B urtean
I. Irakurgaia
Sinismenean aita dogun Abrahamen oparia.
Hasiera liburutik (Has 22, 1-2. 9a. 10-13. 15-18)
Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu nahi izan eban eta dei egin eutson: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra, eta zoaz Moriako lurraldera, eta eskeini egidazu erre-opari, Nik erakutsiko deutsudan mendi gainean».
Aita-semeak Jainkoak esandako lekura heldu ziranean, Abrahamek altarea eraiki eban eta egurra prestatu. Eskua luzatuz, aiztoa hartu eban Abrahamek bere semea hiltzeko. Baina Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik: «Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan: «Ez luzatu eskua zeure semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirune deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra bera be ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi eban adarretatik sastraka artean kateatuta; hartu eta erre-oparitzat eskeini eban semearen ordez.
Barriro be dei egin eutson Jaunaren aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hau dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra baizen ugari egingo ditut, eta arerioen urien jaube egingo dira. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa (Sal 116 [115], 10 eta 15. 16-17. 18-19 (R/. Sal 116 [114], 9))
R/. Ibiliko naz Jaunaren aurrean, bizidunen lurraldean.
V/. Sendo nengoan fedean,
«Ni bai zoritxarreko» esatean be.
Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotza. R/.
V/. Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza,
askatu dozuz nire kateak.
Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.
V/. Beteko deutsadaz Jaunari agindutakoak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.
II. Irakurgaia
Jainkoak bere Semeari berari
ez eutson parkatu.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik (Erm 8, 31b-34)
Senideok: Jainkoa gure alde badogu, nor gure aurka? Bere Semea bera heriotzatik libratu ez, gu guztion alde heriotzara emon ebanak baino, zelan ez deusku haregaz batera dana doan emongo?
Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratutakoak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristok?, hil zanak?, biztu be egin zanak?, Jainkoaren eskumaldean dagoan eta gure alde otoitzean diharduanak?
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
V/. Hodei distiratsutik Aitaren ahotsa entzun zan:
Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue.
Ebanjelioa
Hauxe da nire Seme maitea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik (Mk 9, 2-10)
Aldi haretan, hartu ebazan Jesusek beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eroan zituan hareek bakarrik. Eta itxuraldatu egin zan hareen aurrean.
Jantziak distiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri leikezan baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban; izan be, zeharo bildurrak hartuta egozan.
Orduan, hodei batek estaldu zituan, eta ahots batek urten eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta horretan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi eben eurekin, beste inor ez.
Menditik behera jaisterakoan, ikusi ebenaren barri inori ez emoteko agindu eutsen Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori bete eben, baina alkarri itauntzen eutsoen zer izan ete eitekean «hilen artetik biztute» hori.
Jaunak esana.
(LAGUNGARRIAK)
Sarrera-oharra
Senideok: Garizumako bigarren domeka ospatzeko alkartu gara Jainkoaren seme-alaben pozean. Ondo etorri.
Gaurko Liturgiak Jainkoaren esaneko izatea zein gatxa dogun azalduko jaku; zein lotuak gagozan geure ohitura eta usteei; eta Jesusi entzutea dogula Jainkoari entzun ahal izateko bide bakarra.
Gagozan egoera honetan, ba, ez gaizala egoereak edo inguruan esaten danak iruntzi edo itsutu. Gaurko liturgiak otoitzaren egarri egin gaizala, hantxe aurkitu daigun (otoitzean) Jainkoaren iragarpena: hauxe dot nire seme (edo alaba) maitea.
KANTUA:
Dei egingo deust, nik entzungo, ospez jantzi ta libratuko.
Bizi luzea nik emongo, salbamenera eroango.
3. Jaunari deutso begiratuko ta distiratsu egongo;
hark aurpegia alai izango eta ez da lotsatuko.
1. Goi-goiko Jauna babes dozuna, esan zure Jaun onari:
«Oi Jainko, zeugan dot konfiantza, zeu zaitut bizi ta sari».
Damu-otoitza
Izan dakigula gozoa Jainkoaren errukiaz topo egitea:
† Erruki, Jauna.
—Pekatu egin dogu-ta.
† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona.
—Eta salbau gagizuz.
