1.1.2. Zelan erabili BPGa?

BPGa kalkulatzeko hiru metodo daude. Aurreko atalean azaldu dugunez, herrialde bateko ekoizpenaren balioa errenta moduan banatzen da herritarren artean. BPGak balioa bera izango du, beraz, ekoizpenaren metodoa zein errentaren metodoa erabiliz kalkulatzen badugu.

  • Ekoizpenaren metodoa: BPG = BEa + BEb + ... + BEn . BE balio erantsia da. Metodo honetan herrialde bateko enpresa guztien balio erantsia batzen da.
  • Errentaren metodoa: BPG = Soldatak + Alokairuak + Interesak + Enpresa-etekinak.

Baina bada hirugarren metodo bat ere. Metodo honen bidez, enpresek ekoitzitakoaren demandaren arabera kalkulatzen da BPGa. Hau da, eragile ekonomikoek (familiak, enpresak eta sektore publikoa) zenbat gastatu duten batuz lortuko genuke ekoizpenaren balioa. Gainera, kanpoko sektorearen datuak hartu behar ditugu kontuan.

  • Gastuaren metodoa: BPG = Kontsumoa + Inbertsioa + Gastu publikoa + XN

(XN = esportazioak - inportazioak)

Balioaren osagairik garrantzitsuena kontsumoa da: horrexi dagokio BPGaren ia % 60. Horregatik, Euriborra % 2tik % 5,3ra igo zenean (2005-2008), kontsumoa jaitsi izanak eragin zuen BPGak behea jotzea.

Taula honetan, hainbat urtetako BPGaren eta bere osagaien balioak agertzen dira. Azpimarratzekoa da urte horietan zehar izandako gorakada, batez ere kontsumoarena eta, ondorioz, BPGarena.

Datuak eurotan adierazita.

Beste taula honetan ere, BPGa eta bere osagaiak ditugu, baina ehunekotan adierazi ditugu datuak kasu honetan. Horrela, bitxia da konprobatzea kontsumoa BPGaren % 60 inguru dela: berdin dio BPGa zenbatekoa den. Beste alderdi bat ere aipa dezakegu: gastu publikoaren igoera 1995etik 2005era.