garz04c
I. IRAKURGAIA
Jainkoaren herriak, agindutako lurraldera sartutakoan,
Pazkoa ospatu dau.
Josueren liburutik (Jos 5, 9a. 10-12)
Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Josueri: «Gaur kendu deutsuet gainetik Egiptoko lotsaria».
Israeldarrek Gilgalen jarri eben kanpalekua eta hilaren hamalauan, arratsaldean, Pazko-jaia ospatu eben Jerikoko zelaian. Pazko-biharamunean lurraldeko frutuetatik jan eben legamina bako ogiak eta gari-ale txigortua.
Lurraldeko frutuetatik jaten hasi ziran egunetik aurrera, amaitu egin zan mana. Israeldarrek ez eben gehiago manarik izan, eta urte haretan Kanaan lurraldeko emoitzez janaritu ziran.
ERANTZUN SALMOA
Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7
R/. Txastau egizue eta ikusi zein samur dan Jauna
Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz.
Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta Harek erantzun,
bildur guztietatik libratu ninduan.
Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Errukarri honek dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik salbatu eban.
II. IRAKURGAIA
Jainkoak, Kristoren bitartez
adiskidetu egin gaitu.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (2 Ko 5, 17-21)
Senideok: Kristorena dana sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitu, eta adiskidetzeko zerbitzua guri emon deusku. Izan ere, Jainkoa da Kristogan mundua Beragaz adiskidetzen diharduana, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta guri emon deusku adiskidetzearen mezua.
Kristoren ordezkari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban Ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbamena jadetsi gengian.
EBANJELIOA
Zure anaia hau hila egoan,
eta biztu egin da.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 15, 1-3. 11-32)
Aldi haretan, zergalari eta pekatari guztiak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau hareekaz».
Orduan, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutsan aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea". Eta aitak ondasunak banatu eutsezan. Handik egun gitxira, seme gazteena, ebazan guztiak baturik, urruneko herrialde batera joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan.
Dana eralgi ebanean, gosete handia sortu zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere arloetara bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten eben ezkurrez sabela beteteko gogoak emoten eutsan, ez eutsan-eta inork jaten emoten.
Orduan, bere barrura bihurturik, esan eban: "Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi dauala, eta ni hemen goseak hilten. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi. Hartu nagizu zeure langileetako bat lez". Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta erruki izan eban, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. Semeak esan eutsan: "Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi..."
Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: "Atara bat-batean soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dagigun jai-bazkaria, nire seme hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta". Eta jaia hasi eben.
Seme zaharrena soloan zan. Etxera hurreratzean, soinua eta dantzak sumatu zituan, eta, morroi bati deituta, zer jazoten zan itaundu eutsan. Morroiak erantzun: "Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil dau, semea onik bereganatu daualako". Seme zaharrena biziro hasarretu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. Baina harek erantzun eutsan aitari: "Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoala, zure agindurik behin ere huts egin barik, eta ez deustazu sekula auma bat ere emon lagun artean jateko, eta horrako zure seme horri, emagalduekin zure ondasunak jan dituan horri, etorri danean, zekor gizendua hil deutsazu".
Aitak erantzun eutsan: "Seme, zu beti nigaz zagoz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta poztea, zure anaia hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta"».
HITZALDIA
Senideok: aurrera goaz Jainkoak bihozbarritzeko emoten deuskun graziazko aldia dogun Garizuma honetan; berak argitzen dau gure adimena, eta emoten deusku adorea, eta erakusten bidea bere Semeagan. Geurea da erabagia: Jainkoaren berbea entzun eta haren esanetara jartea, edo azaleko ohikune hutsean geratzea, eta azaleko betekizunez nahikoa dala uste izatea. Esker onez erantzun deiogun Jainkoaren deiari.
Gatx egiten jaku gure errua eta pekatua autortzea, eta pekatuak berak hartzen gaitu menpean. Pekatua ukatuz, ez da gure bizitzatik aldentzen, eta bai gaitula bere menpeko egiten. Behar doguna zintzotasuna da. Eta izan geintekez zintzoak Jainkoaren aurrean, Aita errukitsu dogulako eta gure duintasunean eta ez ezeren morroi gura gaitulako.
Garizumako 4. domeka honek argi egingo deusku eta lagunduko erabagi sendoa hartzen. Lehenengo irakurgaiak Israelgo historiatik ataratako adibide bat emon deusku: bizitza barri bati hasierea emoteko, hebertarrek Pazkoa ospatzen dabe. Bigarren irakurgaian Paulok zera esan deusku: Kristogan ezarriak (gu Bateoan izan ginan Kristogan ezarriak) bizitza barri batera aldatu dira: pekatu bizitzeari uko egin eta Jainkoaren seme-alaben bizitzara aldatu dira.
