2.4. Autoen ekoizpena eta matrikulazioa

Herrialde batean ekonomiaren egoera ona denean, herritarren errenta-maila handia izaten da, eta, horrela gertatzen denean, auto gehiago saltzen dira. Krisialdietan, berriz, errenta-maila murriztu egiten da, eta ez da lehentasuna izaten autoak erostea, inondik inora ere. Beraz, autoen salmentak jaitsi egiten dira, eta enpresek, salmenta-maila txikiago horri egokitzeko, bere ekoizpena murriztuko dute. Horrela, lanpostu zuzen eta zeharkako asko galduko dira.

Grafiko honetan, Espainiako auto-sektorearen datuak ditugu: alde batetik, auto berrien matrikulazioa, eta, beste alde batetik, autoen ekoizpen-maila. Kontuan hartu behar dugu Espainia auto-esportatzailea dela (bertan saltzen direnak baino gehiago ekoizten da).

Ikusten dugunez, argi dago Espainian krisia gertatu dela (matrikulazioen maila duela ia 20 urtekoa baino txikiagoa da), baita Europan ere (autoen ekoizpenean nabarmentzen da).