HTML5, CSS eta JavaScript

Ikasgelan lan egiteko materiala

1. Sarrera

Zergatik proiektu hau?

Informatika-arloan euskarazko baliabide falta nabarmena delako, eta, horrezaz gain, teknologia-eremua etengabe aldatzen ari delako. Beraz, argi ikusten da Informatika jakintzagaiko ikasmaterialak maiz eguneratu behar ditugula.

Ikuspuntu hori abiapuntu hartuta, garrantzitsua iruditu zait informatika irakasteko gai erabilgarri bat jorratzea: HTML5, CSS eta JavaScript. Alde batetik, gure ikasleen curriculumari dagokiolako, eta, bestetik, baliabide egokiak izateak guztioi lana erraztu diezagukeela irizten diodalako

Norentzat?

Orokorrean, ikasmateriala irakasleentzat egin dut. Programazioaren arabera, haiek erabakiko dute zein mailatan erabili. Oro har, eta salbuespenak salbu, ikasmaterial hau Batxilergoan erabiltzeko pentsatuta dago.

Zer egin dut?

HTML, CSS eta JavaScript erabiltzen ikasteko materiala. Lanak atal hauek ditu:

  • Site bat, HTML, CSS eta JavaScript nola eta zertarako erabili ikasteko.
  • Eskuliburua (PDFn), Sitean dagoen informazio guztia erraz bilatzeko.
  • Powerpointa, irakasleak azalpenenetan erabiltzeko.
  • Powerpointeko azalpenei lotutako ariketak, classroom bidez ikasleei agintzeko.
  • HTML, CSS eta JavaScript lantzeko ariketak, PDFn.

Nola erabili?

Lehenik eta behin, aurkibidea irakurtzea komeni da; horrela, errazagoa egingo zaigu ikasturtean zehar zer noiz irakatsi erabakitzea.

Agertzen diren puntuak batu egin daitezke; saio bakoitzean, bi edo hiro puntu lantzea dago, adibidez. Kasu guztietan, irakasleak azaldu ondoren, ikasleek adibidea lantzea komeni da, ideiak ondo finkatzeko eta zalantzak argitzeko. Zalantzarik ez dutenean, beste pauso bat eman, eta ariketak egiten has daitezke. Puntu bakoitzean, bizpahiru ariketa agertuko dira, ikasleen ikasprozesuei egokituak. Hartara, ikasleak, saio batean egiteko lana amaitzen ez badu, beste saio batean amaitzeko aukera izango du, egun horretako gaia amaitu ondoren. Bost saio amaitutakoan, ikasle guztiek gaia ikasi dutela ziurtatzea komeni da, inor atzean geratu ez dadin.

Ebaluatzeko, bi alde hauek behatuko dira: ikasleak edukiak eta jarraitutako prozesua barneratu dituen eta eskatzen zaiona ahoz nahiz idatziz egoki aurkezten duen.