Grafiko honetan, AEBren eta Japoniaren egoerekin konparatuko dugu Europaren egoera. Europako egoera aztertzeko, EB (27)-ren eta Eurogunearen datuak bereiziko ditugu.
Ikusten dugunez, EB (27)-ren eta Eurogunearen egoerak ia-ia berdinak dira. Ez du ematen euroa erabiltzeak abantaila izan denik kasu honetan.
Beste herrialdeekin konparatzean, antzeko eboluzioa ikus dezakegu urteetan zehar: egoera ona, 2007 arte; krisialdia, 2008an eta 2009an; hobekuntza, 2010ean; eta, berriz ere, okerrera 2011n. Baina aipatzekoa da Japoniaren eboluzioak gorabehera handiagoak dituela joera orokor horretan.
Aipatu behar dugu, halaber, 2012an Europan aldakuntza-tasa negatiboa izan zela, AEBetan eta Japonian gertatu den kontrakoa. Herrialde horietan, badirudi urte horretan hasi zela errekuperazioa. Horren arrazoia, aditu batzuen arabera, zera da: AEBetako eta Japoniako banku zentralek neurri sendoak hartu zituzten krisialditik ateratzen laguntzeko; Europako banku zentrala, aldiz, beldurti agertu zen inflazioarekin, eta, hori zela eta, ez zuen hartu krisialditik ateratzen laguntzeko neurri nabarmenik.