B urtean
Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez, 298. or.
I. Irakurgaia
Jaunak bere hasarrea eta errukia agertzen ditu
herria erbesteratuz eta askatuz.
Kronikak bigarren liburutik
2 Kro 36, 14-16. 19-23
Egun hareetan, abadeburu guztiek eta herriak gaiztakeria gaiztakeriaren gain egin eben, atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz, eta kutsatu egin eben Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratu eban tenplua. Jaunak, hareen asaben Jainkoak, oharpenak bialdu eutsezan eten barik bere mezularien bidez, errukia eutsen-eta bere herriari eta bere egoitzari. Baina hareek Jainkoaren mezulariei burla egin, Jainkoaren hitzak gitxietsi eta haren profetak irriz hartu ebezan. Azkenik, Jaunak bere herriaren aurkako hasarreak gainezka egin eban eta ez zan salbabiderik izan.
Orduan, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresiak bota eta jauregiei su emon eutsien, eta uriko gauza eder guztiak guztiz hondatu ebezan. Ezpatari ihes egin eutsoen guztiak Babiloniara eroan ebezan katigu, eta han erregearen eta haren ondorengoen esklabo izan ziran, harik eta pertsiarren erregealdia heldu zan arte. Holan bete eban Jaunak Jeremias profetaren ahoz esandakoa: «Hirurogeita hamar urtez atseden hartuko dau lurralde honek, hondamenaldiko egun guztietan, Jaunari ukatu eutsoezan atseden-urteak bete arte».
Pertsiako errege Ziroren lehen-urtean, Jaunak Jeremiasen ahoz esana bete zan. Jaunak Pertsiako errege Ziroren espiritua biztu eta Zirok agindu hau zabaldu eban, hitzez eta idatziz, erreinu osoan: «Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon dagiela hara"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 137 [136], 1-2. 3. 4-5. 6 (R/. 6a)
R/. Nire mihina ahosabaian josi bekit,
zutaz gogoratu ez banendi.
V/. Babiloniako ibaiertzean jesarriak gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko sahatsetan
itzita genduzan zitarak dindilizka. R/.
V/. Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske genduzan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eske:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.
V/. Zelan kantatu Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.
V/. Josi bekit mihina ahosabaian,
zutaz gogoratzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.
II. Irakurgaia
Geure pekatuakaitik hilda gengozanok
borondate hutsez salbatuta gagoz.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 2, 4-10
Senideok: Errukian aberatsa dan Jainkoak halako maitasun neurribakoaz maite izan gaitu-eta, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun Kristogaz batera –borondate hutsez zagoze salbatuta–, eta Kristo Jesusegaz batera berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu nahi izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan bere onginahia.
Izan be, borondate hutsez salbatuta zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik, Jainkoaren dohaia da; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez dadin.
Izan be, Jainkoak eginak gara; harek sortu gaitu Kristo Jesusengan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagi eban lez.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Ik. Jn 3, 16
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere Seme bakarra emon eutson;
harengan sinisten dauanak betiko bizia dau.
Ebanjelioa
Jainkoak bere Semea bialdu eban,
haren bitartez mundua salbatzera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 3, 14-21
Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinisten daben guztiek betiko bizitza izan dagien».
Izan be, hain maite izan eban Jainkoak mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian.
Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino. Harengan sinisten dauana ez dago kondenatuta; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuta dago daborduko, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, euren egiteak gaiztoak ziralako. Izan be, txarra egiten dauanak gorroto deutso argiari, eta ez dator argitara, beraren egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren erara dabilena, barriz, argitara dator, beraren egiteak Jainkoak nahi bezala eginak dirala agertu dadin».
Jaunak esana.
(LAGUNGARRIAK)
Sarrera agurra
Ondo etorri, senideok Garizumako IV. domeka honetako liturgia ospatzera. Jainkoa hobeto ezagutzeko eta maitatzeko beste urrats edo pauso bat emongo dogu, beti be, Jesusen berbea gogoan hartuz. Gatx egiten jakula? Otoitzean eiho daigun.
Gaurkoan gure mugak, makaltasunak eta pekatuak autortzen ikasiko dogu, eta Jainkoaren errukian jarten gure uste ona eta itxaropena. Eta, guzti hori geuretuz, barriro jaio garala somauko dogu Jesusen hitzean. Emon deiogun hasierea elizkizunari abestiaren hegoetan.