(Edo)
Zabaldu egizuz, Jauna, zure errukizko ateak
eta askatu guregan pekatuaren kateak.
Parka, Jauna zure semeon hutsegiteak.
Parkatu eiguzu, Jauna, egin dogun txarragaitik;
parkatu baita egiteko itxi dogun onagaitik
eta ez gaitezan aldendu zure bidetik.
Has 22, 1-2…
Semitarren artean ohikoa zan Jainkoari lehen semea edo alabea opari eskeintzea. Baina Jainkoak holango gauzarik ez dauala eskatzen azaltzeko idatzitakoa entzungo dogu. Jainkoak geu gura gaitu opari, eta bizirik, ez beste inor hil daigun.
Sal 116
Bizi izan daitela gizakia, osasuntsu eta zoriontsu, gura dau Jainkoak. Eta gizakiak otoitzez eta konfiantzaz erantzun leikio.
Erm 8, 31b-34
Paulorena Jainkoagan uste osoa dauan gizakiaren jarrerea da. Harek Kristo aurkitu dau, besarkatu eta maite-maite dau. Ikasiko bagendu beragandik!
Mk 9, 2-10
Itun Zaharretik hartutako irudi eta ezaugarriz garoaz Markos ebanjelariak gure jarrera eskaxak aztertzera eta uste osoa Jesusengan jartera. Egin deiogun harrerea goralpen abestiaz:
AINTZA, JESUS, ZURI BETI: ZU ZARA GURE ARGI
Herri-otoitza (ESKARIAK)
Gure salbazinoa Jainkoari entzutea dala jakinik, jaso deioguzan uste osoz gure kezkak eta beharrizanak:
—Eleiza amaren alde: iraganari edo ohitureari edo besteen zerresanari lotuegia egon ez daiten, Jainkoaren berbea entzuten jakinez, bere seme-alabei irakatsi deien, egin daigun otoitz.
—Hainbeste bildur eta negarren artean, gaurko gizakiak burua jasoten jakin daian, Jesusegaz topo eginez, Jainkoak gizakiaren ona gura dauala aurkitu daian, egin daigun otoitz.
—Ahaltsuak eta dirutsuak egoera honetan etekin bila dabilz makalen erruki barik. Zulo baltz horretatik urteteko, somau daien Jesusen argitasuna, egin daigun otoitz.
— …/.., egin daigun otoitz.
—Jainkoaren hitza ospatzen dogunok izan gaitezan ha entzuteko gauza, eta bizitza haragitzeko Jainkoaren seme-alaba maiteak garala azaleratuz, egin daigun otoitz.
† Zeugazko hartu-emonetara deitzen gaituzun Jainko ona: ez gaizala ezerk zugandik aldenduazo. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
1) Basamortuan zehar dabila Jainko-herria erromes;
argi, bake ta maitetasuna dakarren zeruen galdez.
Agindu-lurra Jainkoak deutso emongo kateen ordez;
penak utzita poztu daitezan bizi barri baten pozez. R/.
R/. Zure pozetan goaz, Jerusalen barri;
fedeak zuregan dau bere ziment-harri.
Maitasunak zu zaitu bere berogarri.
Biztu itxaropena zure herriari.
2) Israel barri kurutzearen ondoren doa bidari;
bide iluna argitutzeko hodeia dauka gidari.
Zerua dau hark, Kristok agindu, erreinu eta lur barri;
beronek deutsoz oinak sendotzen Jainko-herri barriari. R/.
3) Herriak euren minaren minez dagoz ezin-egonetan;
bake, poz, argi, egia eta maitetasun bilaketan.
Entzun zuk hareen negar antsia, eutsi bideko nekeetan,
larri dabilz-ta zure etxe-bila fedearen urratsetan. R/.
Jaungoikoaren hegoenpean: ze bakean! (2)
Indar guztiak dituenaren kerizpean (2).
Jauna, nik dinot: "Nire kerizpe dot zuregan;
bihotz guztiaz nago Jaunaren eskuetan."
