Web orriak ulertzeko, nabigatzaileek HTML (HyperText Markup Language) edo Hipertestua Markatzeko Lengoaia erabiltzen dute. Lengoaia hori etiketen bidez definitutako arauen multzo estandarra da, eta, horren bidez, web orrien edukiaren egitura zehazten da.
Gero ikusiko dugun moduan, etiketa bakoitzak “<” eta ”>” ikurra darama, beste edukietatik bereizteko.
HTML kodea Tim Berners-Leek sortu zuen 1991n, eta, 1999ra arte, hainbat aldaketa izan zituen, 4.01 bertsiora iritsi arte, betiere orduko Internet sareak zituen ezaugarriei egokituta. Lengoaia horrek irudiak, estekak eta formularioak zituen, eta, bertsio horretan, elementu horien etiketak zeuden. Gaur eguneko webak audioa, bideoa, grafiko interaktiboak, jokoak, offline edo lineaz kanpo lan egiteko aukerak eta antzekoak ditu. Aurreko bertsioarekin ezin ziren halakoak txertatu, Javascript eta AJAX moduko teknologiak ipini ezik. Hala ere, interakzio handia behar zenean, kanpoko pluginak erabili behar ziren: Flash, Silverlight, JavaFX, Google Gears...
Beraz, HTML 4.01 bertsioa zaharkituta geratu zenez, HTML5 garatu da, hark dituen gabeziak konpontzeko.
Lehen esan bezala, HTML lengoaia WWWaren oinarria da, eta Interneteko orri guztiek arau multzo hori darabilte, edozein web-nabigatzailek interpretatu, eta erabiltzaileari eskatutako informazioa erakusteko.
Hortaz, HTMLa ulertzeak, alde batetik, edukiak argitaratzen laguntzen digu, plataformen edota edukiak sortzeko erreminten mende egon gabe, eta, bestetik, hainbat orrialdetan nahi ditugun edukiak sartzea ahalbidetzen digu, argitaratzeko baimena izanez gero .
Argi dago Interneteko web orriak HTML etiketekin zehaztutako testu dokumentuak direla. Estandarraren azken bertsioak 20 urte baino gehiago ditu; webaren bilakaeran, W3C erakundeak (World Wide Web Consortium) XHTML formatuaren aldeko apustua egin zuen. Formatu hori XML arauekin bateragarria zen. 2.0 bertsioan aritu ziren lanean, eta, horrez gain, web semantikoa eta formatua definitzen. Horregatik, HTML5 bertsioa ez zen atera 2014ko urrira arte.
Web semantikoaren proposamena XHTML 2.0 bertsioaren hurrengo pausoa izateko sortu zen. Bertsio hori berria, zorrotza eta ez-bateragarria zen. Hortaz, HTML estandarraren jarraipena bultzatzeko, Apple, Mozilla Fundazioa, Opera eta Googleren hainbat partaidek WHATWG komunitatea (Web Hypertext Application Technology Working Group) sortu zuten 2004an, eta HTML5en lehen zirriborroa garatu zuten. Geroago, 2007an, W3C erakundeak ere horren beharra ikusi, eta, landutako proposamena abiapuntu hartuta, lantaldea sortu zuen.
Halatan, HTMLz gain, CSS estilo-orriak (Cascade Style Sheet) ditugu. Estilo-orri horiek orriaren formatua eta itxura hartzen dute kontuan. Haiekin, lerroen arteko espazioa, paragrafoen ertzak, testu-koloreak, letra mota… zehazten ditugu.
Lengoaia horiei, web orrien elkarreragina eta bizitasuna osatzen duten beste batzuk gehitu behar zaizkie; Javascript edo PHP (PHP Hypertext Preprocessor) lengoaiak, adibidez. Dokumentu honen 4. puntuan ikusiko ditugu.
Laburbilduz, arau horiek guztiak W3C erakundeak zaintzen ditu. Era berean, webak zer bide egingo duen erabakitzen du, enpresek eta erabiltzaileek ildo beretik ekin diezaioten.