I. IRAKURGAIA
Neure espiritua ezarriko dot zuengan,
eta bizibarrituko zaree
Ezekiel Profetearen liburutik (Ez 37, 12-14) (ENTZUN)
Honan berba egiten dau Jaunak: «Neuk edegiko ditut zuen hilobiak, atarazoko zaituet zuen hilobietatik, nire herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik atarazoko zaituedanean, nire herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ezarriko dot zuekan, eta bizibarrituko zaree. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala». Holan dino Jaunak.
ERANTZUN SALMOA
Sal 129, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8.
R/. Jaunagan dago errukia,
Haregan askatasun ugaria.
Barru barrutik Zeuri dagitsut ohiu, Jauna,
entzun, Jauna, nire deadarra.
Begoz adi zure belarriak,
nire ohiu eskarira.
Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
nor dagoke zutik, Jauna?
Baina parkamena Zeugan daukazu, Israelen Jainko,
Zu begirunez zerbidu zaiguzan.
Jaunagan itxaroten nago,
nire barrua Haren hitzaren zain dago.
Gau-mutila goiz-argiaren zain dago:
Nire gogoa Jaunaren zainago.
Gau-mutila goiz-argiaren zain dago:
Israel Jaunaren zain holan bego.
Jaunagan dago errukia,
Beragan askatasun ugaria.
Berak itziko dau Israel askaturik,
egin dituan hoben guztietatik.
II. IRAKURGAIA
Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua
zuekan bizi da
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 8, 8-11) (ENTZUN)
Senideok: Grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zaree grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuekan bizi da-eta.
Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuekan baldin badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilik egon arren, espirituak badau bizia Jainkoaren salbamen-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuekan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziazoko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuekan bizi dan Espirituaren bitartez.
EBANJELIOA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten diran zatiak itzi daitekez.
Neu naz biztuerea eta bizia
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 11, 1-45) (ENTZUN)
Aldi haretan, [gizon bat, Lazaro izenekoa, gaixo egoan. Betaniakoa zan, Maria eta honen ahizta Martaren herrikoa. (Maria hau —gaixo egoan Lazaroren arrebea— Jesus ukenduz igurtzi eta oinak bere ule-adatsez xukatu eutsazana zan)]. Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zure adiskidea gaixorik dago». Jesusek, hori entzutean, esan eban: «Gaitz hau ez da hilteko gaitza, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, gaitz honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu daiten».
Jesusek oso adiskide zituan Marta, honen ahiztea eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda ere, egoan lekuan gelditu zan Jesus beste egun bitan. Ondoren, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriro ere Judeara».
[Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu juduek harrika egin gura eutsuen, eta hara joan behar al dozu barriro?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez al ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez dau estropezu egiten, eguzkiak argitzen deutso-eta bidea; gauez dabilenak, ostera, estropezu egiten dau, argirik ez dau-eta». Eta jarraitu eban: «Lazaro gure adiskidea lo dago; baina banoa esnatzera».
Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago, osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek ohiko loaz ziharduala uste eben).
Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro hil egin da eta pozten naz han ez izanaz, zuen onerako izango da-eta, holan sinestu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikia eritzonak, esan eutsen ikaskideei: «Goazen gu ere, Beragaz hiltera».]
Jesus heldu zanean, ordurako lau egun eroiazan Lazarok hilobian. [Betania hurrrean dago Jerusalemdik, hiru bat kilometrora. Eta judu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak emotera.]
Martak, Jesus etorrela entzun orduko, bidera urten eutsan; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutsan Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo. Halan ere, badakit eskatu deiozun guztia emongo deutsula Jainkoak».
Jesusek erantzun eutsan: «Biztuko da zure nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dala azken egunean, hildakoen biztuerakoan».
Jesusek esan eutsan orduan: «Neu naz biztuerea eta bizia; Nigan sinesten dauana, hilda ere, biziko da, eta bizi dana, Nigan sinesten badau, ez da betiko hilgo. Sinesten al dozu hori?» Martak erantzun eutsan: «Bai, Jauna, sinesten dot Zeu zarala Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortekoa zana».
[Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan zan Marta, eta esan eutsan isilka: «Maisua hemen dago eta dei egiten deutsu». Hori entzutean, bat-batean jagi eta Jesusegana joan zan. Jesus artean herrian sartu barik egoan, Martak topatu eban lekuan bertan. Etxean Mariari nahigabean laguntzen egozan juduek, harek bat-batean jagi eta urten ebala ikustean, jarraitu egin eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan.