Azkenean
Ez daigun ahaztu: otoitzak ez deusku bidea erreztuko edo lau-lau, oztopo barik, jarriko. Oztopoak aurkituko doguz, baina ondo-ondoan somauko dogu Jainkoa, haren Espirituak geugan diharduala. Horrexek egingo gaitu garaile eta poz-emoile. Jo daigun, ba, otoitzera, han Jainkoaren ahotsa entzuteko asmoz.
Jaungoiko santua
Jaungoiko indartsua
Jaungoiko hilezkorra:
gatx guztietatik
gorde gagizuz, Jauna.
Senideok: Jesus Espirituak darabilan gizona dala ospatu ondoren, eta Otoitzaren, Barauaren eta Limosnaren garrantziaz jabetu ondoren (geuk ere Espirituak erabili gaizala gura dogulako), gaurko Liturgiak gure bizitzan aurkituko doguzan une gatxen aurrean jarten gaitu.
Ez uste izan otoitz egiten dauanari Jainkoak bidea erraztu egiten deutsonik. Ez horixe! Ez deutso bidea lautzen edo handik oztopoak kentzen, beste hauxe baino: adore emoten deutso eta beti dagoala bere ondoan esaten deutso.
Guk zer gura dogu, senideok? Erreztasuna bilatzen dogu ala geuk egin gura dogu bidea, eta, gauzak ilun eta gatx jarten jakuzanean, Jainkoaren hurtasuna eta harek adore emoten deuskula somatu?
Abrahami ezin gatxago egiten jako bizitza. Luzaroan itxaron dau, eta, semea lortu dauanean, hil egin behar dau Jainkoari opari eskeintzeko. Halan ete da? Hori ete da Jainkoak eskatzen dauana? Laster ikusiko dogu ezetz: Jainkoak berak jarten deutso-ta eskura oparia. Jainkoak ez dauz gure gauzak gura; geu gura gaitu. Eta harengandik hainbat gauzak aldentzen gaituenez, horreexek danak bazterreratu behar izango geukez. Eta zein gatx egiten jakun sarritan!
Ebanjelioan Pedroren jarrereak azaleratzen deusku hori. Pedro harro eta pozik agertzen da Jesus bere aintzan ikusteaz. Baina argi dago ezer ez dauana ulertu: Moises eta Eliasegaz parekatzen dau, eurentzat hiru oihal txabola egiteko prest egoteraino.
Baina ahotsak beste gauza bat dino: Hareen gainetik dagoala Jesus, hauxe dala Jainkoaren Seme maite-maitea, eta beroni entzun behar jakola. Ulertuko ete dau/dogu? Jainkoaganako bidea ez da Legea betete hutsa, edo Profetei entzute hutsa… Guzti horrek Jainkoari entzutera eroan behar gaitu; eta hori Jesusengan baino ez dogu egin ahal izango.
Gure bizitzan, ba, senideok, ez dogu bilatu behar Jainkoari gauzak emotea, eskeintzariak egitea, haren seme-alaba maiteak garala agertzea baino. Horixe ikasiko dogu Jesusengan. Eta hori, Espirituak gugan egin ahal izan daian, hainbeste uste, ohikeria edo erosokeria bota behar izango doguz albo batera. Eta ez da erreza.
Zein da bidea? Otoitza! Hau da: Jainkoagazko hartu-emonak, hari entzuten ikastea, eta horren gozotasunean eta pozean bizi izatea.
Guk egin geikezan gauzak, ba, ez deuskue meriturik irabaziazoten Jainkoaren aurrean; gehien-gehien, Espirituak diharduala gugan agertzen deuskue. Ez dira, ba, gure ahaleginen lorpen, Espirituaren lana baino. Horretarakoxe behar dogu otoitza: guzti horren barri emoteko, Jainkoaren hurtasuna somatzeko, eta haren seme-alaba garala agertuazoteko.
Gure egunerokoan bilatu behar dogu, ba, zelan gauzatu gure eginkizun hau. Geure buruari uko egitea eskatuko deusku behin baino sarriagotan; lehenengo lekuan senidea jartea, askotan; eta, gehienetan, pazientziaz eta apaltasunez jokatzea.
Begitu daigun geure ingurura: etxean bertan, lantegian, hartu-emonetan… zelan agertu geike Jainkoagandiko poztasuna? Zelan partekatu geike ingurukoekaz?
