Egiteko eperako ezarritako plana

Planteatutako helburuak lortzeko finkatutako epean (4 urte) eginen den jarduketa multzoa jasotzen du planak, bai eta denboran nola banatzen diren eta haien arduradunak ere.

Plan estrategikoa hainbat modutara planteatzen ahal da. Helburuak eta jarduera esparrua jaso eta ikastetxeko eragile guztiek onartu eta gero, Hizkuntza Proiektuko Batzordeak aldez aurretik egindako diseinu batekin hasten ahal da; hori ondoren berrikusi, aberastu eta hezkuntza komunitateko gainerako kideek onartuko dute. Era berean, aldez aurretik lan egiten ahal da zikloka edo departamenduka eta Plan estrategikoaren lehen zirriborroa osatu; ondoren diseinu hori ikastetxeko eragile guztiek berrikusi eta adostuko dute.

Aintzat hartu behar diren zenbait kontu:

• Helburu espezifikoak neurgarriak, behagarriak eta lortzeko modukoak izanen dira. Modu zehatzean formulatuko dira, ekintza aditzak erabiliz eta ulertu eta ikasi bezalako aditzak saihestuz, neurtzen zailak direlako.

• Zeregin edo jarduera bakoitzerako helburu bat definituko da, nahiz eta bat etortzen ahal den ekintza bereko beste zeregin batzuekin.

• Pertsona baten edo gizatalde baten erantzukizuna izaten ahal da zeregina bera edo horren koordinazioa.

• Arduradunak berrikusiko du jardueraren garapena eta txertaketa, ezarritako epeak betetzen diren, planifikatutako baliabideak lortu edo praktikan jarri diren eta abar.

• Jarduera bakoitzak iraun behar duena zehaztu eginen da eta horrek jardueraren hasiera, bukaera eta aldizkakotasuna markatuko ditu.

• Ikastetxeak eskuragarri dituen baliabideak planteatu behar dira lehentasunez eta horiek hautatutako helburua erdiestera bideratuta egonen dira. Garrantzitsua da baliabide bakoitza zehaztea eta modu abstraktuan ez formulatzea.

• Adierazleek lorpena edo jarraipena adierazten ahal dute. Modu zehatzean formulatuko dira, ekintza aditzak erabiliz eta ulertu eta ikasi bezalako aditzak saihestuz, neurtzen zailak direlako.

• Lorpen adierazleak ekintza bakoitzaren azken helburuaren erdiespenarekin daude lotuta eta lortu nahi den azken mugarria markatzen dute.

• Jarraipen adierazleak prozesuarekin lotutakoak dira (bilerak egin dira, galdeketak bildu dira...) eta zeregina planifikatu bezala betetzen ari den ikusteko balio dute.

• Onespen mailak adierazlearen gutxieneko betetze maila adierazi behar du. Adibidez, “ahozko hizkuntzarekin lotutako bi ebaluazio adierazle lantzea” baldin bada lorpen adierazlea, onespen maila hau izaten ahal da: “arloen bi ziklotan edo bostetan lortuko da gutxienez”.

IHP prestatzeko gida. Eusko Jaurlaritza.