Mariak, Jesus egoan tokira heltzean, ikusi ebaneko, oinetan ahuspez jarri eta esan eutsan: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo».]
Maria eta haregaz etorritako juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin eutsan Jesusi eta, zehatz hunkiturik, itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi». Jesusek negarrari emon eutsan.
Han egozan juduek esan eben: «Begiratu zein maitea eban!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak edegi eutsozan Honek, ez al eikean hau hiltea galazo?»
Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurreratu zan. Haitzuloa zan, harlauzaz estalduta. Jesusek esan eban: «Kendu harlauzea!»
Hildakoaren arreba Martak esan eutsan: «Jauna, kiratsa botako dau, lau egun baditu-eta». Jesusek erantzun eutsan: «Ez al deutsut esan, sinesten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zuk bialdu nozula sinestu dagien».
Hau esanda, oihu egin eban sakon: «Lazaro, zatoz kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
Jesusek egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinestu eban Haregan.
HOMILIA (ENTZUN)
Senideok: Garizumako 5. domeka honek bizitzaz hitz egiten deusku, bizitzearen barri dakarsku, bizia zelan ulertu geiken eskeintzen deusku, eta, aldabatera, bizitzeaz zein erratuak gagozan ere aurpegiratzen deusku. Izango ete dogu bihozbarritzerako bide? Jainkoak geure erantzuna eskatzen deusku. Ausartuko ete gara erantzun hori emoten? Eskatu deiogun horretarako behar dogun adorea eta ebazpena.
Irakurgaiek bizitza-heriotzearen egoera eta uste ezbardinak mahairatu deuskuez: Ezekiel profeteak, hondatuta dagoan herria, hilobietan balego lez ikusten dau; eta Jainkoak bizitza emongo deutsola agintzen deutso. Ze heriotza eta ze bizitza da Ezekielek mahairatzen dauana?
Paulo apostoluak, hildako lez ikusten dauz euren grinenpean bizi diran (edo dirauen) gizakiak, jentil izan edo, sinistun izan arren, jentil ohituretan bizi izan. Eta Kristogandik sortzen dan bizikerara deitzen deutse bere ikasleei… Ez dinogu, ba, gauza bera, bizitza aitatzen dogunean; gauza ezbardinak adierazten doguz berba bardinaz.
Gaurko Ebanjelio pasartea bizitzearen aldeko kantu eder bat dogu: Jesusek negar egiten dau Lazaro bere lagunaren hilobi ondoan. Ondo aztertzeko, begiratzeko, hausnartzeko eta norberetzeko egoerea dogu hau, senideok: Jesusengan Jainkoa bera agertzen jakula sinisten dogunok, Jesusen negar egitean Jainkoa bera ikusten dogu negarrez.
Eta galdetu geikeo geure buruari egoera honen aurrean… «Zeri negarrez dihardu Jainkoak Jesusengan?»
Bere lagunaren gaisoaldiaren barri izan dau Jesusek; baina ha hil arte itxaron dau harenganatzea. Zer esan gura ete deusku ebanjelariak honeaz?
Jesusek heriotza horri loaldia deitzen deutso: lotan bada, itxartuko da —dinotsoe ikasleek. Gure heriotzea, Jesusentzat, loaldia da… Zertan dihardugu?
Aurreko domekan Jesusek ikusmena emon leigula esaten gendun, gizaki barri egin geinkezala. Baina oraingoan, oraindino, Jesuen begiramena eta gurea ez datozela bat esan eta autortu behar dogu; ez garala bizi gizaki barri lez. Gure heriotzan Jesusek loaldia ikusten dau. Orduan? Zeri negarrez dihardu?
Jarraitu daigun… Sinisten dozu hau? Jesusek bere burua eskeintzen dau berbizkunde eta bizitza lez. Bizitza biztuereagaz alkartzen dau Jesusek. Ze bizitzaz dihardu?
Sinismenaz hurreratu behar dogu hildakoaren lekura, hilobira; eta haren gure artean, bata besteagandik banantzeko, ezarri dogun harlosa kentzeko gauza izango gara, ustel-atzaren bildur barik… Eta heriotz-lokarriez gainetiko askatasunez ibiliko da. Baina gertaera hori norberetzeko, norberak askatu behar izango deutsoz lokarriak ustezko hildakoari, eta itzi behar deutso bizi izaten. Ze bizitzatan? Berbiztuen bizitzan! Jainkoak baino beste inork emon ezin dauan bizitzan. Bizitza barrian. Jainkoaren altzoan, betiraunekoan… Heriotzeari beste era batera begiratzea eskatzen dau honek.
