GARIZUMAKO HIRUGARREN DOMEKEA (-A-)
I. IRAKURGAIA
Emoiguzu ura edateko
Urteera liburutik (Ur 17, 3-7) (ENTZUN)
Egun hareetan, herria egarri zan, eta Moisesen kontra marmarka ziharduan: «Honetarako atara al gaituzu Egiptotik gu geu, gure seme-alabak eta abereak egarriz hilteko?» Moisesek deadar egin eutsan Jaunari: «Zer egin behar dot nik herri honegaz? Harrika egingo deuste laster».
Jaunak erantzun eutsan Moisesi: «Jarri zaitez herriaren aurrean eta eroan zeugaz herri-arduradun batzuk. Hartu eskuan Nilo ibaia joteko erabili zenduan makilea, eta zoaz. Han zure aurrean izango nozu Ni, Horeb mendiko harkaitz gainean. Harkaitza jo eta ura sortuko da handik, herriak edan dagian».
Halan egin eban Moisesek Israelgo arduradunen aurrean. Toki hari Masa eta Meriba —hau da, Tentaleku eta Auzileku— ezarri eutsan izena, han berari aurpegia emon eta Jauna tentatu ebelako, esanez: «Gure artean al dago Jauna, bai ala ez?»
ERANTZUN SALMOA
Sal 94, 1-2. 6-7abc. 7d-9
R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa:
“Ez gogortu zuen bihotza”.
Zatoze, pozez oihu egin deiogun Jaunari,
txalo egin deiogun salbamen dogun Arkaitzari.
Hurreratu gakiozan aurrera esker-kantuekin,
jai deiogun txalo eta eresiekin. R/.
Zatoze ahuspez gurtu dagigun,
egin gaituan Jaunari belaunikatu gakiozan.
Bera da-eta gure Jainkoa,
gu, barriz, Haren larrako herria,
Haren zainpeko artaldea. R/.
Entzungo al dozue gaur Haren ahotsa!:
“Ez gogortu zuen bihotza Meriban lez,
Masa egunean basamortuan lez.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduen,
Nik eginak ikusi arren tentatu ninduen. R/.
II. IRAKURGAIA
Jainkoaren maitasuna gure bihotzetara isurita dago,
Emon jakun Espiritu Santuaren bitartez.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 5, 1-2. 5-8) (ENTZUN)
Senideok: Fedearen bidez Jainkoak zuzentzat hartu gaituan ezkero, bakean gagoz Beragaz, Jesu Kristo gure Jaunari esker. Beroni esker, sinesmenaren bidez emon deusku Jainkoak grazi egoera honetan bizitzea, eta harro gagoz Jainkoaren aintza jadetsiko dogun itxaropenez.
Itxaropenak ez dau huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri deusku-eta bihotzetara, emon deuskun Espiritu Santuaren bitartez. Izan ere, oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo, Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltea; halan ere pertsona on baten alde baleiteke norbait hilteko prest egotea.
Baina Kristo gu oraindino pekatari gineala hil zan gure alde: honan erakusten dau Jainkoak guretzat dauan maitasuna.
EBANJELIOA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten diran zatiak itzi daitekez.
Betiko bizia darion iturburu
bihurtuko da ur hau.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 4, 5-42) (ENTZUN)
Aldi haretan, Jesus Sikar deritzon Samariako urira heldu zan, Jakobek bere seme Joseri ondare emondako lur-arlo ondora. Han egoan Jakoben putzua. Jesus, bideaz nekaturik, putzu ertzean jesarri zan. Eguerdi ingurua zan.
Ikasleak urira joanak ziran, jatekoak erostera. Horretan, Samariako emakume bat etorri zan ura ataratera, eta Jesusek esan eutsan:
«Emoidazu edaten».
Emakume samariarrak esan eutsan: «Zelan zuk, judua izanik, eskatzen deustazu edatekoa niri, samariarra nazan honi?» (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dabela alkarregaz hartuemonik).
Jesusek erantzun eutsan:
«Jainkoaren dohaia zein dan eta edatekoa nork eskatzen deutsun jakingo bazendu, zeuk eskatuko zeunskio berari, eta Harek ur bizia emongo leuskizu».
Emakumeak esan eutsan:
«Jauna, ez dozu ura zegaz atara, eta putzua sakona da; nondik atara behar dozu ur bizi hori? Gure aita Jakobek emon euskun putzu hau eta hemendik edan eben harek, haren seme-alabek eta abereek. Ha baino handiagoa al zara Zu?"
