I. Irakurgaia
Ez deutset aurpegia alboratu irainei,
eta badakit ez nazala lotsagarri izango.
Isaias Profetearen liburutik (Is 50, 4-7)
Jainko Jaunak berba egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-berbea emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.
Bizkarra eskeini neutsen joten ninduenei,
matrailak, bizarretik tiraka egiten eustenei.
Ez neutsen aurpegia alboratu irainei eta txistuei.
Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harkaitza lez,
badakit-eta ez nazala lotsagarri izango.
Salmoa
Sal 21, 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24
R/. Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu eskutik?
Ikusten nabenak holan dabilkidaz barreka,
ezpan-keinuka eta buru-eraginka:
“Jaunagan dau uste on,
salbau begi; maite badau, onik atara begi”. R/.
Txakur-taldeak nauka inguraturik,
gaizto-taldeak erdian harturik.
Esku-oinak zulatu deustez,
hazur guztiak bat-banatu daikedaz. R/.
Nire jantziak eurentzat banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egin dabe.
Zu, ostera, Jauna, ez egon urrun,
Zu nire indar, zatorkidaz arin lagun. R/.
Nire senideei zure izena deutset iragarriko,
batzarraren erdian zaitut goretsiko.
“Goratu egizue Jauna, beldur deutsazuenok,
Jakoben seme guztiok, ospatu egizue,
izan Haren bildur, Israelen seme guztiok”. R/.
Irakurgaia 2
Apaldu egin eban bere burua;
horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik (Flp 2, 6-11)
Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutsan gogor eutsi Jainkoagaz bardin izateari;
bestela baino, bere izaeraz hustu egin zan
morroi-izaerea hartuz,
eta beste edozein lez azalduz.
Eta, gizon lez agerturik,
apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzeko heriotzaraino.
Horregaitik, Jainkoak goratu egin eban
eta izen guztien gaineko izena emon eutsan,
Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan,
guztien belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.
Ebanjelioa
Baneban gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko.
†.- Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Lukasen liburutik
[K.- Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:
†.- «Baneban gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara Nik esan: ez dot gehiago Pazkorik ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan ere betera heldu arte».
K.- Eta kaliza bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:
†.- «Hartu egizue eta banandu zeuen artean. Hara Nik esan: ez dot gaurtik gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
Egizue hau nire oroigarri.
K.- Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon egin eutsen, esanez:
†.- «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
K.- Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez:
†.- «Kopa hau itun barria da, zuentzat isurtzen dan nire odolaz ezarria».
Zoritxarrekoa Gizonaren Semea salduko dauana!
«Baina begiratu, Nigaz mahaian dago salduko nauana. Gizonaren Semea badoa, erabagita dagoan lez; baina dohakabea salduko dauana!»
K.- Ikasleak alkarren artean itaunka hasi ziran, nor izan ete eitekean hori egingo ebana.
Ni zerbitzari lez nago zuen artean.
Eztabaida sortu zan ikasleen artean, zein ete zan euren artean handiena. Jesusek esan eutsen:
†.- «Herrietako erregeek menpean hartzen dabez euren herriak, eta agintedunek "Ongile" deitzea gura izaten dabe. Zuek ez jokatu holan; zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Izan ere, zein ete da handiago, mahaian jarrita dagoana ala zerbitzen diharduana? Ez ete da mahaian dagoana? Bada, Ni zerbitzari lez nago zuen artean.
Zuek Nigaz iraun dozue nire probaldietan. Eta Nik erreinua emoten deutsuet, Aitak Niri emon eustan lez; nire mahaian jan eta edango dozue nire erreinuan, eta tronuetan jesarriko zaree, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko».
Zuk, Nigana bihurtzean, sendotu egizuz zeure senideak.
K.- Eta esan eban gainera:
†.- «Simon, Simon! Satanasek beretzat gura zaitue, garia galbahean lez zuek astintzeko; baina Nik otoitz egin dot zure alde, zure fedea amatau ez daiten. Eta zuk, Nigana bihurtzean, sendotu egizuz zeure senideak».
