAKTIBOAK --> PRODUKTUAK
Masaren kontserbazioaren legearen arabera (Lavoisier-en legea), erreaktiboen guztizko masa eta produktuen guztizko masa berdinak dira. [Lege estekiometrikoak]
Baina, nola gertatzen dira erreakzio kimikoak? Erreakzio kimiko guztietan erreaktiboen molekulak suntsitu egiten dira (baina ez haien atomoak) eta atomoak beste modu batera antolatzen dira, lehenengoez bestelako molekulak eratuz. Hori gertatzeko, molekulek elkarren artean talka egin behar dute.
Talken teoriaren arabera, erreaktiboen molekulek elkarren aurka talka egin behar dute; talka horien ondorioz, atomoen arteko loturak hautsi eta molekulak deuseztatzen dira. Jarraian, talka horietan askatutako atomoak beste modu batera antolatzen dira eta, horren ondorioz, beste molekula batzuk eratzen dira, produktuak.
Baina talka guztiak ez dituzte molekulak hausten. Molekulek orientazio egokia eta abiadura nahikoa baldin badute soilik izango da talka eraginkorra eta orduan soilik hautsiko dira erreaktiboak eta eratuko dira produktuak. Erreakzioaren abiadura esaten zaio erreaktiboak produktu bihurtzen direneko prozesuaren azkartasunari. [Animazioa Orientation of Collision]
Partikulen abiadura garrantzi handikoa da. Abiadura handia baldin bada, energia zinetikoa ere handia izango da eta, beraz, partikulen arteko talka eraginkorragoak izango dira. Oro har, erreakzio-abiadura honela bizkor daiteke:
Tenperatura igoaraziz. Tenperatura zenbat eta altuagoa, orduan eta bizkorrago higitzen dira partikulak.
Kontzentrazioa handitu. Erreaktiboen kontzentrazioa zenbat eta handiagoa, errazagoa da partikulak topo egitea eta elkar jotzea.
Partikulen zatiketa areagotuz. Zenbat eta partikulak txikiagoak, partikulak elkarrengandik hurbilago egongo dira eta elkarren aurkako talka gehiago gertatuko dira. Erreaktiboak solidoak direnean, bizkorrago erreakzionatuko dute mehe-mehe zatituta badaude, horrela ukitze-eremua handiagoa baita. Era berean, solidoek bizkorrago erreakzionatuko dute disolbatuta badaude, osagaien partikulak jadanik bereizita baitaude. Gasen kasuan, presioa handitzean bolumena txikitzen da; orduan, partikulak elkarrengandik hurbilago egongo dira, talka gehiago gertatuko dira eta bizkorragoa izango da erreakzioaren abiadura. [Animazioa Collision Theory]
Ukipen-azalera handitu. Erreaktiboen arteko ukipen-azalera zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiago izango da elkar jo dezaketen molekulen kopurua eta bizkorragoa erreakzioaren abiadura.
Irabiaketak abiadura handitzen du, partikulen arteko talkak ugariagoak baitira.
Argiak zenbait erreakzioen abiadura handitu dezake.
Katalizatzaileak. Erreakzio-abiadura kontrolatzeko aukera ematen duten substantziak dira (abiadura bizkortuz edo motelduz). Substantzia hauek erreakzioetan kantitate txikian erabiltzen dira eta ez dira prozesuan zehar kontsumitzen (berreskuratu egiten da prozesuaren bukaeran). [Bideoa Velocidad de una reacción química: Efecto de la presencia de un catalizador]
Aldaketa kimiko batzuk oso bizkor gertatzen dira (errekuntza asko, adibidez) baina beste batzuk mantsoagoak dira (burdinaren oxidazioa, adibidez). Batzuetan erreakzioa moteltzea komeni da (elikagaiak kontserbatzeko, adibidez).
Denbora aurrera egin ahala, elikagaiak usteldu egiten dira, deskonposizio-erreakzioen eraginez. Erreakzio horiek bizkorragoak izaten dira udan, tenperatura altuagoa izaten delako.
Norbait arnasa hartu ezinik dagoenean, oxigenoa ematen zaio zuzenean. Airetik hartzen dugu gas hori, baina airearen %21 baino ez da oxigenoa.
Elikagaiak prestatzen ditugunean, zenbait erreakzio kimiko gertatzen dira eta, ondorioz, zaporea aldatzen da. Elikagaiak txiki-txiki zatituta badaude, bizkorrago egosten dira.
Azido nitriko kontzentratua bortizki erreakzionatzen du edozein metalekin youtu.be/3hM8i82LIYo
Erreakzio kimiko guztietan loturak apurtzen eta eratzen dira; ondorioz, erreakzio kimikoetan energia trukea gertatzen da. Ondoko grafikoek zer-nolako energia-aldaketa gertatzen den adierazten dute. [Animazioa ACTIVATION ENERGY]
Erreakzio gehienetan, erreaktiboen atomoen arteko loturak apurtzeko behar den energia txikiagoa da produktuetan loturak eratutakoan askatzen dena baino. Beraz, prozesu osoan energia askatzen da. Horrelakoei EXOTERMIKO deritze.
