Garizumako IV. BARIKUA
I. IRAKURGAIA
Jkd 2, 1a. 12-22
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu
Jakituria liburutik
Honan inoen gaiztoek, oker arrazoituz:
«Jarri deioguzan sareak zintzoari,
gogaikarri jaku-eta;
gure jokabideari aurka egiten deutso:
legea haustea aurpegiratzen deusku
eta hartutako heziketaren aurkako hutsegiteak salatzen.
Jainkoa ezagutzen dauala dino
eta Jaunaren seme deitzen deutso bere buruari.
Bere izaeraz gure pentsaera salatzen dau;
zintzoa ikuste hutsa ere jasanezina jaku.
Besteena ez lakoa da haren bizimodua,
eta oso bestelakoa haren jokabidea.
Faltsutzat hartzen gaitu
eta kutsagarria balitz lez
urruntzen da gure jokabidetik;
azkenean zintzoak zoriontsu izango dirala dino,
eta Jainkoa bere aita dauala-eta harro dabil.
Ikusi dagigun esaten dauana egia dan ala ez,
Aztertu dagigun zelango amaierea dauan ikusteko.
Zintzoari, benetan Jainkoaren seme bada,
Bera etorriko jako laguntzera
eta libratuko dau arerioen eskuetatik.
Irainak eta oinazeak jasanazoko deutsaguz,
haren nasaitasuna ezagutu eta eroapena probatzeko.
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu,
bere esanetan, Jainkoak alde urtengo deutso».
Holan arrazoitzen dabe gaiztoek,
baina oker dabilz,
euren gaiztakeriak itsutu ditu-eta;
ez dabez ezagutzen Jainkoaren asmo ezkutuak;
ez dabe jainkozaletasunari jagokon saririk itxaroten,
ezta aintzat hartzen bere bizitza akats bakoari jagokon ohorea.
ERANTZUN SALMOA
Sal 33, 17-18. 19-20. 21 eta 23
Hurrean dabe Jauna bihotz urratuek.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
galdu daiten lurrean hareen oroipena.
Zintzoek dei egin eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atara zituan bere eskuz.
Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak,
salbatzen ditu gogo atsekabetuak.
Zintzoaren gaitzak asko dira,
baina danetatik Jaunak atara.
Haren hazur guztiak ditu zaintzen,
bat bakarrik ez jako hausten.
Jaunak askatzen ditu bere morroiak,
ez dau izango zigorrik Haregana ihes doanak.
EBANJELIOA
Jn 7, 1-2. 10. 25-30
Atxilotu egin gura izan eben,
baina ez zan artean heldu haren ordua
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Aldi haretan, Jesus Galilean ebilen; ez eban Judean ibili gura, juduek hil egin gura eben-eta.
Hurrean zan Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan ziranean, Jesus ere joan zan; baina ez agirian, erdi ezkutuan baino. Jerusalemdar batzuek inoen: «Ez al da hau hil gura dabena? Nasai asko dihardu, bada, berbetan, eta ez deutsoe ezer esaten. Onartu ete dabe agintariek berau dala Mesias? Baina hau badakigu nongoa dan; Mesias etorriko danean, ostera, ez dau inork jakingo nongoa dan».
Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ziharduala, errime esan eban: «Ni ezagutzen nozue eta badakizue nongoa nazan. Baina Ni ez naz neurez etorri, fidagarria danak bialdu naualako baino, eta zuek ez dozue Ha ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dot, Haregandik natorrelako eta Harek bialdutakoa nazalako».
Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ezin izan eutsan inork eskurik jarri, ez zan-eta artean heldua haren ordua.
ESKARIAK
† Zintzoa Jaunak zaintzen dauala esaten dogu, baina zenbat sufritu behar izaten dauan… Gogoan izan daigun gure otoitzean:
—Elizearen alde: handikien eskutik ibilteari uko egin deion, eta mundu honek baztertzen, esplotatzen eta gitxiesten dauzanen ondoan egoten eta hareen alde urteten jakin daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Pobreen aldeko aukera sendo bat egin daien eliz-zerbitzari guztiek, eta hareen negarrari eta oihuei erantzun ozena emon deieen, eskatu deiogun Jaunari.
—Emakumearen aldeko jarrerea hartu daian, eta bide emon deien haren abadetzeari, eta baita zelibatoaren borondatekotasunari ere, eskatu deiogun Jaunari.
—Elizan maila askotan agertzen dan zikinkeria garbitzeari apaltasunez eta errukiz ekin deiogun, ebanjelioari zintzoago jarraitu ahal izan deiogun, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiarako alklartzen garanok ez gaiezan zintzoen aurkako epaikuntzek-eta kokildu, eta Jainkoagan uste on osoa jarriz, gero eta zintzoagoak izatea bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Zintzoen zaintzailea eta pobreen Aita: emoiguzu bihotz apala eta txikien ondoan egoten jakitea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Ebanjelariak perikopa honetan jarten deuskunak ze helburu ete dauka, zer lortu nahi ete dau irakurlearengan? Galilean ez daukala arazorik eta Judean bai? Abade nagusi eta idazlariek-eta gorroto eutsoela eta hil gura ebela? Mesiasi buruzko iluntasunak, ezjakinak? Jesusek bere nortasuna agertu gura dauala? Judeguen sinisgabekeria? Jesus jaun eta jabe dala bere biziaz?
Esan geike galdera guztion inguruan dabilela ebanjelio zatitxo (perikopa) hau, eta Jesusenganako judeguen gorrotoan urrats bat gehiago emotera garoazela. Eta ebanjelariak argi utziko dauana zerau da: Jesusi inork ez deutso bizia kenduko, inor ez da Jesusi hori egiteko gauza; Jesusek berak emoten dau bere bizia, Jainkoaren nahia betez; eta hori inork ezin izango dau oztopatu: hain da sendoa berak egin dauan aukerea!
Jesusen zeozer ezagutzen dogu: nondikoa dan, noren semea, nortzuk diran bere senideak... Baina oso-osorik ezagutzen dauala esan gura dau horrek? Zein da Jainkoagaz daukan loturea? Zergaitik deitu leikeo "aita" eta egin leio berba konfiantza osoaz? Zergaitik dino, edo zer esan gura dau, harengandik datorrela dinonean?
Sinismenerako aukera bat emoten jaku, ba, hemen. Sinismen barik Jesusen kanpotikoa baino ezin ezagutu daiteke; eta ezin emon leio erantzunik Jesusen berboi. Harengan Jainkoak berba egiten deuskula sinisten dogunok, ba, Jesus ezagutzeko ahaleginak egin behar izango doguz, eta orduan autortu ahal izango dogu "geure alde" emon dauala bizia.
Jauntasuna agertzen dau Jesusek. Bere helburua Jainkoari zintzoa izatea dalako da jaun; harexek jarten dau judeguengandik salbo, eta "orduaren" jaun. Ederra, ba, Jainkoaren esanetara bizi izatea: lurraldea baino, senideak baino, erlijio eratua baino, eta beste gauza guztiak baino garrantzitsuagoa; harexek emoten dau beste gauza guztien gainetik egoteko Jauntasuna. Inork suntsitu ezin izango dauan Jauntasuna.