Barne Produktu Gordina izan daiteke, agian, adierazlerik nagusiena herrialde baten egoera ekonomikoa aztertzeko orduan. Behin eta berriz izaten dugu aukera komunikabideetan horren berri entzun eta irakurtzeko. Baina zer da BPGa? Honela definitu dezakegu: herrialde batean eta epe jakin batean ekoitzitako amaierako ondasun eta zerbitzuen balioa. Zenbait kontzeptu garrantzitsuak dira definizio honetan:
* herrialde batean: hau da, kontuan hartuko dugu non ekoitzi diren ondasunak eta zerbitzuak.
* ... epe jakin batean: beraz, denbora tarte jakin bat markatu behar dugu kalkulua egiteko. Normalean, urtebete izango da, baina posible da, halaber, beste tarte bat hartzea kontuan.
* ... ekoitzitako: bigarren eskuko ondasunen balioa ez da kontuan hartuko, aurreko epe batean egin genuen kalkuluan txertatuta izan behar genukeelako.
* ... amaierako ondasun eta zerbitzuak: bitarteko ondasun eta zerbitzuen balioa ez dugu kontuan hartuko, haien balioa amaierakoetan agertzen baita; bestela, kantitate batzuk behin baino gehiagotan gehituko genituzke.