Txarto ikusten doguna kritikatzetik harago jo behar dogu; egoerotan ontasuna ezarten ahalegindu geintekez; gaizkilearen jokabidea ulertuz, hari txarto egitetik urteten lagundu; eta beharrizanean aurkitzen dogunari eskua luzatu…
Zein gatx egiten jakuzan gauzok! Eta egitea ezeze, holango beharrizan egoerak ikustea bera ere gatx egiten jaku, geurean, geure uste eta ohituretan egoten garalako.
Jesusen Espirituak eroan gaizala begiak zabaltzera, entzumena zoli eukitera, Jainkoari entzuteko; eta emon deigula adore Jainkoaren seme-alabatasuna eta harek maite-maite gaitula gure inguruan zabaltzeko.
I. IRAKURGAIA
Sinesmenean gure aita dogun Abrahamen oparia.
Hasiera liburutik (Has 22, 1-2. 9a. 10-13. 15-18)
Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu gura izan eban eta dei egin eutsan: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera, eta eskeini egidazu erre-oparia, Nik erakutsiko deutsudan mendi gainean».
Aita-semeak Jainkoak esandako lekura heldu ziranean, Abrahamek altarea eregi eban eta egurra prestau. Eskua luzatuz, hartu eban Abrahamek aiztoa bere semea hilteko. Baina Jainkoaren aingeruak dei egin eutsan zerutik: «Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan: «Ez luzatu eskua zeure semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirunea deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra bera ere ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi eban adarretatik sastraka artean kateatua, hartu eta erre-oparitzat eskeini eban semearen ordez.
Barriro ere dei egin eutsan Jaunaren aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hau dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra baizen ugari egingo ditut, eta arerioen uriez jabetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».
ERANTZUN SALMOA
Sal 115, 10 eta 15. 16-17. 18-19
R/. Salbamen-kopea dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Sendo nengoen fedean,
«Ni bai zoritxarreko» esatean ere.
Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotzea. R/.
Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza:
Gorespen-oparia deutsut eskeiniko,
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.
Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.
II. IRAKURGAIA
Jainkoak bere Semeari berari
ez eutsan parkatu.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 8, 31b-34)
Senideok: Jainkoa gure alde badogu, nor gure aurka? Bere Semeari berari parkatu ez eutsanak, eta gu guztion alde heriotzara emon ebanak, zelan ez deusku Haregaz batera dana dohairik emongo?
Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratutakoak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristok, hil zanak, biztu ere egin zanak, Jainkoaren eskumaldean dagoan eta gure alde otoitzean diharduanak?
EBANJELIOA
Hauxe da nire Seme maitea.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik (Mk 9, 2-10)
Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eroan zituan eurak bakarrik. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean. Jantziak disdiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri daikezan baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
Pedrok esan eutsan Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban; izan ere, zehatz bildurrak harturik egozan.
Orduan, hodei batek estaldu egin ebazan, eta ahots batek urten eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta haretan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi eben eurakaz, beste inor ez.
Menditik behera jaisterakoan, ikusi ebenaren barri inori ez emoteko agindu eutsen Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori bete eben, baina alkarri itauntzen eutsoen zer izan ete leitekean «hilen artetik bizte» hori.
HOMILIA
Garizumako 2. domeka honek, senideok, Jainkoak egiten deuskun opariaren aurrean jarten gaitu, eta opari horregaz egiten doguna aztertzera garoaz. Lehenengo irakurgaitik gehiago, sinismenaren handitasuna aurkitu dogu: Abrahamek uste osoa dau Jainkoarengan; ez dau bererik ezer; dana dau Jainkoarentzat; Jainkoak emon deutson agintzariaren semea bera ere bai: dana! Bera jarriko deusku tradizinoak eta agertuko deusku gaurko Liturgiak, Jainkoaren Seme Jesukristoren ezaugarri. Berau dogu, Jesus, Jainkoak geure esku jarten dauan erregalua: Jainkoak bere atsegin osoa honexengan dauala dinosku, eta beroni entzun deiogula. Abrahamek bere semearen eskeintza egiten dauaneko idaztia, eta Tabor mendian hiru ikasleek ikusten eta entzuten daben gertakaria kontuan izanik, sartu gaitezan gure bizitzarako ondorioak ataratera.
