I. IRAKURGAIA
Dana barri egitera noa,
eta herriari edaten emongo deutsat.
Isaias Profetearen liburutik (Is 43, 16-21)
Jaunak bidea zabaldu eban itsasoan,
Bidezidorra ur oldartsuetan;
burdi eta zaldi, gudaroste ahaltsua
eban gudura atara;
hara, jausi dira arerioak, barriro ez jagiteko,
amatau dira, amaitu, kandela-metxea lez.
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Ez oroitu aspaldian jazotakoez,
ez gogoratu antzinakoez.
Begiratu, dana barri egitera noa:
hasia da sortzen,
ez al deutsazue igarten?
Bidea edegiko dot basamortuan,
ibaiak landa lehorrean.
Basapiztiek, txakal eta ostrukek
goralduko nabe,
ura emongo dot-eta basamortuan,
ibaiak sortuazoko landa lehorrean,
neure herriari, neure aukeratuari, edaten emoteko.
Eta neuretzat eratu dodan herriak
nire gorespena iragarriko dau».
ERANTZUN SALMOA
Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6
R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde:
Eta pozarren gagoz!
Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina.
Jentil-herrietan ere esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz!
Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez dabe batzen.
Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-balak ekarriz.
II. IRAKURGAIA
Dana galeratzat dot Kristoren aldean,
eta Beraren antzeko izan gura dot heriotzan.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik (Flp 3, 8-14)
Senideok: Dana galeratzat dot, neurri bako ondasun honen aldean: Jesu Kristo nire Jaunaren ezagueraren aldean. Haregaitik dana galdu neban eta dana simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Haregan bizitzekotan; ez legetik jatorztan neure zuzentasunaz, Kristogan sinestetik jatorztanaz baino. Izan ere Jainkoagandik dator zuzentasun hau, eta sinesmena dau oinarri. Beraz, Kristo ezagutu gura dot, haren biztuerearen indarra; haren lagun izan gura dot nekeetan eta beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik biztuko nazan itxaropenez.
Ez dot esaten saria lortu dodanik edota lasterraldia amaitu dodanik: nik neure lasterraldian jarraitzen dot. Eta, Kristo Jesusek niretzat lortu daualako, saria eskuetan baldin badot ere, ene senideok, oraindino saria lortu ez baneu lez hartzen dot nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dana ahazturik, eta aurrean dagoana bilatuz, lasterka noa helburura, saria jaristeko; sari horretara deitzen dau-eta Jainkoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.
EBANJELIOA
Zuetan pekatu barik dagoanak
bota deiola lehenengo harria.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 8, 1-11)
Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Baina biharamun-egunsentian tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken.
Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, emakume hau, adulterioan ziharduala, harrapatu dabe. Moisesek holakoak harrika hilteko agindu euskun Legean. Zuk zer dinozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko.
Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaunka eta itaunka hasi jakozanez, zutitu eta esan eutsen: «Zuetan pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala.
Jesusek, zutiturik, esan eutsan: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Harek erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik».
HITZALDIA
Senideok: esaten dogun arren, argi daukagu, gero, Jainkoak gure bizi izatea eta gure osasuna, gure zoriona, gura dauzala? Ala, esan bai, baina gure bizikereaz beste zeozer dinogu? Garizuma aldian zehar gure bizitzako jokera batzuetara hiltea bilatzen dogu, gizaki barri lez berbizteko Jesus Jaunagaz batera. Baina hau sarritan esan edo entzuten dogun arren, gauzatu dogu bakotxak bere bizitzan? Eta zalantzan jartekoa da gaurko irakurgaiek horretaraxe garoezelako.
Alde batetik, Jainkoak bere herriaganako zelango ardurea daukan entzun dogu lehenengo irakurgaian: eremuan eta lehorrean ere ur ugariko errekak sortuazoten dauz, eta osasungarriak gainera. Hauxe da Exodoko esperientzia. Baina badirudi herria itsu eta gor dagoala, eta profetearen berbei ez-entzun egiten deutsela. Antza, Jainkoa ez dabe hain hur eta euren gaine-gainean, arduratan, sumatzen, eta beste batzuk dabez bizitz-iturri… Holango zeozer ez ete jaku gertatzen geuri ere?
Bigarren irakurgaian Paulo apostoluak emon deuskun irakatsira hurreratu gaitezan zeozer ulertzeko. Farisear lez, Paulorentzat Legea zan beste edozeren gainetik egoana: haxe beteteak emoten deutson Jainkoaren aurreango zintzotasuna, hantxe aurkitzen eban Jainkoaren nahia, eta ha beteteak harrotu egiten eban besteen aurrean, Legea ezagutzen ez edo ezin bete eikenen aurrean.
