Oraingoan, Espainiako langabezia-tasa konparatuko dugu Europako herrialde nagusien tasekin. Horrela, nabarmen ikusten dugu Espainiak duen arazorik larriena.
Espainiako langabezia-tasaren maila oso altua zen 90eko hamarkadaren hasierako urteetan: beste herrialdeetakoa baino askoz altuagoa. Baina, hurrengo urteetan, oso jaitsiera nabarmena gertatu zen Espainian, besteetan egonkor mantentzen zen bitartean. Hori azaltzeko, etxebizitzen salmentetan izandako igoera aztertu beharko genuke.
Jaitsiera 1993tik 2006ra arte iraun zuen, 2001ean eta 2002an izan ezik. Urte haietan, krisialdi labur bat gertatu zen, baina, hura gainditu ondoren, langabezia-tasa % 8,3ra heldu zen: Espainian egundo izan den txikiena, eta Alemaniakoa eta Frantziakoa baino hobea.
Zoritxarrez, etxegintzaren eragin mesedegarria kaltegarri bilakatu zen 2007az geroztik. Espainian, etxebizitzen salmenta zeharo gelditu zen. Horren ondorioz, pertsona askok lana galdu zuten; barne-kontsumoak behea jo zuen; eta lanpostu ugari suntsitu ziren beste sektore askotan ere. 2007tik 2012ra Espainiako langabezia-tasa izugarri handitu zen, etengabe. 2007an, igo egin zen beste herrialdeetan ere, baina, harrezkero, egonkor mantentzea edo, Alemaniaren kasuan, jaistea ere lortu zuten.