Baina guk badakigu zelan daroagun gure bizitza, Kristogan ezarriak izan ginan arren. Sarritan ahaztuta lez bizi dogu bizitza barri hau; inoiz uko ere egiten deutsogu eta Jainkoari lepo emonda bizi gara; inoiz baita zintzotasunez bizi izan gura dabenei barre ere egiten deutsegu… Gatx egiten jaku kristau bizitzan irautea, eta atzera-aurreraka ibilten gara.
Zer behar ete dogu bene-benetan gura dogun lez bizi izateko, Jainkoari zintzotasunez erantzuteko? Behar bada, ezinezko izango dogu, hortxe dagozalako gure mugak eta gure makaltasunak. Baina horrek ez dau esan gura egun baten Jainkoak gugan osotasuna egingo dauala ukatu behar dogunik. Horren itxaropenean entzuten dogu Jainkoaren berbea, autortzen dogu gure pekatua eta hartzen dogu bere besarkadea… eta bihurtzen gara gure senideentzako berradiskidetzarako dei eta eredu ere.
Hau da: ezin ibili geintekez bakotxa bere burua salbatu guran, besteei (senide doguzanei) lepo emonda eta hareen ezelango ardura barik. Argi esan deusku Paulok: Kristok gure pekatua ezabatu eta Aitagaz berradiskidetuz, senideentzako berradiskidetze eredu eta dei bialtzen gaitula. Gure ardurea bakotxak bere burua salbatzetik harago doa, ba, bakotxaren salbamena Jainkoaren esku itzita. Ez daigun uste izan farisearrek eta beste jende askok uste eben eta uste daben lez: otoitzek, sakramentuek eta erlijino betekizunek emoten dabela salbamena; guzti hori axalkeriaz egin daiteke-ta. Eta Jainkoak bihotz zintzoak besarkatzen dauz, ez erlijinokeriatan dabizanak.
Horren eredu eta argibide dogu ebanjelioko parabolea. Maisutasunez mahairatzen dau Lukas ebanjelariak Jesusen aldietako arazoa. Era xinple baten, alderdi bitan aurkezten deusku egoerea: batzuk entzule hurreratzen jakoz Jesusi. Honeik pekatariak dira, atzerritarren eredu. Besteak, legelariak, erlijino zaleak, farisearrak-eta, zelatan eta mormoxetan dihardue: pekatarien lagun dala eta eurekaz mahaian jesarteraino gainera.
Seme bi dituan Aita errukitsuaren parabolan Lukasek argi izten dau zelango indar menperatzailea dauan pekatuak (aitaren etxeari uko egiterainokoa, edo harenean, ugazaba baten morroi lez bizi izaterainokoa), eta zelan damutasunak azaleratzen dauan guzti hori eta baita Aitaren errukia ere. Bihozbarritu gura dauanak, bere pekatua bildur barik autortu daike, Aitaren errukiak besarkatu eta otordu handi bat atonduko dauala itxaronez. Parabola hau behin eta barriro irakurriz, eta noizbehinka irakurketea errepikatuz, gure barrua Jainkoari zintzotasunez erantzuteko gertatu geike eta horren pozean bizi izan.
Eta gure inguruaz arduratu gura badogu, Aita errukitsuagan jarri geikez begiak bere seme-alaba lez jarduteko. Harek ez deutso bere pekatua aurpegiratzen seme txikiari; eta hari parkatzen ez deutson seme nagusiagana ere urten egiten dau, jai bardinean esku hartu daian. Txarkerien eta zuzengabekeria eta ustelkerien aurreango gure jarrerea ere bilatu egin behar dogu: geure jarduera zintzoak salatu behar dauz bidegabekeria guztiak, bihozbarritzera deituz eta parkamenaren itxaropena bihurtuz. Itxaropen hori bizten ez badogu, pekatuak bere morrontzan hartuta eukiko dau pekataria, eta honek (parabolako seme nagusiak lez) ez dau onartuko guztion jaia, berea eta beste inorenik ere ez baino. Ezin geike, ba, besteak ahaztu edo harei hor-konpon egin; besteak ere badira gure ardura, eta izan behar dogu, gizaki barri lez, berradiskidetze argi eta indar geure jarduereagaz.
Otoitza
Txundituta itzi gaituzu, Jesus,
seme bien aita errukitsuaren paraboleaz,
eta gura izango geuke —zelan ez!—
gure pekatuen damua erakutsi,
eta, Jainkoak besarkatu gaizan,
parkamena barru-barrutik eskatu.
Baina ikusi, Jesus, gure mugak:
zein gatx egiten jakun gure pekatua ikustea
eta danen aurrean damua azalduz
parkamena eskatzea: handia dogu geurekeria!
Egin gaizuz apalak eta malguak
gugan ereindakoak bere frutua emon daian
eta, gizaki barri lez bizi izanik,
berradiskidetze dei eta indar izan gaitezan.
Iruzkina
Egiptoko joputzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.
Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.
Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean... Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».
Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.