K.- Pedrok esan eutsan:
S.- «Jauna, prest nago Zugaz baita kartzelara eta heriotzara ere joateko».
K.- Jesusek erantzun eutsan:
†.- «Hara Nik esan, Pedro: gaur oilarrak joterako, hiru aldiz ukatuko dozu Ni ezagutzen nozula».
Nigan bete beharra da idatzirik dagoana.
K.- Ondoren, guztiei esan eutsen:
†.- «Falta izan al zenduen ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetako barik bialdu zindudazenean?»
K.- Hareek erantzun:
S.- «Ezer ere ez».
K.- Jesusek barriro:
†.- ¡«Orain, ostera, poltsea dauanak hartu dagiala eta gauza bera zakutoa dauanak ere; eta ezpatarik ez dauanak saldu dagiala soingainekoa eta erosi ezpatea. Izan ere egiaz dinotsuet, Nigan bete beharra dala Liburu Santuan idatzirik dagoan hau: "Gaizkileen kidekotzat jo eben". Izan ere, nireak laster egingo dau».
K.- Hareek esan eutsoen:
S.- «Jauna, badoguz hemen ezpata bi».
K.- Harek erantzun:
†.- «Nahikoa da!»
Larriak harturik,
areago otoitz egiten eban Jesusek.
K.- Urten eban Jesusek eta, ohi eban lez, Oliamendira joan zan; ikasleek ere jarraitu eutsoen. Hara heltzean, Jesusek esan eutsen:
†.- «Egizue otoitz tentaldian ez jausteko».
K.- Eta hareengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honan egiten eban otoitz:
†.- «Aita, gura badozu, urrundu egizu Nigandik kaliza mingots hau; baina ez bedi egin nire guraria, zurea baino».
K.- Honetan, aingeru bat agertu jakon zerutik, adore emonez. Eta, larriak harturik, are eta lehiatsuago egiten eban otoitz. Izerdia tantaka erion lurrera, odola baizen lodi. Otoitzetik zutiturik, ikasleakana joan zan; nahigabearen nahigabez, lokarturik aurkitu zituan, eta esan eutsen:
†.- «Zelan zagoze lo? Jagi eta egin otoitz, tentaldian ez jausteko».
Judas, musu bategaz saltzen al dozu Gizonaren Semea?
K.- Oraindino berbetan ziharduala, gizatalde bat agertu zan; Hamabietako bat, Judas eritzona, etorren hareen buru, eta Jesusegana hurreratu zan musu emotera. Jesusek esan eutsan:
†.- «Judas, musu bategaz saltzen al dozu Gizonaren Semea?»
K.- Jazotera joiana ikusirik, Jesusen inguruan egozanek esan eutsoen:
S.- «Jauna, erasoko al deutsegu ezpataz?»
K.- Eta hareetako batek abade nagusiaren morroia jo eta eskumako belarria moztu eutsan. Baina Jesusek esan eban:
†.- «Itzi! Nahikoa da!»
K.- Eta, belarria ikutuz, osatu egin eban. Orduan, beraren aurka etorriak ziran abadeburu, tenpluko guardiaburu eta herriko zaharrei esan eutsen:
†.- «Lapur baten bila lez etorri zaree, ezpata eta makilakin. Egunero zuekaz nintzan tenpluan, eta ez zeusten eskurik jarri; baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».
Kanpora urtenik, negarrari emon eutsan Pedrok samintasunez.
K.- Jesus preso hartu eta abade nagusiaren etxera eroan eben. Pedrok urrundik jarraitu eutsan. Batzuk patio erdian sua biztu eta inguruan jesarrita egozan; Pedro ere hareen artean jesarri zan. Neskame batek, Pedro sutondoan jesarrita ikustean, begira-begira jarri eta esan eutsan:
S.- «Hau ere Jesusegaz ibilten zan».
K.- Baina harek ukatu egin eban:
S.- «Emakume, nik ez dot ezagutzen Hori!»
