I. IRAKURGAIA
“Nazana naz” deritzonak bialdu nau zuekana.
Urteera liburutik (Ur 3, 1-8a. 13-15)
Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen zituan. Behin, basamortuan zehar eroan zituan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean isiotutako sugarretan. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik ere, ez zala erreten.
Moisesek esan eban: «Hurreratu naiten gauza harrigarri hori ikustera: zelan izan leiteke sasia ez erretea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutsan sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu!» Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: «Zure arbasoen Jainkoa naz, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez.
Jaunak esan eutsan: «Ikusi dot neure herriaren atsekabea Egipton eta entzun dot hareen oihua euren zapaltzaileen zigorpean; bai, jabetu naz hareen oinazeez. Eta egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naz, eta lurralde haretatik lurralde on eta zabal batera, esnea eta eztia dariozan lurraldera, igonazotera».
Moisesek esan eutsan Jainkoari: «Hara, joango naz israeldarrakana eta "Zuen arbasoen Jainkoak bialdu nau zuekana" esango deutset; baina hareek "zelan dau izena?" itauntzen badeuste, zer erantzun behar deutset?» Jainkoak esan eutsan: «Nazana naz Ni. Honan esango deutsezu israeldarrei: "Nazana naz" deritzonak bialdu nau zuekana».
Jainkoak esan eutsan Moisesi gainera: «Esan israeldarrei: "Jaunak, zuen arbasoen Jainkoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak eta Jakoben Jainkoak, bialdu nau. Horixe izango da nire izena betiko; honan deituko deustazue belaunaldiz belaunaldi "».
ERANTZUN SALMOA
Sal 102, 1-2. 3-4. 6-7. 8 eta 11
R/. Errukior da Jauna eta bihozpera
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barren osoak haren izen santua.
Bedeinkatu bedi nire arimak Jauna,
ez begiz ahaztu haren mesedeak.
Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gaitz guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu.
Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak erakutsi eutsazan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei.
Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi.
II. IRAKURGAIA
Herriaren bizitza Moisesegaz basamortuan,
eta gure eskarmenturako idatzi zan.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ko 10, 1-6. 10-12)
Senideok: Jakin behar dozue, gure arbasoak danak egon zirala hodeipean eta danek igaro ebela itsasoa; danek hartu eben bateoa hodeian eta itsasoan, Moisesegaz bat egiteko; danek jan eben espirituzko janari bera, eta danek edan espirituzko edari bera. Izan ere, eurakaz joian espirituzko harkaitzetik edaten eben; eta harkaitz ha Kristoren irudia zan. Halan ere, hareetako asko eta asko ez jakozan atsegin izan Jainkoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan.
Gauza honeek guretzat ikasbide izateko jazo ziran, gaiztakeriarik gura ez dagigun, hareek gura izan eben lez. Ez dagizuela marmarrean jardun, hareetako batzuk jardun eben lez, eta aingeru hondatzailearen esku hil ziran.
Hau guztia gure ikasbiderako jazo jaken eta gure eskarmenturako idatzi zan, azken sasoi honeetan bizi garanok zentzarazteko. Beraz, zutunik dagoala uste dauana ibili bedi kontuz jausi ez daiten.
EBANJELIOA
Bihozbarritzen ez bazaree,
guztiok era berean galduko zaree.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 13, 1-9)
Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuei jazotakoaren barri emotera: zelan Pilatok hil zituan, hareen odola eskeintzen ziharduela oparienagaz nahastuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste al dozue galilear hareek beste galilearrak baino pekatariago zirala, holako heriotzea izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree.
Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste al dozue beste jerusalemdarrak baino errudunago zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree».
Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek pikuondo bat eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutsan mahastilariari: "Bada hiru urte pikuondo honetara piku bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Moztu egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?"
Mahastilariak, ostera, erantzun eutsan: "Jauna, itzi egizu aurtengoz; bitartean, ingurua atxurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta bestela, moztu"».
HITZALDIA
Garizumea, senideok, bihozbarritze aldia dogu, Jainkoak beragana bihurtzeko eskuratzen deuskun aldia. Domekero mezatara gatozenok eta sakramentuak hartzen doguzanok, eta kalte handirik egin ez, bihozbarritzearen beharrik ez daukagula uste izan geike: hori beste batzuentzako, pekatarientzako edo elizea zapaltzen ez dabenentzako izango dala…
Ez daigun ahaztu —edo ahaztu badogu, gogoan hartu daigun— Jesusek bere sasoiko eliztarrekaz (abade nagusi, farisear, lege-maisu eta agintariekaz) izaten ebazala eztabaidarik handienak, eta hareen artetik sortuko jakozala paretik kenduko daben arerioak. Pekataritzat eukien artean, ostera, lagunik handienak eukazan, eta honeexen artetik jasoten ebazan oneritziak eta txaloak. Hau gogoan hartuz, ba, goazen gaurko liturgian bihozbarritzeko deia entzutera.
