Internet elkarri konektatuak dauden ordenagailuen sare bat da. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: posta elektronikoa, txat-zerbitzua edo web-sarea, besteak beste. Sarean zerbitzuak ematen dituzten ordenagailuak zerbitzariak dira, eta erabiltzaileek zer eskatu zain egoten dira, haien aginduak ahalik eta lasterren bideratzeko prest.
Zerbitzu horiek emateko, jakina, era askotako zerbitzariak aritzen dira lanean. Horri esker, erabiltzailearen ordenagailuan hainbat jarduera egin daitezke; adibidez: posta elektronikoa baliatzea, elkarrizketak linean egitea, fitxategiak trukatzea, web orrietan nabigatzea…
Beste zerbitzari batzuek Interneten sartzea ahalbidetzen dute: Interneteko sarbide-hornitzaileak. Edozein erabiltzaile routerrarekin sarbide-hornitzaileen bitartez konekta daiteke Internetera; are gehiago, konexioak dirauen bitartean, munduan zehar zabaldurik dauden hainbat zerbitzaritan sar daiteke, eta haien zerbitzuen zain egon.
Interneteko edozein zerbitzu eskatuz gero, ordenagailua zerbitzariaren “bezero” bihurtzen da. Zerbitzuak izateko, berriz, programak behar dira, eta nabigatzaileak, zerbitzu bat edo beste izateko zer programa erabili erabakitzeko. Esate baterako: posta elektronikoa izateko, Outlook programa erabili behar da; webera sartzeko, Internet Explorer, Google Chrome edo beste bilatzaile bat; lineako elkarrizketak egiteko, Skyp… Programa horiek guztiak bezero izena hartzen dute Internet zerbitzariarekin trukean dabiltzalako.
WWW (weba edo mundu zabaleko amarauna) Interneteko beste zerbitzu bat da
Oro har, Internet hainbat zerbitzuk osatzen duten sistema da, eta weba, berriz, haietako bat. Seguruenik, weba da ezagunena, iragarkietan, aldizkarietan eta beste hainbat eremutan produktuak webguneetan eskaintzen direlako, Interneteko zerbitzu bakarra balitz bezala. Baina argi geratu behar da weba beste zerbitzu bat baino ez dela; azken finean, esteken bitartez konektatutako orrialdeen multzoa da, webean zehar nabigatzeko eta informazioa erraz aurkitzeko aukera ematen diguna.
Bestalde, estekadun orrialdeei hipertestua deritze, eta web orri batetik bestera nabigatzeko funtsezkoak dira. Webean, testuak eta estekak ez ezik, irudiak, bideoak, soinuak eta halakoak ere badira. Hortaz, Interneten, baliabideen aukera zabala da. Horrek hipertestu kontzeptutik hipermedia kontzeptura salto egitea ekarri du; zalantzarik gabe, bertan agertzen diren multimedia-baliabideek eragin dute horretan.
Adibidez, Guggenheim Bilbao Museoaren URLa (https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/) aztertuz gero: