Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuaren printzipioak hizkuntzei dagokienez

Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan oinarrituta helburu espezifikoak ezarri beharko dira, ikastetxearen hizkuntzei dagozkionak, alegia. IHPko batzordeak idatzi beharko ditu helburu horiek. Komeni da helburu horiek asko ez izatea eta oso handinahiak ez izatea; lortzeko modukoak izan behar dute eta ikastetxearen errealitatearekin bat egin behar dute. Helburuak ezarri eta gero, klaustroko kideei pasatuko zaizkie, berrikus ditzaten, aldaketak egin ditzaten eta Hezkuntza Komunitateko kide guztien artean adostasunera ailega daitezen, araudia kontuan izanik.

Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza proiektua prestatzeko gidak atal hau idazten laguntzen ahal duten 4 urrats proposatzen ditu:

  • 1. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuko helburuen artean hizkuntzei dagozkienak hautatzea. Helburu horietan oinarrituta Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren helburu orokorrak idaztea.
  • 2. Ikastetxean lehentasuna duten jarduera alorrak aztertu eta IHParen helburu espezifikoak idaztea.
  • 3. Ikastetxearen ibilbidearen eta egoeraren arabera beharrezkotzat eta egokitzat jotzen bada, beste helburu batzuk proposatzea.
  • 4. Helburuak Hezkuntza proiektuko edukiarekin eta araudiarekin koherenteak diren berrikustea.