Jesusek erantzun eutsan:
«Ur honetatik edaten dauana, barriro ere egarritu egiten da; Nik emoten deutsadan uretik edaten dauana, ostera, ez da gehiago egarrituko sekula; izan ere Nik emongo deutsadan ura, betiko bizia darion iturburu bihurtuko da-eta Haregan».
Orduan, emakumeak:
«Jauna, emoidazu ur hori, barriro egarritu ez naiten, eta hona ur bila etorri beharrik izan ez dagidan».
[Jesusek esan eutsan:
«Zoaz, deitu zeure senarrari eta bihurtu hona».
Emakumeak erantzun eutsan:
«Ez dot senarrik».
Eta Jesusek:
«Ondo esan dozu ez dozula senarrik; bost izan dozuz, eta oraingoa ez dozu senarra; horretan egia dinozu».
Emakumeak esan eutsan:]
«Jauna, ikusten dot profeta zarala. Gure gurasoek mendi honetan emon eutsoen kultua Jainkoari; zuek, juduok, barriz, Jerusalemen emon behar jakola dinozue».
Jesusek erantzun eutsan:
«Sinestu egidazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez dozuena. Zuek ez dakizue zer adoratzen dozuen; guk badakigu zer adoratzen dogun, salbamena juduokandik dator-eta. Baina badator ordua —hobeto esan, heldu da— egiazko adoratzaileek Aita espirituz eta egiaz adoratuko dabena. Izan ere, Aitak honako adoratzaileak gura ditu. Jainkoa espiritua da, eta Ha adoratzen dabenek espirituz eta egiaz adoratu behar dabe».
Emakumeak esan eutsan:
«Badakit Mesias, hau da Kristo, etortekoa dala, eta Harek, etortean, gauza guztiak agertuko deuskuz».
Eta Jesusek:
«Neu nozu, zugaz berbetan diharduan hauxe».
[Une haretan etorri ziran ikasleak eta harritu egin ziran emakume bategaz berbetan zihardualako. Halan ere, ez eutsan inork itaundu zer gura eban edo zertaz ziharduan emakumeagaz.
Emakumeak ur-ontzia han itzi, urira joan eta jenteari esan eutsan: «Zatoze egin dodan guztia esan deustan gizona ikustera. Ez ete da bera Mesias?»
Jentea uritik urten eta Jesusegana joan zan.
Bitartean, ikasleak arrenka hasi jakozan:
«Maisu, jan egizu!»
Baina Harek esan eutsen:
«Badot Nik beste janari bat, zuek ez dakizuena».
Ikasleek itaundu eutsoen alkarri:
«Norbaitek ekarri ete deutso, bada, jatekorik?»
Jesusek esan eutsen:
«Nire janaria bialdu nauanaren guraria egitea da eta haren salbamen-egintza burutzea. Ez al dozue esaten zuek: Lau hilabete barru uztaroa dogu? Horra, bada, Nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soloak, uztarako horituak. Eta dagoaneko dihardu igitariak lansaria hartzen eta betiko bizitzarako frutua batzen, zelan ereilea halan igitaria, biak poztu daitezan. Honetan bai beteten dala esaerea: “Batek erein, besteak batu”. Zeuek landu ez dozuena batzera bialdu zaituet Nik: beste batzuek egin dabe lana eta zuek hareen lanaren saria jasoten dozue».
Uri haretako samariar askok sinestu eben Jesusegan [emakumeak egindako autormenagaitik: «Egin dodan guztia esan deust».]
Samariarrek, Jesusegana etorri ziranean, eurakaz gelditzeko eskatu eutsoen, eta egun bitan egon zan han. Jesusen berbea entzutean, askoz gehiagok sinestu eben. Eta emakumeari esaten eutsoen: «Orain ez dogu zure esanagaitik sinesten; geuk entzun deutsagu, eta badakigu Hau dana egiaz munduaren Salbatzailea».
Senideok: Garizumako hiru katekesi nagusietan sartzen gara gaurkoaz. Urarena da. Bateoa gogoratzen deusku, eta garrantzi handikoa da. Gizakiok daukagun beharrezkoeneko gauzea da URA; eta urari loturik badago Jesusengan sinistea, kristauok gauzarik eta beharrezkoen lez daukagula Jesusengan sinistea adierazten dogu.
