I. IRAKURGAIA
Itun barria egingo dot,
eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango.
Jeremias Profetearen liburutik (Jr 31, 31-34)
Hauxe dino Jaunak:
«Hara, badator Israel herriagaz eta Juda herriagaz itun barria egingo dodan sasoia. Ez da izango, Egiptotik atarateko eskutik hartu nituanean euren arbasoekaz egin nebana lakoa, hareek hausi egin eben-eta nire ituna, Ni euren nagusia izan arren —dino Jaunak—. Hona hemen etorkizunean Israelegaz egingo dodan ituna —dino Jaunak—: Barruan ezarriko deutset neure Legea eta bihotzean idatziko. Ni hareen Jainko izango naz eta hareek nire herri izango dira. Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango, "Ezagutu Jauna" esanez, guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko nabe-eta —dino Jaunak—; parkatu egiten deutset gaiztakeria, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango ».
ERANTZUN SALMOA
Sal 50, 3-4. 12-13. 14-15
R/. Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan.
Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik.
Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua.
Poztu nagizu barriro zeure salbamenaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak.
II. IRAKURGAIA
Esaneko izaten ikasi eban,
eta betiko salbamenaren iturri egin zan.
Hebrearrei egindako gutunetik (Heb 5, 7-9)
Senideok: Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutsan otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta entzun egin eutsan bere begiruneagaitik. Eta Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi eban esaneko izaten; holan, bere betera heldurik, betiko salbamenaren iturri egin zan beraren esaneko diran guztientzat.
EBANJELIOA
Gari-alea hilten bada, frutu asko emoten dau.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 12, 20-33)
Aldi haretan, jaietan Jainkoari kultu emotera igon ebenen artean, baziran greziar batzuk ere.
Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi gura geunke». Andresi esatera joan zan Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan eutsoen.
Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Egi-egiaz dinotsuet: Gari-alea, lurrean jausi eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hilten bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.
Larri dot orain neure barrua, baina zer esan? Ordu honetatik atarateko eskatuko al deutsat Aitari? Baina honetarakoxe etorria naz, hain zuzen, ordu honetarako! Aita, azaldu zeure izenaren aintza!»
Orduan, ahots bat entzun zan zerutik: «Azaldu dot, eta barriro ere azalduko dot». Han egoan jenteak, ahotsa entzunik, trumoia izan zala inoen; beste batzuek, barriz, aingeru batek berba egin eutsala.
Jesusek esan eutsen: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zuentzat baino. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dabe kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nabenean, Neugana erakarriko ditut guztiak». Berba honeen bidez, zelako heriotzaz hilgo zan adierazo eban.
HITZALDIA
Senideok: gaurko liturgiak ibilbide eder bat eskeintzen deuskula esan daiteke; Jainkoak Itun barri bat egiten dau bere herriagaz, bere Semearen esanekotasuna emoten deusku ezaugarri, eta bizitza emotea frutu-emoile bihurtzen dala dinosku. Sartu gaitezan ibilbide hori egitera geure bizikerea aztertuz, edo berari begiratuz.
Itun edo Alkargo barri bat…
Hauxe ez ete dabe eskatzen bizitzan zehar agertzen doguzan geurekeriek, besteei eragiten deutsegun kalteak eta geure onurea baino ez bilatzeak, sarritan besteen lepotik edo hareik azpian hartuz eginak? Ez ete deuskue hauxe erakusten sufritzen dogun krisiaren iturriek eta ondorioek? Ez ete deuskue hauxe erakusten ikusten doguzan ustelkeriak eta alkar salatzeak? Ez ete deusku hauxe erakusten neuk eta neureek irabazi nahiak (politika mailan argi dago hau) bestea arerio lez hartzeak eta ha hondatu beharrak? Giro honetan bizi garanok (geure burua salbatu nahiak) ez ete garoaz familien apurketetaraino, hantxe, familian, askatzen dogulako kanpoan jasan eta iruntzitako garrazkeria guztia?
