Lagungarriak orri honen oinean
(Ikusteko, klikatu ezkerreko irudia; inprimagarria jaisteko, klikatu eskumaldeko gezia)
I. IRAKURGAIA
Jl 2, 12-18
Urratu egizuez bihotzak, ez soinekoak.
Joel Profetearen liburutik
Jo turuta Sionen, antolatu baraualdia,
dei egin batzarrera;
batu herria batzar santura,
batu zaharrak, ekarri umeak, baita bularrekoak ere.
Urten begi senarrak ezkongelatik,
emazteak ezkon-ohetik.
Negar egin begie atari eta altara bitartean
abadeek, Jaunaren zerbitzariek.
Esan dagiela: “Parkatu, Jauna, parkatu zeure herriari;
ez itzi lotsatan zeure ondarea,
ez dagiela menperatu atzerritarrek,
ez dagiela esan beste herriek:
Non dabe, bada, euren Jainkoa?”»
Bere lurraldeaganako maiteminez bete zan Jauna
eta parkatu eutsan bere herriari.
ERANTZUN - SALMOA
Sal 50, 3-4. 5-6ab. 12-13. 14 eta 17
Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.
Erruki zakidaz, Jainko, zure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik.
Nire bihurrikeria ezagutzen dot,
nire hobena beti begien aurrean daukot.
Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri bakarrik,
zure begietan oker dana egin dot nik.
Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan,
arnasa bizkorra barritu egizu nire barruan.
Ez nagizu urrundu zeure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri.
Zure salbamenaren poza bihurtu egidazu,
zure arnasa zabalez sendotu nagizu.
Edegiko eustazuz ezpanok, Jauna,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
II. IRAKURGAIA
2 Ko 5, 20—6, 2
Adiskidetu zaiteze Jainkoagaz:
oraintxe da ondogura sasoia.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
Senideok: Kristoren ordezkari gara, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban Ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbamena lortu gengian.
Jainkoaren lankide garean ezkero, eskatzen deutsuegu, ez dagizuela alperrik hartu haren grazia. Izan ere, Jainkoak dino: «Ondogura-sasoian entzun deutsut, eta salbamen-egunean lagundu». Begiratu, beraz: oraintxe da ondogura-sasoia, orain salbamen-eguna.
EBANJELIOA
Mt 6, 1-6. 16-18
Ezkutuan ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Begiratu, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikusi zagiezan! Bestela, ez dozue zeruetan dagoan Aitaren saririk izango.
Limosnea emotean, beraz, ez ibili aurretik turuta joten, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibilten diran lez, jenteak txalotu dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk limosnea emotean, ostera, ez bedi jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskumeak; holan, zure limosnea ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten dauan zure Aitak emongo deutsu ordaina.
Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek lez; horreek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutunik otoitz egitea maite dabe-eta, jenteak ikusi dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zu, ostera, otoitz egitean, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoan zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak lez, aurpegia itsustu egiten dabe-eta, barau egiten dabela jenteari agertzeko. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk, ostera, barau egitean, igurtzi zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jenteak ez, ezkutuan dagoan zure Aitak baino ikusi dagian zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina».
ESKARIAK
† Jainkoak bihozbarritzera deitzen gaitu eta baraua, otoitza eta limosnea eskeintzen deuskuz bide lez. Zuzendu deioguzan gure eskariak:
—Elizako artzainen alde: handikeria guztia eta apainkeriak alde batera izteko gauza izan daitezan eta Elizearen pekatu historikoen parkamena publikoki eskatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Herrietako agintari eta nagusien alde: euren onureari begira eta ondasunak zelan metatuko bilatu barik, sufritzen dagozenen oihuak entzun daiezan, eta herrien alkartasunaren alde lan egin daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure Gizartean nor gehiagoka jarduteari uko egin deiogun eta alkarrentzako laguntza eta euskarri izatea bilatu daigun,eskatu deiogun Jaunari.
—Behartsuak, alboratuak, aurrean erabiliak eta errukirik jadesten ez dabenak lehenak izan daitezan gure Eukaristi mahaietan, eskatu deiogun Jaunari.
—Barau, limosna eta otoitz egitera deituak izan garanok Jainkoaren graziazko aldi hau eskertzen jakin daigun erantzun eskuzabalaz, eskatu deiogun Jaunari.
† Jainko errukitsua: bihurtu gaizuz zeugana eta izan daiala leku gure bihotzean behartsuak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
IRUZKINA
«Egitekotan ondo egizu, edo bestela ez egin» entzuten dogu sarritan, edo esan ere egin dogu... Baina hemen Jesusek dinoskuna ez da "ez egin", "ondo egin" baino. Hau da: egiten dozuna ez daitela izan besteek ikus zaiezan, besteen txaloak eskuratzeko... Batez ere "ezaugarri" lirateken agerpenez dihardu.
Ulertu daigun: Jesusengan sinistea ez da erakustezina, edo barruan, ezkutuan, eroan behar dogun gauzea. Horren barri emon behar dogu, erakutsi egin behar dogu. Baina ez inoren txaloak eskuratzeko, ikusten gaituenak ere Jesusengana, ezaugarridun bizitzara, erakarteko baino.
Eta hona hemen GARIZUMearen hasieran aurrean jarten jakuzan ezaugarriak. Hiru dira, osotasuna adierazten dabela: eskupekoa (edo limosna), otoitza eta baraua.
Gauzok ez dira eginbeharrekoak, ezinbestean; barru egoera bat adierazteko egin daitekezanak baino. Egin behar dirala-ta, egin daitekez; baina Jesusek beste hauxe dinosku: egiten dogun hau Jainkoak saritzeko eran egin daigula. Zein da era hori?
Gu garen eta guk egiten dogun edo esan geiken edozerk dauka, ba, zelan-halango eragina gure inguruan. Ona da hori kontuan hartzea.
Eskupekoak (limosneak) geure patrikerea, ondasunak, ziurtasuna, "jainkotxoa", zulatzea eskatzen deusku; bide honetan zehar besteengana heltzen gara; hareen beharrizana geure beharrizan bihurtzen dogu; ondasunen banaketa zuzenagoa adierazi geike...
Otoitz egiteak, gure esku ezertxo ere ez dagoela adierazi daike; dana dagoela Jainkoaren esku; eta bere ahalmenak bultzatzen gaitula bere ondasunen barri emotera. Otoitzak, ba, besteengana naroa. Otoitza ez da Jainkoa neure alde jarteko lanabesa, bere esanetara jarteko erea baino. Otoitzean Jainkoarekin bat egiten danak, bere "begiz" begiratuko dau ingurura eta "ikusiko" dauz behartsuak, eskua luzaturik, eskale; eta jarriko dau eskuotan bere bihotza.
Barauak neurritasunean bizi izatera garoaz; asekerian ez galtzera; beti erne egotera... Zeozeren faltan gagozanean ez gara geure barruan itotzen; jaso egiten dogu burua, eta itxaroten ikasten dogu. Ona litxakigu, egunotan batez ere, asekeriatik urten eta burua jasotea, besteak ere ikusteko, otoitzaren bultzadaz eurengana heltzeko, eurekaz gure ondasunak alkarbanatzeko.
Horrela joango ginateke Garizumako ibilbide hau Pazkoaren POZERA eta ZORIONERA bideratzen. Bilatu daigun guzti hau barneratzeko (norberetzeko) beharrezko dogun isiltasuna.
(Ikusteko, klikatu ezkerreko irudia; inprimagarria jaisteko, klikatu eskumaldeko gezia)