1.3.2. Zergatik gertatzen da inflazioa?

Badakigu inflazioa prezioak orokorrean garestitzea dela. Baina zergatik gertatzen da? Inflazioa gertatzeko arrazoiak hauek dira:

  • Ekoizpen-kostuak. Enpresek, ondasunak fabrikatzeko, ekoizpen-faktoreak behar dituzte. Haiek erabiltzeagatik kostuak ordaindu behar dituzte. Kostu horiek handitzen badira, ekoizpen-kostua ere handiagoa izango da. Etekin-marjina mantendu nahi badute, igo egin beharko da salmenta-prezioa.
  • Eskari-inflazioa. Batzuetan, dena delako faktore batek eraginda, handitu egiten da ondasun baten eskaria. Enpresek ezin badute eskaintza handitu neurri berean, aldi baterako gehiegizko eskaria (hau da, ondasun horren eskasia) sortuko da. Ondorioz, ondasun horren prezioak gora egingo du, harik eta eskaria eta eskaintza berriro orekatu arte.
  • Zergak. Kontsumitzaileok ondasun bat erosteko, haren salmenta-prezioa ordaindu behar dugu. Salmenta-prezioaren barruan, zeharkako zergak ere txertatzen dira, hala nola BEZa eta beste zerga berezi batzuk. Estatuak zerga horien ezarpen-maila igotzea erabakitzen badu, garestiago ordaindu behar ditugu kontsumitzaileok ondasunak.

Aurrekoa (1.3.1. Nola kalkulatu inflazioa) Hurrengoa (1.3.3. Inflazioaren ondorioak)

Gora (1.3. Inflazioa)