Partekatutako ekipoen erabilera
Ekipo informatikoak erabiltzen ditugunean, beti uzten dugu erabileraren arrastoren bat: sortutako eta ezabatu gabeko aldi baterako artxiboak, erabilitako dokumentuen zerrendak edota Interneten bisitatutako helbideak. Ez gara paranoiko jarriko, baina oreka logiko bati jarraitzea izango da egokiena, pribatutasunaren eta zerbitzu digitalen eta ekipoen erabilera erosoaren arteko oreka. Beharrezkoa da kontziente izatea eta egoki erabiltzea, batez ere gurea ez den ekipo bat erabiltzen ari garenean.
Gure institutuko ordenagailu gehienak pertsona askok erabiltzen dituzte, beraz, bereziki zaindu beharko dugu gure pribatutasuna.
Partekatutako ekipoak egoki erabiltzeko gomendioak:
- Ez sartu informazio pertsonal garrantzitsua duten orrietara, banketxe eta osasun zerbitzuetara, esaterako.
- Ez egin erosketarik eta ez erabili ordainketa-zerbitzurik.
- Erabili eta gero, itxi itzazu hasitako saioak: Sistema eragilea, helbide elektronikoa, sare-sozialak, beste aplikazio batzuk...
- Itxi aplikazio guztiak zure saioa amaitu edo ekipoa itzali baino lehen.
- Denbora batez ordenagailutik aldentzen bazara, blokeatu saioa inork ez dezan zure informazioa ikusi edo beste edozein ekintza gauzatu. Windows duten ekipoetan, "Windows + L" teklak sakatuta modu azkarrean egin daiteke blokeoa.
Nabigatzaileetan:
- Ez itzazu inoiz gorde erabiltzaile eta pasahitzak.
- Irten zaitez beti hasitako edozein saiotatik, eta itxaron ezazu saioa guztiz itxi arte.
- Erabili "nabigazio pribatua". Derrigorrezkoa pertsona askok partekatutako ordenagailua bada, eta, gainera, gurea ez den saioa hasita baldin badago. Firefox-en, erabili "Leiho pribatu berria" aukera. Chrome-n, "Leiho ezezagun berria".
- Ziurtatu nabigatzailea guztiz itxi dela ekipoko saioa itxi edo itzali aurretik.
- Ez itzazu utzi deskargatutako artxiboak partekatutako ordenagailu baten unitateetan. Egokiena zuzenean zure gailuren batera edo sareko karpeta pertsonalera deskargatzea da. Karpeta hori partekatutako ekipoan baldin badago, ezaba ezazu saioa itxi baino lehen.
"Nabigazio pribatua"-ri buruz:
- Izenak berak gaizki-ulertuak sor ditzake. Izan ere, "nabigazio pribatuak" ez ditu segurtasunarekin zerikusia duten erasoak ekiditen. Interneteko anonimotasuna ere ez du bermatzen. Internet sarbidea eskaintzen digun konpainiak, sareko adiminstratzaileek zein webguneek bisitatutako orrialdeak araka ditzakete.
- Nabigazio modu "pribatuak" aukera ematen digu erabiltzen dugun nabigatzaileak (Firefox, Chrome, ...) bisitatutako web orrien informazioa gorde gabe nabigatzeko. Gainera, ez du informazio hau gordeko: helbideak, "cookie"ak, bilatutakoak, aldi baterako artxiborik...
- Hala eta guztiz ere, nabigatzaileak markatzaileak eta jaitsitako artxiboak gordetzen ditu.