Garizuma aldian Jainkoagazko gure hartu-emonak areagotzea gura dogu. Egia da —onartu gura ez badogu ere— hain txarrak eta gaizkileak izan ez arren, otoitz egunero egin arren, eta mezatara abiatu arren, gure bizitzan Jainko barik lez bizi garana. Egia da, bai, une baten edo bestetan, edo egunean zehar hainbestetan aitatzen doguna Jainkoa, edo hari erreguka diharduguna. Bai, egia da. Baina horrek ez dau ezabatzen egindako baieztapena: Jainko barik lez bizi garala.
Gure arazoen aurrean, gure inguruko bidegabekeria edo gertakari onartezinen aurrean, Jainkoagana joko dogu, behar bada. Baina gehienetan, edo beti, hari kontuak hartu guran: ea zergaitik ez dauzan eragozten zintzoen edo errubakoen atsekabeak, edo gaizkileen gaiztakeriak, edo geure ustez gehiegikerietan diharduenen egintzak, edo besteen lepotik barre egiteak, edo… Beste zenbat egoeraren kontuak eskatzen ete deutsoguz Jainkoari! Eta hori ete da Jainkoa gogotan izatea?
Abrahamen jarrerea, edo Jesusena, Jainkoari kontuak hartzea da, ala bere eskuetan eta esanetara norbera jartea? Hareentzat, Jainkoa helburua da; eta guretzat, behar bada, nora ihes egin daukagun tokia. Bai Abrahamek eta bai Jesusek ere, Jainkoari entzuten dakie, eta beti dagoz haren esana beteteko prest, norbere ezelango gauzarik aurreztu barik, salbuespen barik: uste oso-osoa dabe Jainkoagan.
Guk, behar bada, Jainkoari geure burua eskeini beharrean, beste gauza asko eskeintzen deustoguz…, geure alde egon daiten, gure arerioak edo gure oztopoak edo ezinak, edo mugak ezabatu deiguzan. Bere entzule izan beharrekoan, bera jarten dogu, edo gura dogu jarri, geure entzule.
Abrahamen pasarteaz, Jainkoari eskeintzari lez gizakirik eskeintzea ezabatu gura dau idazlari sakratuak: Israelek ez dau onartuko Jainkoari gizakirik eskeintzea, inguruko herriek hain ugari egiten ebezan eskeintzariak: Jainkoak berak emoten deusku zer eskeini, eta dinosku zer dauan atsegin; ebanjelioan agertzen jaku gauzaturik Legearen eta Profeten testigantzaz: Jesusengan dauala danak bere betetasuna; harexi entzun behar deutsogula eta ez beste inori: ez ahaltsuei, ez diruari, ez aginpideari, ez komodidadeari… Noren aginduak entzuten doguz guk?
Jesusi entzuteak eroango gaitu behartsuei entzutera, aurrean erabiliak direnei entzutera… Eta entzungo doguz esplotatuen garraxiak, etorkinen negarrak, pobretuen ai-eneak… Eta eurengana bultzatuko gaitu bere laztana eroateko: Jainkoa honeexen ondoan dagoala eta maite dauzela iragarteko; horrexegaitik gagozala euren ondoan esateko.
Bihozbarritze aldia dogu Garizumea, eta badaukagu bihozbarritu beharrik, gure usteetatik urten beharrik, Jesusenganatu beharrik… harexi baino ez entzun beharrik!
OTOITZA
Jainkoa ez dago urrun, hortxe bertan baino:
hitz egiten deusku eta lankidetzara deitu.
Baina geure ezetzaz egiten dau topo
eta erosokerian aurkitzen gaitu, entzun-gor.
Gauzak errezteko bilatzen dogu Jainkoa,
bizikera erosoa eta osasuntsua emon deigun;
baina haren ardurea bere seme-alabak dira,
batez ere ezinean, bazterkuntzan eta jasapenean dagozanak.
Eroan gaizuz, Jauna, eremura, mendi-gailurrera,
zure hitza entzutera eta zure errukia dastatzera,
bizitzea emotearen poza izan daigun,
uste on osoa zeugan baino izan ez daigun.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.