Energia askatzen duten erreakzioei erreakzio exotermiko esaten zaie. Beraz, produktuen energia kimikoa txikiagoa da erreaktiboena baino. Energia bero moduan askatzen da.
Eerreaktiboak > Eproduktuak
Adibidez:
2H2 + O2 --> 2 H2O + 136.000 kaloria
2Al + Fe2O3 --> 2Fe + Al2O3 + Energia
2H2O2 --> H2O + O2 + Energia
C4H10 + 13/2 O2 --> 4CO2 + 5H2O + Energia
Zenbait erreakzioetan aurkakoa gertatzen da. Prozesu osoari energia eman behar zaio. Horrelakoei ENDOTERMIKO deritze.
Energia xurgatzen duten erreakzioei erreakzio endotermiko esaten zaie; erreaktiboak berotu beharra dago erreakzioa gerta dadin. Beraz, produktuen energia kimikoa handiagoa da erreaktiboena baino. Prozesuan xurgatutako energia osoa energia kimiko moduan pilatzen da produktuetan.
Eerreaktiboak < Eproduktuak
Adibidez:
H2 + I2 + 12.400 kaloria --> 2HI
NH4Cl + Ba(OH)2 + 8H2O + Energia --> BaCl2 + NH3
2H2O + Energia --> 2H2 + O2
N2 + O2 + Energia --> 2NO
(1) Erreakzio exotermikoak: ingurunera energia askatzen dute.
(2) Erreakzio endotermikoak: ingurunetik energia xurgatu beharra dute.
Aktibazio energia: hasierako energia, erreaktiboen energia kantitatea.
Erreakzio energia: erreakzio kimiko bakoitzean xurgatzen edo askatzen den energia kantitatea. Erreakzio beroa ere esaten zaio.
Energia aldaketa hauek ikasten dituen Zientziari TERMOKIMIKA deritzo.
Ekuazio kimikoak erreakzio kimikoen adierazpen sinbolikoak dira. Edo, erreakzio kimikoaren adierazpen matematikoari ekuazio kimikoa deritzo. Erreaktiboen eta produktuen formula kimikoak adierazten dira. Ezkerraldean hasierako sustantziak edo erreaktiboak jartzen dira eta eskuinaldean bukaerakoak edo produktuak, eta bien artean gezia (itzulezina) edo geziak (itzulgarria) jartzen dira erreakzioa zein noranzkoan doan adierazteko. Aldaketan ematen den energia aldaketa ere ager daiteke eta sustantzien egoera fisikoa baita, parentesi artean eta formularen ondoren: (g) gas (l) likido, (s) solido.
Adibidez:
2HgO (s) --> 2Hg (l) + O2 (g)
Merkurio monoxidoa deskonposatu egiten da, merkurio metala eta oxigeno gasa lortuz.
CaCO3 (s) --> CaO (s) + CO2 (g)
Kaltzio karbonatoa berotzean kaltzio oxidoan eta karbono dioxidoan transformatzen da.
N2 (g) + 3H2 (g) --> 2NH3 (g)
Nitrogeno gasa eta hidrogeno gasa erreakzionatu egiten dute amonioako gasa lortuz.
Lavoisierren legearen ondorioz (masaren kontserbazioaren legea), erreakzio kimiko guztietan elementu bakoitzeko atomo kopuru berberak agertu behar du erreaktiboen aldean eta produktuenean. Beraz, ekuazio kimikoak doitu edo orekatu egin behar dira erreaktibo edota produktu bakoitzaren formularen aurrean zenbakiak jarriz. Zenbaki horiek erreakzioan parte hartzen duten molekula edo atomo kopurua adierazten dute eta koefiziente estekiometrikoak deritze.
Ekuazio kimiko bat doitzeko:
Lehenengo metalen atomoak doitu behar dira, eta astunei lehentasuna eman behar zaie.
Jarraian ez metalak doitu behar dira; kasu honetan ere, astunenei eman behar zaie lehentasuna.
Beharrezkoa izanez gero, metalak doitu behar dira berriro.
Doitzea berrikusi behar da ekuazio horretako hidrogeno eta oxigeno atomoak zenbatuz.
Ekuazio kimikoak. Kontzeptua, doitzea eta motak hiru.eu
Aldaketa kimikoak Hutsuneak bete Gurutzegrama
Jakin beharreko aldaketa kimikoak
Tema 1 Reacciones químicas
Tema 2 Cálculos en las reacciones químicas
Las reacciones químicas cnice.mec.es
Transformaciones químicas recursostic.educacion.es
Ekuazio kimikoen doiketa educaplay.com
Ajuste de reacciones educaplus.org
Reacciones químicas: ajuste de reacciones catedu.es
Reacciones químicas: ajuste de reacciones iesalandalus.com
ANIMAZIOA Balanceo de Ecuaciones Químicas Balancing Chemical Equations
ANIMAZIOA Reactivos, productos y sobrantes