K.- Handik bat-batean, beste batek ikusi eta esan eutsan:
S.- «Zu ere horreetarikoa zara».
K.- Eta Pedrok:
S.- «Ez, gizona! Ni ez!»
K.- Handik ordu betera edo, beste batek gogor egiten eban:
S.- «Bai, hau ere Jesusegaz ibili ohi zan, galilearra da-eta».
K.- Pedrok erantzun eban:
S.- «Ez dakit zertaz diharduzun, gizona!»
K.- Eta une berean, oraindino berbetan ziharduala, oilarrak jo eban. Bihurtu zan Jauna eta Pedrori begiratu eutsan. Gogoratu jakon Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu», eta, kanpora urtenik, negarrari emon eutsan samintasunez.
Asmau egik, profeta: nork jo hau?
Jesus preso eukenek burlaka eta joka erabilen. Begiak estaldurik, itauntzen eutsoen:
S.- «Asmau egik, profeta: nork jo hau?»
K.- Eta beste berba iraingarri asko esaten eutsoezan.
Batzar Nagusira eroan eben.
Eguna argitu ebanean, herriko Zaharren Kontseilua, abadeburuak eta lege-maisuak batu ziran eta Jesus Batzar Nagusira eroan eben. Honan esan eutsoen:
S.- «Mesias baldin bazara, esaiguzu».
K.- Jesusek erantzun:
†.- «Esaten badeutsuet, ez deustazue sinestuko eta, itauntzen badeutsuet, ez deustazue erantzungo. Baina hemendik aurrera, Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuman jesarrita egongo da».
K.- Orduan, danek esan eben:
S.- «Beraz, Jainkoaren Semea zara?
K.- Harek erantzun eutsen:
†.- «Zeuek dinozue, Neu naz ».
K.- Hareek orduan:
S.- «Ba al dogu testigantza beharrik? Geuk entzun dogu beraren ahotik».]
K.- Jagi ziran danak eta Pilatogana eroan eben Jesus.
Nik ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi.
Han Jesus salatzen hasi ziran:
S.- «Gure herria nahastuten aurkitu dogu hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazoten dau eta Bera Mesias, erregea, dala esaten».
K.- Pilatok itaundu eutsan:
S.- «Zeu al zara juduen erregea? »
K.- Jesusek erantzun eutsan:
†.- «Zeuk dinozu».
K.- Pilatok abadeburu eta jente-taldeari esan eutsen:
S.- «Nik ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi».
K.- Baina hareek, behin eta barriro:
S.- «Judea guztian zehar herria asaldatzen dihardu bere irakatsiekin, Galileatik hasi eta honaino».
K.- Hori entzutean, gizon ha galilearra zan itaundu eban Pilatok. Eta, Herodesen menpekoa zala jakin ebanean, Haregana bialdu eban, Jerusalemen zan-eta egun hareetan.
Herodesek, bere gudariekin batean, mespretxuz erabili eban Jesus.
Biziro poztu zan Herodes Jesus ikustean, aspaldian eban-eta Ha ikusteko gogoa, Haretaz entzuna ebanagaitik; mirariren bat egiten ikusiko ebala ere itxaroten eban. Herodesek galdera asko egin eutsan, baina Jesusek ez eutsan berbarik ere erantzun. Bitartean, abadeburu eta lege-maisuek salatu eta salatu ziharduen. Herodesek, bere gudariekin batean, Jesus mespretxuz eta isekaz erabili ondoren, soineko disdiratsu bat jantzi eta Pilatogana bialdu eban barriro. Egun haretan adiskidetu egin ziran Pilato eta Herodes, lehen arerio ziran-eta.
Jesus euren esku itzi eutsen Pilatok.
Abadeburuak, agintariak eta herria barriro baturik, esan eutsen Pilatok:
S.- «Gizon hau herriaren nahasle lez ekarri deustazue; baina itaunak egin deutsodaz zuen aurrean eta ez deutsat aurkitu zuek egozten deutsozuen errurik bat ere; ezta Herodesek ere, gugana bialdu dau-eta ostera. Honek ez dau heriotzea merezi dauanik ezer egin. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot».
