1.2.4.4. EB (27), AEB, Japonia

Azken grafiko honen helburua da Europar Batasuneko langabezia-tasa Estatu Batuetako eta Japoniako tasekin konparatzea. Interesgarria da, batez ere, azken urteotan zer gertatu den aztertzea.

2007an eta 2008an, krisialdia izan zen guztietan, baina, hortik aurrera, Estatu Batuetan eta Japonian langabezia-tasa jaisten hasi den bitartean, Europar Batasunekoak gora egin du.

Ba al dago arrazoiren bat horretarako? Estatu Batuetako eta Japoniako banku zentralak etengabe ari dira euren herrialdeetako ekonomiari laguntzen, ekonomia-sistemetan dirua sartuz. Horrela, krisialditik ateratzen lagunduko lukete.

Europako Banku Zentralaren lehentasuna inflazioa kontrolatzea da, eta prest dago helburu horretarako behar den guztia egiteko. Zelan kontrola daiteke da inflazioa? Bada, interes-tasak maila altu batean mantenduz eta zirkulazioan dagoen dirua kontrolatuz. Horrek, jakina, ez dio laguntzen errekuperazioari.