2.3. Etxebizitza askeen salerosketen batez besteko balioa

Zaila da, etxebizitza bat erosten dugunean, ordaindu beharreko prezioa finkatzea. Horren araberakoa izango da, beharrezkoa badugu, maileguaren zenbatekoa. Taula honetan, 2004tik 2012ra salerositako etxebizitzen batez besteko prezioa ageri da:

Hasierako urteetan, gorakorra izan da balio hau. Gero, krisialdiaren ondorioz, jaisten hasi zen, hasieran oso motel izan bazen ere. Benetako jaitsiera 2010tik aurrera gertatu da.

Datu horiek eta Euriborraren maila erabiltzen ditugu kalkulatzeko zenbat den batez besteko mailegu baten hileroko ordainketa. Horretarako, jakin behar dugu normalean kuota konstanteko metodoa erabiltzen dela (sistema frantsesa), eta Euriborrari alde bat gehitu behar diogula. Guk alde hori % 0,5ean ezarriko dugu adibideetan.

Kalkuluak egiteko, Interneten dauden web-orri batzuk erabili ahal ditugu. Adibidez, Laboral Kutxaren web-orrian hauxe aurkitu dugu. Datuak sartu behar ditugu (zenbatekoa, epea eta interes-tasa), eta onartu botoian sakatu.

Horrela, 2003 eta 2005 urteen bitartean pertsona batek 200.000 € eskatu bazuen, 30 urtera eta % 2,7 inguruko interes-tasan (Euriborra + aldea, gutxi gorabehera), hilero 800 € inguru ordaindu behar zituen. Baina horrelako maileguetan, interes-tasa aldakorra da, urtez urte. Hori dela eta, 2008an pertsona horrek 1.200 € inguru ordaindu behar zituen, Euriborraren igoerak eranginda.

400 € gehiago horiek maileguaren interesa ordaintzeko erabiltzen ziren. Urte batean, 4.800 € gehiago. Argi dago pertsona horrek kontsumoa murriztu behar duela, nahitaez. Kontuan hartzen badugu arazo bera pertsona askok izan zutela, horrela ulertu ahal dugu Espainiako barne-kontsumoan 2007-2008an izandako beherakada.