1.2.1 Biztanleria: langabezia-tasa eta jarduera-tasa

Jarduera-tasa eta langabezia-tasa aztertu baino lehen, biztanleriari buruzko kontzeptu batzuk azalduko ditugu.

Lehenik eta behin, ikusiko dugu zer den biztanleria aktiboa eta biztanleria ez-aktiboa:

Biztanleria aktiboa: lan egiteko adina –16 urtetik 65 urte arte, gutxi gorabehera–, gaitasuna eta nahia duten pertsonek osatzen dute.

Talde honetan, bi azpitalde daude:

  • langileak: lanean ari diren pertsonak
  • langabeak: adina, gaitasuna eta nahia izan arren lanik egiten ez dutenak.

Bitxia da konprobatzea emakumezko eta gizonezko langabeen kopuruen eboluzioa.

2004 eta 2008 artean alde handia egon zen sexuen artean, eraikuntzan diharduten langile gehienak gizonak baitira. 2008tik aurrera, sektore horretan lanpostu asko galdu dira (gehienak, gizonak), eta murriztu egiten da aldea, parekoak izan arte.

Biztanleria ez-aktiboa: aurreko taldean sartzeko beharrezkoa den ezaugarrietako bat edo gehiago falta duten pertsonek osatzen dute talde hau. Beraz, talde horren barruan agertuko dira ikasleak ‒ez badute lanik egiten‒, erretiratuak, ezinduak eta etxeko andreak/gizonak, besteak beste.

Aurrekoa kontuan hartuta, orain jarduera-tasa eta langabezia-tasa definituko ditugu:

  • Jarduera-tasa: biztanleen ehuneko zenbatek betetzen dituzten lan egiteko ezaugarriak.

Jarduera-tasa = (AKTIBOAK / BIZT. OSOA) * 100

  • Langabezia-tasa: lan egin nahi dutenen ehuneko zenbatek ez duten lanik egiten.

Langabezia-tasa = (LANGABETUAK / AKTIBOAK) * 100