K.- Baina, guztiek aho batez deadarka esan eutsoen:
S.- «Kendu hori eta askatu eiguzu Barrabas».
K.- Barrabas hau urian izandako matxinada eta giza hilketa bategaitik espetxean sartu eben. Jesus askatu guran, Pilatok barriro berba egin eutsen. Baina hareek deadarka jarraitu eben:
S.- «Kurutzera hori! Josi kurutzean!»
K.- Pilatok hirugarren aldiz esan eutsen:
S.- «Zer oker egin dau, bada, Honek? Nik ez dot hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot».
K.- Baina hareek deadar eta deadar jardun eben kurutzeratu egiala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziran deadarrak.
Orduan, Pilatok hareen eskabideari men egitea erabagi eban, eta hareek eskatzen ebena —matxinada eta hilketagaitik espetxean egoana— askatu eta Jesus euren esku itzi eutsen.
Jerusalemgo alabak, ez egin negarrik Nigaitik.
Jesus Kurutzeratzera eroiela, solotik etorren bat, Simon Zirenekoa, hartu eben eta kurutzea leporatu eutsoen, Jesusen atzetik eroan egian.
Herriko jente-talde handia joian Jesusen ondoren, baita emakume asko ere, bular joka eta Haregaitik aieneka. Bihurtu zan Jesus hareekana eta esan eutsen:
†.- «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik Nigaitik; egizue negar zeuekaitik eta zeuen seme-alabakaitik. Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: "Zorionekoak agorrak, umerik sortu ez daben sabelak eta titia emon ez daben bularrak!" Orduan, honan hasiko dira mendiei esaten: "Jausi zaiteze gure gainera", eta muinoei: "Ezkutau gagizuez". Izan ere, egur hezeari hau egiten badeutsoe, zer ez ete iharrari?»
K.- Jesusegaz batera, gaizkile bi ere eroan ebezan hiltera.
Aita, parkatu egiezu, ez dakie-eta zer egiten daben.
«Buru-hazur» eritzon lekura heldu ziranean, bertan kurutzeratu eben Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuman eta bestea ezkerrean. Jesusek honan inoen:
†.- «Aita, parkatu egiezu, ez dakie-eta zer egiten daben».
K.- Gudariek Jesusen jantziak banandu ebezan, zotz eginez.
Hau juduen erregea da.
Herria begira egoan. Agintariak, barriz, keinuka ebilkozan, esanez:
S.- «Besteak salbau jozak; salbau dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, baldin badok».
K.- Gudariek ere iseka egiten eutsoen; ondoraturik, ozpina eskeintzen eutsoen, esanez:
S.- «Juduen erregea baldin bahaz, salbau egik heure burua!»
K.- Gainean idazkun hau eban: HAU JUDUEN ERREGEA DA.
Gaur Nigaz izango zara paradisuan.
Kurutzetik dingilizka egozan gaizkileetako bat Jesusi irainka ebilkon:
S.- «Hi ez haz, ba, Mesias? Salbau egik heure burua eta salbau gu ere!»
K.- Baina besteak hasarre egin eutsan, esanez:
S.- «Ez al deutsok bildurrik Jainkoari, zigorra jasaten hagoala ere? Gurea legezkoa dok, geure eginakaitik merezia joagu-eta; baina Honek ez jok ezelako okerrik egin».
K.- Gero, esan eban:
S.- «Jesus, oroitu zaitez nitaz, zeure erreinura heltzean».
K.- Jesusek erantzun eutsan:
†.- «Benetan dinotsut: gaur Nigaz izango zara paradisuan».
Aita, zure eskuetan izten dot neure espiritua!
K.- Eguerdi aldea zan, eta ilundu egin zan lurbira osoa hirurak arte. Eguzkia ezkutau zan eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zan. Jesusek deadar handiz esan eban:
†.- «Aita, zure eskuetan izten dot neure espiritua!»
