Proiektu hau Heziberri 2020 Planaren barruan kokatu dut (BATXILERGOKO CURRICULUMA -127/2016eko Dekretuaren II. Eranskina osatzen duen curriculum orientatzailea).
Bestalde, konpetentzia digitala definitzeko orduan, Europako DIGCOMPek[1] helburu hau aipatzen du: «Teknologia digitala sormenez, zuhurtziaz, eraginkortasunez eta segurtasunez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, eta gizarteratzeko eta gizartean parte hartzeko. Eta konpetentzia-arlo hauetako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak biltzen ditu: informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta problemak ebaztea».
Zer oinarrizko zehar-konpetentzia landuko ditugu?
Oinarrizko zehar-konpetentzia hauek izango dira kontuan:
- Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia. Dudarik gabe, ikasleak komunikazio-eremuan murgilduko dira. Alde batetik, gaia landutakoan zertaz jabetu diren eta zer ikasi duten adierazi beharko dute, eta, bestetik, lankidetzan aritu beharko dute ikaskideekin. Horrez gain, konpetentzia digitala modu erakargarrian, kritikoan eta seguruan landuko dute, haien artean sortu beharreko proiektuan lan egin bitartean.
- Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia. Proiektu honetan garatutakoa antzeko testuinguruetara erraz moldatzeko gai izango dira. Arazo-kasuak planteatu, eta ikasleek autonomiaz pentsatu eta arazoa ebazteko biderik egokiena zein den erabakiko dute.
- Elkarbizitzarako konpetentzia. Elkarrekin lanean aritzeko, bai talde handian, bai txikian, ikasleek ardurak eta betebeharrak banatuko dituzte, eta, hortaz, gai izango dira eztabaida eta trukerako testuinguruak sortzeko, norberaren iritziak azaltzeko eta besteenak entzun eta errespetatzeko.
- Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia. Haien eginkizuna sortutako ideiak martxan jartzea izango da: ariketak egoera errealetan oinarrituko dituzte; proiektuen atalak abiapuntu hartuta, osotasuneko helburu orokorra lortzen saiatuko dira, besteak beste.
- Norbera izaten ikasteko konpetentzia: Lanari aurre egiten ikaskideekin batera jarduteak ikaslearen autonomia eta autoestimua garatzen laguntzen du, norberaren autorrealizaziorako bidean.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak arloko helburuak hartuko dira kontuan:
- Aplikazio-programak diseinatu eta soluzioak garatzea, programazio-inguruneak erabiliz, garrantzia izan baduten problemei irtenbidea emateko.
- Eduki digitalak argitaratzeko web-inguruneak garatu eta diseinatzea, informazioa argitaratzean eskuragarritasun-estandarrak aplikatuz, elkarrekintzarako aukera ematen duten bitartekoak erabiliz eta multimedia-elementuak sartzea errazten duten formatuak erabiliz, produktuak edo zerbitzuak komunikatzeko.
- Parte aktiboa izatea, eta lankidetzako aplikazioak erabiltzea Interneten, sare sozial birtualetan, informazio-igortzaile eta -hartzaile moduan, ekimen komunak sustatzeko. Lan horretan, errespetuz eta elkarlanean jardungo du, produktu kolektiboak sortu ahal izan daitezen.
- HTMLren etiketa-eredua ezagutzea.
- Web-orri batek oinarrian zer egitura duen jakitea.
- Web-orriak sortzeko gai izatea, testu-editore bakunekin eta testu-editore konplexuagoekin.
- Webgunea sortzeko proiektua egiteko gai izatea.
- Agindutako betebeharretan, errespetuz eta lankidetzan aritzea.
Proiektu honetan garatuko diren edukiak honako multzo hauetan oinarrituta daude:
1. MULTZOA. Eduki komunak: ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.
- Informazioa identifikatzea, lortzea, gordetzea, berreskuratzea eta konpartitzea, bai ingurune analogikoetan, bai ingurune digitaletan.
- Informazio-iturrien eta informazioaren beraren egokitasuna ebaluatzea.