Jesusengan sinisteak ez gaitu mundutik, edo gure ingurutik edo eguneroko arazoetatik ataraten. Bai zera! Egunerokotasuna, hurrekoa eta urrunekoa ere sakonetik bizi izatera garoaz, eta arazoei aurre egitera. Horixe adierazi deuskue irakurgaiek:
Iheska ebilan Moises Jainkoak aukeratu dauan herriaren buru izatera helduko da, eta haren kexa guztiak hartu behar izango dauz bere gain eta erantzun behar izango deutse. Ba dirudi, ordea, gurea beti kexaz bizi izatea dala. Gauzak errez-errez gura doguz egin, eta bat-batean. Baina sarritan itxaron egin behar izaten da, erein edo landatu dana frutu emoteraino heldu arte. Eta ez dakigu itxaroten (eta gero eta gitxiago!). Eta mormoxetan hasten gara, eta harrika egiteko eta inor hilteko ere gauza izaten gara… Zelan adierazten deuskun Urteera Liburuak, hebertarren historioaz, geure historia bera! Eta zelango hurtasuna adierazten deuskun Jainkoak! Baina ez deutsoz bere herriari (ez eta geuri ere, inori ere ez) pasatu beharrekoetatik bat bera ere aurreztuko… Ondoan izango da; baina bakotxak emon behar izango deutso aurpegi. Horixe da sinismena: arazoei aurre egin ahal izateko Jainkoa ondo-ondoan eta laguntzen sumatzea.
Hurtasun hori adierazi deusku ebanjelioak. Jesus emakume batengana hurreratzen da; berba egiten deutso; eta badirudi emakumea badaezpadakoa dana… Guk normaltzak joko geuke, baina ikasleak harrituta gelditzen dira: emakume bategaz berbetan! Eta gainera samariarra!, eta badaezpadako ezkontza-egoeran… Baina, ikusi, senideok: Jesusek ez dau unerik ere galtzen Jainkoaren poza, parkamena, barritasuna eta barruan sortu daiken ur-iturria emoteko danean.
Holangoa da, senideok, gure sinismena? Besteentzat poz-iturri gara? Hurreratzen gara euren arazo, beharrizan eta kexetara, Jainkoari laguntza eskatuz?
Zenbat lurraldetan dagozan uraren faltaz hilten, batez ere umeak. Zenbat ur alperrik galtzen dogun, edo komunean behera botaten… Eta munduko nagusiek ura pribatizatu egin gura dabe. Isilik geldituko ete gara? Ez ete dogu aldarrikatuko ura gizaki guztion eskubidea dala, eta ezin daitekela pribatizatu? Eta horrez gain, beste aldarri asko ere egin geikez; baina ez hebertarren antzera, euren arazoa inork konpontzekotan, Jesusen antzera baino: zerresanei jaramonik egin barik, Jainkoagan uste on osoa jarrita, beretik emonez.
Senideok: gure burua ahul ikusi geike, mormoxetarako izan ezik. Baina ezin geratu geintekez besteek ez dabela egiten-eta, euren aurkako mormoxetan. Geure neurria emon behar dogu, Jesusek adoretsuak gura gaitu-eta. Ulertzen ez eben ikasleei lez, geuri ere Jesusek berak emon behar deuskuz azalpenak; eta alkartu behar dogu horretarako gure elizearen egoereaz jabetzeko, Franzisko aita santuak idatzitako gutun adore-emoilea irakurri eta komentatzeko… Samariako herritar hareek lez esan ahal izateko: orain geurez sinisten dogu, geuk entzun eta ikusi dogulako…
ESKARIAK
† Gure barruan betiko bizitzaraino darion ur-iturria sortuazoten dauan Jainkoari zuzendu deioguzan sufritzen dagozanen garrasiak eta gure kezka eta eskariak:
—Urik ezaz erreta dagozan lurraldeetako gizaki pobretu eta hondatuen alde: hareen egoereak eta garrasiak ura pribatizatu gura daben handikien bihotza bigundu ahal izan daien, eta gizarte solidario eta zuzenago batera bultzatu gaiezan, egin daigun otoitz.
—Krisia sufritzen dagozan lanik gabekoen, etxegetutako familien eta diru-laguntza barik ezer gitxi diranen alde: neurritsu bizi izatera bultzatu gaiezan, eta daukagunetik laguntzera, gure arteko senidetasuna gauzatzeko, egin daigun otoitz.
— Bere ondasun-itxurakeriatik urtetea gatx egiten jakon gure Elizearen alde: bitartean behintzat, behartsuaren ondoan egoten jakin daian, eta handikien zuzengabekeriak salatu daizan, egin daigun otoitz.
