Langabeen kopurua ezagutzen dugunean, datua besterik ez dugu entzungo edo irakurriko. Baina lanik gabe geratu diren pertsonen artean lanik gabe gelditzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Arrazoi horien arabera, mota batekoa edo beste batekoa da langabezia. Horrela, honako mota hauek desberdinduko ditugu:
Langabezia ziklikoa: Ekonomiaren zikloekin lotuta dago. Ekonomia krisialdian dagoenean, langabeen kopurua hasi eta hasi dago; egoera ona denean, aldiz, jaitsi eta jaitsi.
Urtaroen araberako langabezia: Ekonomia-sektore batzuetako langileen kopurua ez da egonkorra urtean zehar. Hil jakin batzuetan langile asko behar izaten dira, eta, hil jakin horietatik aparte, aldiz, askoz gutxiago. Halaxe gertatzen da turismoaren arloan, neguko jardueren inguruan ‒eskia eta beste batzuk‒, turroigintzan... Normalean, jarduera horiek ez dute eragin handirik guztirako langabeen kopuruan, baina, adibidez, turismoaren eragina oso nabarmena da Espainiaren langabezia-tasan. Uda aldean, turismoari esker, langabeen kopurua jaitsi egiten da, eta, uda amaitutakoan, ordea, lanik gabe geratzen dira turismoan jardun duten pertsona asko.
Egiturazko langabezia: Batzuetan, enpresak langileak kontratatzeko prest agertzen dira, eta lanik ez duten asko lan egiteko prest egoten dira . Horrela bada, zein da arazoa? Bada, enpresek kualifikazio-maila jakin bat eskatzen dietela langilegaiei, eta haien kualifikazio-maila ez dela enpresek eskatzen dutena. Horixe da egiturazko langabezia.
Langabezia frikzionala: Talde honen barruan borondatez lanik egiten ez duten pertsonak daude (formazioa hobetu nahi dutelako, adibidez); baita lehenengo lanaren bila dabiltzanak ere.
Kontu horiei buruzko ariketa praktiko bat egiteko aukera daukagu.