Paulok Korintoarrei egindako gutunean irakurri dan zatitxoan argi itzi deusku otoitz egin geikela, sakramentuak hartu, domekero etorri mezatara eta on asko egin… eta Jainkoaren gogoko izan eztea. Orduan? Bai, senideok: guk uste doguzan betekizun guztiekaz arduratu geintekez geure burua salbatzeko, eta bihotza Jainkoagandik, eta Jainkoak maiteen dauzan pobre eta jazartuengandik urrun euki geike…
Lehenengo irakurgaian agertu jaku Jainkoaren gogoa: ezin dau sufritzen ikusi bere seme-alabarik, eta morrontzan eta berari deika dagoan herria askatu egingo dau; baina horretarako prest legoken gizon baten eskutik. Honek (Moisesek) hainbeste baina edo oztopo jarriko deutsoz, baina, azkenean, amore emongo dau eta Jainkoak eskatzen deutsona egitera abiatuko da, bere makaltasun guztiekaz, baina uste ona Jainkoagan dauala. Badinosku honek ezer, senideok?
Ebanjelioan irudi bidez ulertu geike beste zer gertatu daiteken… Mahastia Jainkoaren herria da. Eta ez dau fruturik emoten, ikondoaren erruz (tenpluaren ezaugarri ikondoa). Berak ez dau fruturik emoten eta lurreko onurak xurgatzen dauz, mahastiari fruturik emoten ez izteraino. Mahasti zainak, horraitino, (hau Jesus da), errukia hartzen deutso: bera arduratuko da ingurua atxurtzen, sats egiten eta beharrezko zaintza guztiak emoten… Baina onartuko dabe Jesus? Ikusten dogu zelango oztopoak aurkitzen dauzan.
Iruntzita dauka jendeak (agintariek halantxe irakatsi deutsee-ta) zoritxarrak Jainkoaren zigorra dirala. Eta Jesusek Jainkoak ez dauala inor zigortzen irakatsi gura deutse, zoritxarrak geure makaltasunaren, gizaki izatearen, ondorio dirala… Baina ez dabe onartu gura. bestetara uste izateak lasaitasuna emoten deutse.
Jesusek ostera ez dau beretzako lasaitasunik bilatzen, sufritzen dagoanaren ondoan egotea baino. Horixe da Jainkoaren antzera jokatzea. Jainkoak kaltetuen oihuak entzuten dauz, eta ez euren kontzientzia lotan jarri dabenen otoitzak, errezuak eta goralpenak.
Gogoan hartu behar dogu hau, senideok: elizkizunek eta sakramentuetara hurreratzeak ez gaituela lotan jarri behar, ez deuskuela kontzientzia lasaitu behar; begiak eta patrikerea zabaldu behar deuskue, bihotza samurtu behar deuskue eta errukia biztu behar dabe gugan, sufritzen dagozanekaz bat egin daigun euren alde jokatzeko eta euren garrasi izateko. Elizkizunak eta sakramentuetara hurreratzeak, ba, ez gaitue heriotza unera begira jarten, oraingoxe geure une eta ingurura baino. Hortxe emon behar dogu gure bizia Jainkoak berbiztu gaizan.
Bihozbarritze bidean jarteko, aztertu daigun etxean bertan kristautasuna bakotxak bere erara bizi dogun, besteen ardura barik, ala alkarregaz bilatzen dogun Jesusen argitasuna eta Jainkoari zelan erantzun. Kristautasuna alkarregaz bizi ez daigun artean, bai elizkizunek eta sakramentuek eta otoitzek eta erlijino praktika guztiek kalte baino ez deuskuela egiten autortu behar izango dogu. Guzti hori ebanjelioko ikondoa litzateke: berak fruturik emon ez eta emoten ere itzi ez.
Egoera horretan Jesusengana jo geike. Berari eskatu geikeo ingurua atxurtu deigula eta satsitu, errukiz hartuz, ea frutu emon geiken aurrerantzean.
OTOITZA
Gure okerkerietatik eta alperkeriatik
atara egin gura gaituzu, Jauna,
baina oztopoak jarten deutsuguzala
eta geureari gogor eusten deutsogula aurkitzen dozu.
Ikusi daigula argitasunez
ez gaitula salbatzen alkarregazko esperientziak,
ez bakotxaren betekizun eta erlijino praktikek,
Jainkoaren antzera errukitsu izateak baino.
Emoiguzu, ba, zure esanetara zabalik egotea
eta zoritxarrean dagozanen oihuak entzutea,
uste on osoa Jainkoaren laguntzan jarriz,
bere antzeko errukitsuak izan gaitezan.