HAUSTERRE ONDORENGO BARIKUA
IRAKURGAIA
Is 58,1-9a
Hau da Nik maite dodan baraua
Isaias Profetearen liburutik
Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:
«Egizu oihu eztarri betean, ez isildu;
jaso ahotsa turutak lez,
salatu nire herriari bere txarkeriak,
salatu Jakoben ondorengoei euren pekatuak.
Eguna joan eta eguna etorri, nire bila dabilz,
nire bideen barri jakin gura dabe,
zuzen jokatzen dauan
eta bere Jainkoaren legea hausten ez dauan
herria balira lez.
Erabagi zuzenak eskatzen deustez
eta Jainkoa hur izan gura dabe:
"Zertarako egin barau, Zuk ez ikustekotan? —dinoe—.
Zertarako zigortu geure burua, Zu ez ohartzekotan?"
Begiratu, barau-egunez ere negoziotan zabilze,
eta zeuen langileak zapaldu egiten dozuez.
Hara, liskar eta hasarre artean egiten dozue barau,
Erruki barik ukabilkadak emonez.
Ez egin barau orain egiten dozuen lez,
zuen oihuak zeru-goian entzunarazoz.
Holakoa al da Jaunak maite dauan baraua,
gizakiak bere burua zigortzen dauan egunean,
hau da, zumeak lez bere burua kulunkatu
eta dolu-jantziz hautsetan etzutea?
Horri esaten al deutsazue baraua,
Jaunak atsegin dauan eguna?
Beste hau da Nik maite dodan baraua:
bidebako kateak hausi
eta buztarri-hedeak etetea,
zapalduak askatu
eta buztarri guztiak apurtzea,
gose danari zeure ogitik emon
eta aterperik bako behartsua etxean hartzea,
biluzik dagoana jantzi
eta zeure gizakideari entzungor ez egitea.
Orduan zure argia egunsentia lez zabalduko da
eta zure osasuna bat-batean erneko;
justizia joango jatsu aurretik gidari
eta Jaunaren aintza atzetik babesgarri.
Orduan zuk dei egin, eta Jaunak erantzungo deutsu;
zuk oihu egin, eta Harek esango: "Hemen nozu!"»
ERANTZUN SALMOA
Sal 50, 3-4. 5-6ab. 18-19
Ez dozu baztertuko, Jainko,
bihotz damutu eta umildua.
Erruki zakidaz, Jainko, zeure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik.
Nire bihurrikeria ezagutzen dot,
nire hobena beti begien aurrean daukot.
Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri bakarrik,
zure begietan oker dana egin dot nik.
Ez jatzu-eta atsegin oparirik,
erre-opariak ez zendukez hartuk onik emonik.
Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
ez dozu baztertuko, Jainko,
bihotz damutu eta umildua.
EBANJELIOA
Mt 9, 14-15
Etorriko da senar barria kenduko deutseen eguna;
orduan, bai, egingo dabe barau.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Aldi haretan, Joan Bateatzailearen ikasleak Jesusegana hurreratu eta esan eutsoen: «Zergaitik guk eta fariseuek sarritan egiten dogu barau eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara deituak triste egon ahal daitekez senar barria eurakaz daben bitartean? Etorriko da senar barria kenduko deutseen eguna; orduan, bai, egingo dabe barau».
ESKARIAK
† Jainkoak bere Semearen poztasunean gura gaitu bere seme-alaba guztiok. Jo daigun erreguka beragana:
—Elizearen alde: ezteguetako poztasunaz agertu daiten munduaren aurrean eta aintzat hartu daizan gizakien gozamenak eta poztasun iturri zindoak, eskatu deiogun Jaunari.
—Poztasun bideak ur usteletan bilatzen dabenek Jesusen poztasun iturriak ezagutu daiezan eta dastatu, eta euretan garbitu eta alaitu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Gitxiengo jokabideaz nahikoa daben eta beti inbirian bizi diran eliztarren alde: urri emonda urri batzen dala, eta maitasunaren neurria eskuzabaltasuna dala ikasi daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure zekenkeriak eta norkeriak bazterreratzen dabezan behartsuen oihua entzun ahal izan daigun, eta neurritasunera eta alkarbanantzera abiatu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Otoitzerako alkartzeko aukerea daukagunok Jainkoagazko hartu-emonetan ez gaitezan urrikerietan ibili, eskuzabalak izan gaitezan baino, eskatu deiogun Jaunari.
† Maite gaituzulako neurri barik onesten gaituzun Aita/Ama Jainko: egizu, zure seme-alabok zure maitasunaren neurria erakutsi daigula gure eskuzabaltasunean. Jesukristo.
—Amen.