—Bateoko iturrian Kristorekin bat eginez, Eukaristiaren mahaian esku hartzen dogunok Jainkoaren poztasuna eroan ahal izan daigun bazter guztietara geure laguntzaz, neurritsu izateaz eta ondoan egoten jakiteaz, egin daigun otoitz.
† Beti eta egoera guztietan geure ondo-ondoan zaitugun Jainko Jauna: ez eiguzu itzi kexatan eta mormoxetan geratzen, eta eroan gaizuz zure aurpegi alaia eta zure Aita/Amatasunaren barri emotera. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
HOMILIA
Senideok: gaurko domeka honeaz Garizuman ondo sartuta gagozela esan behar dogu, eta domeka honetako gaia bizitzaren iturria edo bizitz-egarria dala esango geuke. Zeozertxo daukagunok gauza edertzat daukagu bizia; behar bada, ez da gauza bardina jazoten txirokeria gorrian dagozenekin edo zorrez beterik, osatu ezineko gaisotasunez edo beste oinazez dagozenekin. Galdetu deiogun, ba, geure buruari, lehenengo ta behin, ea maite dogun bizia; ea biziaren egarriz eta errespetuz bizi garen; eta ea zenbateraino maite dogun geure bizia: bera luzatzearren edozer emoteko (baita inor hilteko ere), edo geurea inoren alde emoteko. Gure bizia maite badogu geurea inoren alde emoteko gertu egoteraino, ez gara egongo gaurko irakurgaiak ulertzetik urrun; eta gainera, adoregarri izango ditugu.
Israel zaharra, Ejiptoarren esklabu zana, lanaren zamapean, askatasunaren egarri zan, eta dei egiten eutson bere Jainkoari. Baina askatasuna garestia da: egunero landu behar da; egunero lortu behar da; egunero errespetatu behar da; eta eguneroko zeregin batek laster nekatzen gaitu. Noraino, gainera! Askatzaile lez ezagutu daben Jainkoa iraintzeraino! Maite dau herri honek askatasuna? Maite dau bizia? Ala erosokeria, komodidadea, maite dau? Berea beste batek egitea? Ezelango arazorik ez izatea? Zer da benetan maite dauena? Zenbat bider gagozen geu ere egoera bardinean, dana diruaren truke lortuko dogulakoan. Eta ezin dogula konturatzen garenean, geure mugak onartu beharrean, Jainkoa iraindu! Ai konturatuko bagina San Paulok esan deuskunaz: “Honetan erakusten dau Jaungoikoak guretzat dauan maitasuna: gu pekatariak ginala, Kristo gure alde hil zan-eta.”
Senideok: hainbeste gauza, egoera eta zaharkeriak eragozten deusku Jainkoagandiko bizia, bizi barria ta betea, nahi izatea. Ikusi daigun hori gaurko ebanjelioan (hain aberatsa dogun ebanjelio txatal honetan!).
Samariar emakumea, izen barik agertzen denez, Samaria osoaren ezaugarri da, adituen ustez. Jesus, ba, Samaria osoagaz dago alkarrizketan. Judeguentzat —eta ebanjelari honek irudipean dinosku guzti hau— Samaria jentil herria zan, emagaldua lakoa, eta benetako kultotik aldendua... Eta bai judeguak eta baita Samariarrak ere, euren tradizinoari loturik bizi dira: hareek Jerusalengo Jauretxea dabe; honeek Jakoben ur osina (putzua). Judeguek, ostera, ortodoxian (zuzentasunean) eurak egozela-ta, beste guztiak gorrotatzen zituen, Jesus berbera ere! (Ezagutzen ete dogu holangorik gaur ere, eta geure inguruan?). Baina Samariar jentilak gertu dagoz euren jentilkeriatik urteteko, Mesiasi harrera on eginez: Mesiasen zain dagozelako!
Hona hemen, ba, senideok, laburrean, gaurko liturgiaren esangurea: Egarri da Jesus; baina benetako biziaren egarri; berak dakarren benetako bizia emoteko, erregalatzeko, ezerezen truke emoteko egarri. Eta bera hurreratzen da edozeinengana, danik baztertuena izan arren, danik pekatariena izan arren, danik emagalduena izan arren...; harrera ona, besterik ez dau eskatzen. Alperrik ibiliko gara bizi bila tradizinoetan, kultoan, ortodoxian, eta geure buruak zuritu nahian... Biziaren grazia Jesusek baino ez dauka. Eta bizi hori lortzeko ez da aparteko ahaleginik egin behar; itxurakerietatik urten, ziurkeria batzuk laga, kulto-itsukeriak ta gorkeriak bertan behera laga eta, Jesusi harrera on eginez, bere jarraitzaile bihurtu. Samariarrek esandakoa esan geike orduan geuk ere: “Orain ez dogu zuk esan dozunagaitik sinisten; geuk entzun deutsogu eta ba dakigu Berau dana benetan munduaren Salbatzailea.”