K.- Eta hau esanik, azken arnasa emon eban.
Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egiten da.
Erromatar ehuntariak, jazotakoa ikusirik, Jainkoa goraldu eban, esanez:
S.- «Benetan zintzoa zan gizon hau!»
K.- Ikuskizunera joandako jente guztia, jazotakoa ikusirik, bular joka bihurtu zan urira. Han egozan Jesusen ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu eutsoen emakumeak ere, urrundik dana ikusten.
Harkaitzean zulaturiko eta lehen inor ehortzi bako hilobian
ipini eban Josek Jesusen gorpua.
[Orduan, Zaharren Kontseiluko kide bat etorri zan, Jose eritzona, gizon on eta zintzoa; honek ez zituan ontzat emon Batzar Nagusiaren erabagiak eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zan, eta Jainkoaren erreinua noiz helduko zain egoan. Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutsan. Jesus kurutzetik jaitsirik, izara batean batu eta harkaitzean zulaturiko eta lehen inor ehortzi bako hilobian ipini eban. Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta zapatua hastera joian.
Jesusegaz Galileatik etorritako emakumeek Joseri jarraitu eutsoen eta hilobia ikusi eben, baita Jesusen gorpua zelan jarten eben ere. Gero, bihurtu eta usain gozoko ukenduak eta mirra prestau ebezan. Zapatuan atsedena hartu eben, agindua egoan lez.]
Iruzkintxoa
Erramu domeka honetako elizkizunaz Aste Santuko atea zabaldu dogu eta Jesukristoren nekaldi-heriotza-biztuera misterioetan sartu gara.
Zintzotasun osoaz erantzun deutso bizitza guztian zehar Jesusek Jainkoari. Eta ze erantzun hartzen dau harengandik? Isiltasuna. Jainkoa ez da sutuko bere Semearen arerioen aurka, bere Semearen lepotik barreka diharduenen aurka. Jainkoak bere jainkotasunean jasango dau Semeak bere haragian jasaten dauan guztia, eta erruki izango deutse haren arerioei.
Hauxe da maitasunaren erantzuna: kaltegilea birrintzea eta ezabatzea barik, haren bihozbarritzea eta adiskidetzea itxarotea…
Zain daukagu Jainkoa bere maitasunean. Gure damuaren zain daukagu. Gure eskariaren zain daukagu. Aitaganako Jesusen zintzotasuna gogoan izanik, zabaldu deigun gure barrua Jainkoari, damutasunez, bihozbarritu gaizala eskatuz.
Eta eskertu deiogun egiten dogun on guztia. Eta eskatu deiogun isuri daiala bere errukia gaizkile guztien bihotzera.
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
† Senideok: Jesusi Jerusalemen sartzen lagundu deutsogunok badakigu zein makalak garan eta huts egin geikena. Jo daigun, ba, Jainkoaren eskuzabaltasunera:
—Bere seme-alaba gaituan Elizearen alde: Gure Elizbarrutiaren Ebanjelizatze Egitasmoa danok, bakotxak bere neurrian, geuretu daigun. Eskatu deiogun Jaunari.
—Sinismeneko misterioen atarian Jauna goresten dihardugunok, hari eguneroko kurutzeagaz jarraitzeko gauza izan gaitezan. Eskatu deiogun Jaunari.
—Aste Santuko egunotan, sinismen misterioak geuretzeko, otoizgiroan bizi izaten ahalegindu gaitezan, Eskatu deiogun Jaunari.
—Jesusek geugaitik bizia emon dauan lez, geu ere ahalegindu gaitezan sinismena ospatzen ta iragarten geure ondokoak eta kristau alkarteak adoretzeko eran, Eskatu deiogun Jaunari.
† Zeure Semearen jarraitzaile izateko grazia emoten deuskuzun Jainko Jauna: orain aintzaltzen dogun lez aintzaldu daigula bizitza osoan zehar makalkeria guztien gainetik. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.