Baina Jesusek joten dau bihotzean, eta Legearen menpekeriatik askatu egiten dau. Orain ez dau saria bere ahaleginen lorpen lez ulertzen, Jainkoaren erregalu lez baino; orain ez dauz makalak, ez ikasiak eta pekatariak gaitzesten; orain hareen laguntzaile bihurtzen da, Kristogandiko salbamena iragarriz, Jainkoak bere errukian emoten dauan parkamena bitarteko. Orain, lehengo aberastasun guztiak huskeriatzat daukaz.
Galdetu deiogun, ba, geure buruari, ea zer dogun bizitza honetan baliokotzat, ondasuntzat, onuratzat…; ea zerk jarten gaituan pozik, zerk zoriontzen gaituan, zeren atzetik gabizan… Eta amesten dogun hori eskuratzean, behar bada, gehiago nahi izango dogu, harutzago joan, asetu barik gelditzen gara…
Ebanjelioan eredu bi agertzen jakuz: Farisearrena Legea betetea zan gorengo mailakoa; haren izenean, inor harrika hilteko ere gertu dagoz, edo inor agintarien aurrean salatzeko gertu: emakumea harrikatu gura dabe; Jesus salatu… Norbera ondo gelditzeko, inor kendu behar paretik? Norberak garaile urteteko, inor azpiratu edo menperatu edo hil behar da? Badirudi norgehiagoka lege honetan sartu gaituela danok, eta ez dogula zorionik, bestea areriotzat hartzen dogun senidea hondatuta ikusten ez badogu…
Paulok dinamika horretatik urten egin dau Kristori esker: orain, besteak, batez ere ahulenak, pekatariak, ez-jakinak, bere senide dauz eta Jainkoak bere Seme Jesukristogan egin deutsen errukiaren barri emoten deutse. Jainkoari zintzotasunez erantzuteko, ez dago norgehiagoka egin beharrik, bere buruagaz izan ezik. Eta hau askapen lez eskertzen deutso Jainkoaren errukiari.
Legea betetea edo itxaropena atseginkerietan edo azaleko gauzetan jartea, hareen morroi bizi izatea litzateke Pauloren ustez. Baina harek aurkitu egin eban Kristo (edo Kristok jo eutson bihotza), eta harengana bihurtu egin zan. Horrek bizibarritu egin eban. Orain benetan bizi izaten hasi da. Eta gauza bat baino ez dau amesten: bere bizitza Kristo ezagutzea emoten amaitzea, haregaz batera bizitza osora berbizteko.
Garizumearen azken domeka honetan Aste Santura begira jarten gara; aurre-aurrean daukaguz Jesusen Nekaldia, Heriotzea eta Biztuerea. Baina berba huts izan daiteke guzti hori, edo elizkizun eder edo gogaikarri, edo benetan amesten dan eta Jainkoari bene-benetan eskertzen jakon zeozer.
Horrexen aurrean jarten gaitu Garizumako 5. domeka honek. Jainkoa errukitsu dogu, ez dau gure heriotzea gura, parkatzailea da eta gure duintasuna berreskuratuazoten deusku. Legearen morrontzatik eta norgehiagokako itsukeriatik askatu egiten gaitu, eta alkarrentzako arerio barik, alkarren senide egiten gaitu.
Hasi gaitezan hori autortzea bilatzetik: Paulok agertu eta azaleratzen dauan zoriona izango dogu, eta gainean daukaguzan elizkizunetan gure burua bizibarrituta ikusiko dogu. Amestu daigun Jainkoak emoten deuskun bizi-poza, eta zabaldu daigun haren errukia eta parkamena, pekatutik askatzen eta salbatzen dauana.
OTOITZA
Herri bat aukeratu dozu, Jauna,
eta txera handiz zaintzen eta elikatzen,
honek ez-entzun egiten badeutsu ere,
edo sarritan ukatzen bazaitu ere.
Alkargoa sinatu dozu beragaz,
eta harek Lege eta betekizun bihurtu dau,
eta zeugan baino Legeagan dau orain
uste handiagoa eta ardura itsua.
Bihurtu gaizuz zeugana, Jauna;
erakutsi eiguzu zure aurpegi errukitsua,
senide arteko norgehiagoka guztiak baztertuz
alkarren lagun eta salbatzaile izateko.
Iruzkina
Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...
Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geunke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera amonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».
Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, husteldu egiten da; besteen alde hil egin behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, husteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoelako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.
Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dabe hainbesteko bildurra, edo hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.