JAUNAREN HERIOTZA ETA BIZTUERAKO
PAZKO HIRURREN SANTUA
A B C
JAUNAREN AFARIKO EGUEN SANTUA
Arratsaldeko Meza
I. IRAKURGAIA
Pazko-afariari buruzko aginduak
Urteera liburutik (Ur 12, 1-8. 11-14)
Egun hareetan, honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hil hau izango dozue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari: «Hil honen hamarrean, bakoitzak abere xehe bat hartuko dau, familia eta etxe bakoitzeko bana. Abere osoa jateko familia nahiko ez bada, aldameneko bizilagunekaz alkartuko da, bakoitzak jan daikeanaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akats bakoa izango da, arra, urtekoa, artxoa nahiz aumea. Hilaren hamalaura arte gordeko dozue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldar alkarteko guztiek hilgo dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta ateburua odolez igurtziko dozuez. Gau horretan, sutan errea jango dozue haragia, legamin bako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik.
Honan jango dozue: gerria loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue, Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotea. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen ume guztiak, bai gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei. Ala Ni Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zagozen etxeetan. Odola ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotean, izurriak ez zaitue zuek hondatuko.
Egun hau gogoangarri izango dozue eta jai nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohorez. Jai honen ospakizuna betiko lege izango dozue belaunez belaun».
ERANTZUN SALMOA
Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18
R/. Esker oneko kalizak Kristoren odolean alkartzen gaitu.
Zer bihurtuko deutsat Jaunari,
emon deustazan guztiakaitik?
Salbamen edontzia dot hartuko,
eta Jaunaren izena deituko.
Jaunaren begietan balio handikoa
Haren zintzoen herioa.
Zure morroi nozu ni, Jauna,
zure morroi eta zure neskamearen semea,
askatu dozuz nire kateak.
Eskeiniko deutsut gores-oparia,
deituko dot, Jauna, zure izena.
Emongo deutsadaz Jaunari zin egindakoak,
herri guztia begira dagoala.
II. IRAKURGAIA
Ogi honetatik jaten
eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean,
Jaunaren heriotza iragarten dozue.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ko 11, 23-26)
Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.
EBANJELIOA
Azkenean bete-betean maitatu zituan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 13, 1-15)
Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.
Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartu eutsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsala, Jainkoagandik etorri zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutsan: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutsan: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».
Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».
Simon Pedrok esan eutsan: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutsan: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».
Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».
ESKARIAK
† Jainkoak dana dau geuretzat, bere seme-alabontzat, eta geu ere dana alkarrentzat izan gaitezela gura dau, bere Semeagan erakusten deuskunez. Jaso deioguzan eskariak:
—Elizearen alde: hasieratik ospatzen dan Jaunaren Afari hau gaurko gizakien eskura jarri daian, gaurkotasuna emon deion eta senidetasun ezaugarri eta iturri izan dakion, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure jaiak ospatzean, behartsuei dei egiten eta eurekaz gure mahaia alkarbanantzen jakin daigun, gure arteko senidetasuna eta alkar maitasuna handituz joan daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Ezaugarriak euren esanguran erabili daiguzan, eta, euren frutua emon ahal izan daien, gure bizitza eurekaz bat etorten ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Lanik barik dagozenen alde, euren duintasuna galtzeko zorian dagozanen alde, diru-sarrera barik dagozan familien alde, eta zelan-halango sufrimentuan dagozenen alde: alkartasun mahaira hurreratzen garanontzat deigarri eta laguntzarako bultzada izan daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.
—Jesus Jaunaren keinuak ulertu ahal izan daiguzan, geure artean nagusien katekesia, biblia taldeak, erretiroak eta otoiztaldeak sustatu daiguzan, eta guzti horregaz bat datorren bizitza eroan ahal izan daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Maitasunean besarkatzen gaituzun Jainko maitale errukitsua, zeure maitasunaren ezaugarri egin gaizuz, gure artean alkar maitatzen lagunduz. Jesukristo gure Jaunaren baitartez.
—Amen.