Gure nabigatzailean Interneteko webgune bat ikusiz gero, orri bakar bat dela esango genuke. Alabaina, hainbat orrialdez eta fitxategiz osatuta dago. Bertan daude irudiak, bideoak eta, garrantzitsuena, iturri-kodea: orrian dagoen guztia non eta nola kokatu behar izan den esan duen testua.
Nahiz eta elementu ugari izan, orriaren egitura erraz antolatzen da geroago aipatuko ditugun etiketen bidez. Beraz, Interneten gune berriak argitaratzeko, hipertestua edo hipermedia duten dokumentuak sortu behar dira, eta, amaitutakoan, webean zerbitzari izango diren ordenagailuetan jarri. Hori guztia segidako puntuetan ikusteko aukera izango dugu.
Web-orriaren kodea ikusteko, hau da, nola eginda dagoen jakiteko, iturburu-kodea aukeratu behar da, eskuineko botoiarekin saguan klik eginda.
Askotan, aukera bikaina da webak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzen ikasteko.
Web-orriak argitaratzeko, jarraibide batzuk kontuan izatea premiazkoa da. Hasteko, plangintza egin behar da; gero, web-orriak sortu, eta, azkenik, webgunea sortuta dagoenean, hura sustatu eta etengabe eguneratu.
Has gaitezen, beraz, webgunearen plangintza aztertzen.
Webgunea sortzeko, ideia egokia izatea da pausorik garrantzitsuena. Ondoren, hausnartu egin behar da ideiaren gainean, eta haren inguruko dokumentazioa bilatu. Informazioak landua, zehatza eta baliagarria izan behar du.
Ez ahaztu hautatutako gaiak interesa piztu behar duela, webgunea sustatzea eta, horrekin batera, gunea bera arrakastatsua izatea nahi badugu.
Webguneak egitura txukuna eta adierazgarria badu, irakurleak arreta eskainiko dio, interesa izango du, eta, horren ondorioz, errazago jarraituko du bertan, ez da aspertu eta gunetik aterako.
Kontuak kontu, ausardiaz, ideiak paperean idatzi behar dira, eta, ostean, diagrama eta zerrenden bitartez, helburua lortzeko zer ahalegin beharko den adieraztea komeni da.
Hori dela eta, kontuan izatekoak dira, bai gunearen egitura, bai bertan jarriko diren edukiak; esaterako, sekzioak, nabigazioa, orrien itxura…
Puntuz puntu aztertuko ditugu esandakoak.
Orriak itxurosoak izan daitezen, izan kontuan honako aholku hauek:
Hitz gutxitan esateko, plangintza egiteak hainbat lan aurrezten du, bai webgune eraginkor eta erakargarri bat sortzeko, bai alferrikako ahaleginak ekiditeko.
HTML lengoaiarekin, edozein testu-prozesadore erabil daiteke, programa berezi barik. Beraz, edozein ordenagailuk, edozein sistema-eragiletan, HTML kodea sor dezake; kasu, Microsoft Windowsek oharrak egiteko duen gehigarria: ohar-bloka.
Kodea idatzi eta gero, fitxategia gorde behar dugu, “.html” luzapenarekin. SARRERA.html, sarrera.html, index.html… fitxategien izenak onargarriak dira. Orokorrean, izenekin arazorik izan nahi ez badugu, letra xehez eta karaktere berezirik gabe (&, $, /,”,!...) idaztea komeni da. Orrien izenak sortzeko erabiltzen dugun eskema ere zaindu egin behar da; une bakoitzean, egileak erabili behar dituen web-orriak erraz aurki ditzan.
Badaude beste hainbat erreminta web-orriak erraz programatzeko aukera ematen dutenak. Erreminta horiek automatikoki sortzen dute HTML kodea edozein elementu web-orrian jartzen denean.