Senideok: gure grinak asetzea baino ez ete dogu bizitzaldia? Asko eta asko hilda dagoz, oporretan joan-ezinak hilda; edo, asteburu baten, kontsumo edo ikuskizun tokietara joan-ezinak hilda; edo zanetan droga zaztada bat sartu ezinak hilda… Heriotza era asko ikusi geikez gure inguruan. Geu, sinistunok ere, Pauloren ustetan —eta horixe gogoratzen deusku Frantzisko, aita santuak— hilda egon geintekez bizitzan, geure ohitura eta betekizunetan, Marta eta Mariaren antzera, eta hareen inguruko judeguen antzera…
Jesusengana hurreratzen bagara, bere esanetara, heriotz-lokarriak askatzen badoguz beragan uste on osoa jarriz… bizi izango gaara!, berbiztuen bizitzan, bizitzeari Jesusen begiradaz begiratzen deutsoenen bizitzan; Jainkoari zintzotasunez erantzuten deutsoenen bizitzan…
Bizitza honetan, senideok, Jesusi jarraituz, behartsuaren ondoan egotea, haren lagun eta salbatzaile izatea bilatzen da. Bizikera honetan, kontsumokeriatik eta Natura zigortzetik aldentzea bilatzen da, neurritsu bizi izatea bilatzen da. Hau egun batetik besterako lana ez dalako, eta ez eta norbere indarren araberakoa, beste batzuekaz otoitz eta hausnarketa giroan alkartzea bilatzen da…
Jesus handia dala autortzea, edo norbere arimaren salbamena bilatzea baino gehiago da: Jesusengan sinistea, eta harek emoten deuskun bizitza barrian bizi izatea. Eskatu deiogun grazia hori.
Eskariak
† Eskatu deiogun Jainkoari, bizitzearen sortzaile eta burutzaileari, benetako bizitza amesteko grazia, Jesusengan dogun sinismena autortuz esalditxo honeaz:
Zeu zara, Jauna, biztuera eta bizia.
—Zeure Semeagan sinisten dogunok osotzen dogun Elizan, Jauna, harengandik dogun bizitzaren zabaltzaile izaten jakin daigula… Zeu zara, Jauna…
—Bizitzea guzurrezko iturrietan bilatzen dabenei (diru-zale, hondatzaile, eta gizagaixoei) laguntzen ahalegindu gaitezala… Zeu zara, Jauna…
—Ahaltsuek eta mundu honen norabidea euren esku dabenek behartsuaren aldeko errukia erakutsi daiela… Zeu zara, Jauna…
—Eliz alkarteetako hozkeriak, itxikeriak, bakotxakeriak eta daukaguna ondo erabilten ez jakiteak heriotzan gaukazelako autortzen dogu… Zeu zara, Jauna…
† Jainko sortzailea: askatu gaizuz heriotzearen lokarrietatik, eta emoiguzu bizitza barritu horretan bizi izatea, eta haren testigu izatea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
HOMILIA-HITZALDIA
Senideok: gaurko liturgia honegaz urrats handi bat emoten dogu Pazkoara bidean; ia-ia bertan Pazkoan gagozela esan geike, Jesus hildako bat bizitzaratzen ikusten dogunean. Zer da hau? Galdetu geike. Edo hobeto: zer aurkitzen dabe Jesusengan beragana hurreratzen direnek? Ahalegindu gaitezan apurtxo bat gure hausnarketa honetan Jesusengana hurreratzen; itxi daiogun berari gure bizia argitzen...
Aurreko domeketan Jesus bizitz-iturri lez autortu genduan, samariar emakumeari esandako hitzetan: “Bazenki ‘emoidazu ura’ nork dinotsun, zeuk eskatuko zeuskio berari, eta harek ur bizia emongo leuskizu”; eta baita bizitzako argi ere, itsuari ikusmena emotean. Gaurko domeka honetako liturgian beste hauxe autortuko dogu: Jesus ezagutzen dauenak ez dau heriotzarik ikusiko. Zer ete da heriotzea? Edo zer ulertzen ete dogu heriotzaz? Guzti hori argitu nahi deusku Jesusek.