- Ideiak, zereginak eta proiektuak planifikatzea, eta haien bideragarritasuna aztertzea.
- Egindako plangintza betetzea eta, beharrezkoa baldin bada, hura doitzea.
- Plangintzaren eta egindako lanen ebaluazioa egitea eta hobekuntza-proposamenak lantzea.
- Pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzea (enpatia, entzute aktiboa eta asertibitatea).
- Taldean ikasteko lanetan laguntzea eta elkarlanean aritzea, bai benetako inguruneetan, bai ingurune birtualetan. Erantzukizunak hartzea eta aniztasunaren balioa aintzat hartzea.
- Norberaren hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala erregulatzea.
2. MULTZOA. Edukiak argitaratu eta zabaltzea.
- Web-inguruneak sortzea, estekak, irudiak, grafikoak, soinua, bideoa eta web 2.0 aplikazioak txertatuta.
- Argitaratze-estandarrak eta irisgarritasuna aintzat hartzen duten web-inguruneak sortzea.
- Dagozkion lizentziak eta egile-eskubideak erabiltzea, edukiak berregiteko eta trukatzeko.
- Jarrera kritikoa, segurua eta proaktiboa izatea sare sozialetan baliabideak, edukiak eta ezagutza trukatzean.
- HTMLko ariketa eta proiektuetan erabilitako informazioa, modu kritikoan kudeatzea eta ikaskideekin trukatzea, ingurune digitalean.
- Betebeharrak planifikatzea eta eraginkor jardutea.
- Ikastean eta betebeharrak egitean, elkarlanean eta arduratsu aritzea.
- Betiere ikuspuntu inklusibotik, arazo-kasuak eta bestelako ariketak ebazteko, webgunea edo web-orriak sortzea, behar dituen baliabide digitalekin: estekak, irudiak, soinuak, bideoak…
- Lizentzia eta egile-eskubideen garrantzia ulertzea eta errespetatzea, egindako lanean eta gerokoetan.
- Sare sozialetan baliabideak, edukiak eta ezagutza trukatzean, arduratsu jokatzea.
Ebaluazio-irizpide nagusiak eta lorpen-adierazleak
Heziberrin oinarrituta, ebaluazio-irizpide orokorrak honako hauek dira:
- Aplikazio-programak egitea, programazio-lengoaia jakin bat erabilita, benetako problema bati konponbidea emateko.
Lorpen-adierazlea:
- Benetako problemak eta programatu daitezkeen soluzioak identifikatzen ditu.
2. Webean edukiak egin eta argitaratzea, testu-informazioa, zenbakizkoa, soinua eta informazio grafikoa egoki sartuta eta norentzat den eta zer helburu lortu nahi diren kontuan hartuta.
Lorpen-adierazleak:
- Web-orri baten proiektua aztertu eta deskribatzen du, edukiak zabaldu eta konpartitzeko behar jakin bati erantzuten dion bat, hain zuzen ere.
- Software egokia aukeratzen du, beharrezkoa den web-ingurunea diseinatzeko eta ezartzeko.
- Helbururako egokiak diren diseinu grafikoko elementuak aukeratzen ditu.
- Web-orriak diseinatzean, argitalpen-protokoloei jarraitzen die, estandar egokiak erabiltzen ditu eta jabetza intelektualeko eskubideak errespetatzen ditu.
- Testuak, grafikoak eta multimedia txertatzen eta antolatzen du egitura hipertestualetan.
- Plataforma anitzeko informazioa eskura jartzen diguten materialak egiten ditu weberako.
- Multimedia-edukiak banatzeko kanalak erabiltzen ditu, norberaren materialak ostatatzeko eta beste ekoizpen batzuekin estekatzeko.
- Trukeak egiten ditu, eta, halakoetan, jabetza intelektuala errespetatzen du.
- Inplementatutako soluzioak modu kritikoan aztertzen eta ebaluatzen ditu, eta hobetzeko proposamenak egiten ditu.
[1] DIGCOMP esparru europarra eta Mapa de competencias digitales perfil de salida (Heziberri)