1.1.3. BPGa eta lan-merkatua

Badakigu lana ekoizpen-faktore bat dela: enpresek langileak behar dituzte produktuak fabrikatzeko. Beraz, BPGa handiagoa baldin bada –hau da, gehiago fabrikatu behar badute enpresek–, langile gehiago beharko dituzte. Horrela, langabetuen kopurua eta langabezia-tasa murriztu egingo dira. Aldiz, BPGa murrizten denean, enpresek langile gutxiago beharko dituzte, eta langabezia-tasak gora egingo du.

Grafikoan, BPGaren eta langabezia-tasaren arteko alderantzizko erlazioa ikusten dugu. Bi alderdi dira aipagarri:

  • 2001etik 2007ra, nahiz eta BPGaren aldakuntza-tasa handia izan, langabezia-tasa ez zen % 8tik jaitsi. Maila hori gutxi gorabehera 1.800.000 langabeturi zegokion. Oso altua da Europako beste herrialde batzuen tasekin konparatuta.
  • 2007tik aurrera, BPGaren aldakuntza-tasa jaisten denean negatiboa izan arte, erritmo bizian galtzen dira enpleguak. 2008ari begiratzen badiogu, urte horretan era lanpostu asko galdu ziren aldakuntza-tasa positiboa izan bazen ere. Aditu askoren ustez, Espainiaren BPGaren aldakuntza-tasa % 2koa izan behar da, gutxienez, enplegua sortzeko.