Antxinatik eukan Ezekiel profeteak adierazita Jainkoa bizien eta hilen Jainkoa zala; edo hobeto esanda, Jainkoak hila bizira erakarten dauela; Jainkoarentzat ez dagoela hilik ez heriotzarik, bizitzea baino. Jainkoa, ba, bizien Jainkoa da. Haren aurrean ez dauka indarrik hilobiak, edo indarge gelditzen da, heriotzearen indar-ezaugarri dan hilobia. Jaungoikoak hilobiak zabaldu, eta hilak bizitzaratu, beraganatu egiten ditu. Beragan hartzen dau gizakiak bizitzearen osotasuna; horretarako heriotzatik igaro behar dauen arren. Ebanjelioak, ba, ez gaitezela heriotzan gelditu aginduko deusku; jaso daiguzela begi-bihotzak, eta sinistu daigula Jesusengan, berau dalako Jainkoaren egintzak gauzatzen dituna. Begira zelan.
Betaniako hiru anai-arrebak, Jesusen lagunak dira. Baina oraindino judeguen legepean eta ohituretan jarraitzen dabe. Ez da, ba, hain erraza Jesusi jarraitzea. Edo bildur dira; edo uste hobea dabe ohituretan eta legekerietan. Jesusek inguru horretatik askatu nahi ditu (askatu egin nahi gaitu); baina ezin da ulertu Jesusek egin nahi dauena: hain dagoz, eta hain gagoz geuretxoan zarratuta! Jesus ez da sartzen ulermoldeotan; kanpora urten behar dabe, banan-banan, ahizta biak; eta judeguen bildurrez gainera. Eta Jesusek negar egin behar dau bere lagunak hain loturik ikustean. Bera Jainkoari loturik bizi da; eta ez dauka ezer eskatu beharrik, dana bere esku itxita daukalako Aitak; horregaitik eskerrak emoten ditu. Eta, minduta, aurpegira botaten deutse Jesusek euren bihotz-gogorkeria: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”? Eta Jesusek, heriotzatik bizira egiten deutso dei hilobian egoen Lazarori, Jaungoikoaren lanak eginez. Baina begira zer dinoan gertakizun harrigarri honetan.
Lazarok, esku-oinak loturik urteten dau hilobitik: harrigarria! Judeguen ohiturek eta jokabideek oraindino lotuta daukela adierazten dau. Eta eurek askatu behar dabela, gainera: “askatu eizue, eta itxi ibilten” dinotse-ta. Eta Lazaro ba doa, aske, baina ez bere arrebengana eta lagunengana, biziaren Egileagana, Jainkoagana baino. Horixe adierazten deusku gertakari honek. Eta euren arteko askok sinistu egiten dabe Jesusengan; baina beste asko agintariengana bihurtuko dira, bildurrez, holangorik ezin onartu daitekela-ta.
Zenbat kostatzen jakun, senideok, gure ohiturak eta pentsamoldeak-eta aldatzea. Jesusengana hurreratu garela uste izaten dogu, eta geure ohituretan zarratuta egoten gara. Ezin onartu geike Jesus bizitzaren jabe dala, eta gorpuak ezin zainduta ibilten gara. Geuri ere ez ete deusku aurpegiratuko Jesusek Martari esandakoa: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”?
Eskatu deiogun Jesusi beragan sinistu daigula, eta lagundu deigula gure ohikerien loturetatik alkar askatzen.
Iruzkina
Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...
Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera amonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».
Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoelako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.
Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dabe hainbesteko bildurra, edo hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.
OTOITZA (ENTZUN)
Jauna: ez zaitut larregirik ulertzen.
Ez nazala bizi dinostazu?
Nirea ez dala bizia, zeurea baino?
Nik, bizi nazala uste dot, ba, Jesus!
Badaukat jatekorik eta janztekorik;
badaukat osasunik eta dirurik…
Zer gehiago behar da bizi izateko?
Edo… ze bizitzatara deitzen nozu?
Geure giza-usteetan, batzutan,
edo erlijio-usteetan beste batzutan,
hilda egon geintekezala dinoskuzu, Jesus:
behar ez diran loturei lotuta, katibu.
Emoidazu, Jesus, zeurea dan bizia;
usteei eta ohiturei, edo beharrizanei,
edo erlijio-egiei loturik ez dagoana;
behartsuari lotua, Aita gurtzen dauana.