Jainkoak itun barria egin gura dau gugaz: apurtu-ezineko ituna; gure hutsak eta saldukeriak gogotan hartuko ez dauzana; askatasun giroan biziazoko gaituna; ha ezagutzeko inora joan beharrik izango ez doguna; geure, bakotxaren, barruan ezarria…
Jainkoak bere Semeagan sinatzen dau itun barri hori…
Errukitsua eta parkatzailea da Jainkoa; ez dago gure hutsei eta akatsei eta mugei begiratzen; ondo ezagutzen gaitu eta maitatzen. Jarri geike beragan gure uste on osoa. Horixe da bere Semeagan ikusi doguna: esaneko izatean ikasi dau Aitari zintzotasunez, leialtasunez erantzuten. Jesus Jainkoari begira bizi da, eta honek bere senideengana begira jarten dau, honeen alde bere bizia emoteraino.
Egoera zakarrean bizi dira oraindino, eta jan egingo dabe euren alde emoten dan bizia. Haren lepotik barre egingo dabe; aurrean erabiliko eta heriotzara eroango. Oztopo aurkitzen dabe holango bizikeran; nahiago dabe norbere burua zaintzen bizi izatea, horrek besteak aurrean erabiltera badaroaz ere…
Jainkoak besterik gura dau guretzat… Jarriko ete dogu gure uste on osoa beragan?
Jesus bilatzen dabenek zerutiko erantzuna ere izango dabe.
Hauxe da haren ikasleok ziurtzat euki beharrekoa: Jesusi jarraitzea, haren antzera Jainkoaren esaneko izatea… ez da erantzun barik geldituko. Hau da: haren antzera bizia besteen alde emotea —askok ulertu ez arren, edo haren lepotik barre egin arren— ez dau Jainkoak bere erantzun barik itziko. Jainkoak bete egingo dau bere ituna. Bizitza hori bere betetasuean sartuko dau. Holangoa berak onetsiko dau.
Senideok: Jainkoagan jarri daigula uste ona, haren esaneko izatea bilatu daigula, eta ez garala haren erantzun barik geldituko… ez ete dira gauza ederrak? Baina hitzetan esaten dogun honek bizitzan gauzatzea eskatzen dau…
Hortxe daukaguz, horraitino, gure bizitzearen oparia hartzeko gertu dagozan familia, herrigintza, elizgintza, lagunartea, lana eta abar. Euretan buru-belarri sartuz iragarri geike zenbateraino garan Jainkoaren esaneko, geure burua zaindu beharrean besteen alde lan eginez. Merezi dau!
ESKARIAK
† Jainkoak arduraz zaintzen dau bere herria, eta bere zintzoak eta txikienak babespean hartzen dauz. Euki daigun hori gogoan gure eskariak egiterakoan:
—Elizearen alde: txarkeria gaitzetsi daian, baina gaizkilea ez daian hondatu, emon deiola baino bere gaiztakeriatik urten ahal izateko laguntzea, eskatu deiogun Jaunari.
—Gizonezkook egindako gizartean eta legeez, erraz epaitzen eta gaitzesten da emakumea, txarkeria eta errua gizonezkoarenak izan arren ere: emakumea begirunez begiratua izan daiten, errespetatua eta bere duintasunean hartua, eskatu deiogun Jaunari.
—Emakumea bere duintasunean ezarria izan daiten Elizan ere, eta bere eskubideek eskatzen daben guztia eskuratzeko gauza izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Aurrean erabiliak diran emakumeen alde: euren oihua entzunazo daien, eta gizarte hau gizakoiago bihurtzeko indar izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Emakumea kontsumokeria bihurtzen dauan Gizarte honek laster baten hartu daian emakumea aintzat, eta bere eskubide guztiak eta bere duintasuna autortu daizan, eskatu deiogun Jaunari.
† Zeure irudiko, gizon eta emakume egin gaituzun Jainko Jauna: jakinazo eiguzu alkarren pareko eta alkarrentzako garala. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...
Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera amonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».
Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoelako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.
Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dabe hainbesteko bildurra, edo hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.