Lehendabizi, kontuan hartu behar dugu zer ondasunen prezioak aztertuko ditugun. Milioka ondasun daude, baina normalean erosten ditugun ondasunen eta zerbitzuen prezioak dira interesgarrienak guretzat.
Horrela, inflazioa neurtzeko, Kontsumo-Prezioen Indizea erabiliko dugu. Inflazioa KPIaren aldakuntza-tasa da. Formula honen bitartez kalkulatzen da:
INFLAZIOAt = [(KPIt – KPIt-1) / KPIt-1] * 100
Formula honetan, t aldi jakin bat da, eta t-1, aurreko aldia.
KPIa kalkulatzea ez da erreza. Kontsumo-ondasunak hainbat taldetan sailkatzen dira, kontsumitzaileek erostean hartzen dituzten erabakien arabera. Ondasun-talde bakoitzak pisu bat izango du besteen aldean, pertsonek ondasun-multzo bakoitzean zenbat gastatzen duten begiratuta. Horrela, ondasun-talde bakoitzaren pisuaren arabera eta haien prezioen arabera kalkulatzen da aldaketa horien batez besteko indizea. Horixe da, hain zuzen ere, Kontsumo-Prezioen Indizea.