Jesusi egin behar deutsogun harrerea, ba, senideok, ez da egia batzuk autortzea, edo betekizun batzuk betetea, edo nori kalterik ez egitea, edo halantxe ikasi dogula-ta, edo esan deuskuela-ta hortxe irautea. Jesusi harrera egitea, geuk geurez Jesus autortzea da, eta bere bizikerea, Aitaren esaneko bizikerea, geure bizikera bihurtzea. Orduan bai maite izango dogula benetako bizia; bizia errespetatzen dauan bizikerea eta bizia emoteko, ez kentzeko, gertu dagoen bizia. Eta merezi dau!
Iruzkina
Garizumako 3. domeka honek hiru katekesi nagusietako lehenengoa emoten deusku: Jesus Jauretxea "garbitzen" ikusten dogu Joanen ebanjelioan, eta hau dala-ta judeguen begitartean jarten da, batez ere eliz-agintzarien begitartean. Orduko "eliztarrak" jota itziko ditu, nora-ezean, eta bat baino gehiago pozetan eliz-agintariei aurre egiten deutselako.
Katekesi honek gure BATEOA dakarsku gogora: hantxe garbitu ginan, eta bizibarritu; hantxe bihurtu ginan Jainkoaren jauretxe. Gogoratu daigun gure duintasuna; izan daigun gogoan beste guztien duintasuna ere, Jainkoaren seme-alaba lez; bilatu daigun Jainkoa otseintzea garbitasunean, geure burua eskeiniz, Jesusen antzera, eta ez diruz erosi daitekezan eskentzariak, geu lehengotan geratuz, bihurtu barik.
Oraindik aurrera, leku baten barik, pertsona batengan (Jesusengan) goretsi eta gurtu ahal izango dogu Jainkoa; eta, hau dala-ta, beste gizaki guztiengan. Zelango begiramenez begiratu behar izango deutsegun, ba; ezin izango doguz geure nahierara erabili, edozelan, edo menpean hartu, edo euren lepotik barre egin, e.a. Balio handikoa da pertsonea, edozein pertsona, Jainkoaren seme-alaba da-eta.
Kontutan hartzekoa da Jesusen berba hau: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunetan jasoko dot», Jesusek beregana erakarri nahi gaitulako: Jainkoa leku baten gurtzetik beragan aurkitzera eroan nahi gaitulako. Eta Jesus horrengan behartsu guztiak aurkituko doguz: eurengan gurtu geike eta otseindu Jainkoa.
Begira, beste aldez, zelango begiramenez hurreratzen jaken Jesus uso-saltzaileei; usoak txiroek egiten ebezan eskeintzarietarako ziran. Esan geike, honeekaz, txiroekaz, Jesusek begiramen handia dauala; uso-saltzaileei berba egiten deutse, eta gogoratuazo zertarako dan Jauretxea, Jaunaren etxea: ez norbere "negozio"rako, Jainkoagazko hartu-emonetarako baino. Eta hartu-emonok Jesusen bitartez baino ezin geikez gauzatu...
Orduko juduek ez eben ulertu, ez eben onartu..., minduta, Jesus paretik kentzea bilatuko dabe.
Guk ere "beste" bitarteko batzuk bilatuko ete doguz Jainkoagazko hartu-emonetarako? Ala Jesusi jaramon egin eta "senideagan" otseinduko dogu Jainkoa eta gurtu, honengana begiramenez hurreratuz, eta hau menperatzea eta norbere gogora erabiltea bilatu barik, ha maitatzea bilatuz?
OTOITZA (ENTZUN)
Ura! Zein gauza ederra dan ura!
Baina gure artean gitxi estimatua.
Eta bera behar danok, bizi izango bagara!
Horixe da Sinismena:
ederra, eta gutxi estimatua;
eta beharrezkoa sakoneko bizikerarako.
Jesusegazko alkarrizketan lortzen da:
ez da egia batzuk buruan erabiltea,
edo errezu batzuez Jainkoa menpe jartzea.
Jesusegaz topo egiten dauanari
ur jarioak lez sortzen jako barruko bizitzea,
betikoraino irauten dauana.
Emoiguzu, Jauna, zeure uretik,
sakoneko bizitzaz bizi izan gaitezan
alkarren errespetuz eta zerbitzari.