Sarrera-abestia
Dei egingo deust, nik entzungo,
ospez jantzi ta libratuko.
Bizi luzea nik emongo,
salbamenera eroango.
5. Poztu zaiteze, ta Jerusalem maitatu dozuen danok
zoriontsu_izan, egun baltzetan dolu egin zenduenok.
6. Bide zuzena, bizi_emoilea deustazu erakutsiko.
Alaitasunez beteko nozu zeure aurrean betiko.
Damu-otoitza
† Erruki, Jauna,
—Pekatu egin dogu-ta.
† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona.
—Eta salbau gagizuz.
(Edo)
† Somau daigun Jainkoaren errukiaren gozotasuna:
Zabaldu egizuz, Jauna, zure errukizko ateak
eta askatu guregan pekatuaren kateak.
Parka, Jauna zure semeon hutsegiteak.
Parkatu eiguzu, Jauna, egin dogun txarragaitik;
parkatu baita egiteko itxi dogun onagaitik
eta ez gaitezan aldendu zure bidetik.
2 Kro 36, 14-16…
Jainkoagazko hartu-emon hain estuak dauzan herriak ezin dau ulertu bere zoritxarra Jainkoaren zigor edo dei lez baino. Hau da: Jainkoak bere errukia isuri gura dau bere herriaren gainera; eta dei egiten deutso onartzeko.
Sal 136
Geure burua hondatuta ikusten dogunean, otoitza bera ere gatx egiten jaku. Baina, gure hondamena gura ete dau, ba, Jainkoak, ala gure zoriona? Autortu daigun haren aurrean gure zoritxarra, haren errukiaren barri izan daigun.
Ef 2, 4-10
Geuretu daiguzan apostoluaren berbok, gero Jesusenak ulertu eta onartu ahal izateko: Jainkoak bere erruki handian hartu gaitu eta bizi barritu. Ez dago gure egintzei itxaroten, grazia hutsa dalako.
Jn 3, 14-21
Geure ikasietan jarraitzen badogu, Nikodemoren antzera, ezin izango dogu ulertu Jesusek dinoskuna, eta gitxiago onartu. Beraganatzeko gogoz, aintzaldu daigun harrerea eginez ebanjelioari.
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
† Bizi dogun izurrite aldi honek gehitu eta handitu egin dauz gure bildurrak eta norbere burua zaintzea eta besteengandik urruntzea. Jainkoagan dogun uste ona barritu beharra daukagu. Jo daigun otoitzera:
—Eleizearen alde: igarri daian gaurko gizakion adorea, itxaropena eta Jainkoaganako uste ona berbizten eta danon bihotzetara kristau argitasuna isurtzen, egin daigun otoitz.
—Herrialdeetako agintarien, nagusien eta handikien alde: egoera honetan, euren lasaitasunari eta irabaziei barik, sufritzen dagozanen egoereari erantzutea bilatu daien, egin daigun otoitz.
—Misino lurraldeetan hain beharrezko dituen laguntza eta alkartasuna eskuratu ahal izan daien, ondasunak gainezka daukagunok eurekaz errukitsu jokatzen dogulako, egin daigun otoitz.
— … / .., egin daigun otoitz.
—Jesus Jaunaren jarraitzaile garala autortzen dogunok gure bildurretatik, atzera begira egotetik urteteko gauza izanik, Ebanjelioa irakurteko eta haregaz otoitz egiteko ahaleginak ere egin daiguzan, egin daigun otoitz.
† Errukia zaran Jainkoa: zugan dogun uste ona barriztatu daigula zure Semearen gogoa aintzat hartuz: barriro jaio gaitezala. Jesu Kristo berberaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
1) Basamortuan zehar dabila Jainko-herria erromes;
argi, bake ta maitetasuna dakarren zeruen galdez.
Agindu-lurra Jainkoak deutso emongo kateen ordez;
penak utzita poztu daitezan bizi barri baten pozez. R/.
R/. Zure pozetan goaz, Jerusalen barri;
fedeak zuregan dau bere ziment-harri.
Maitasunak zu zaitu bere berogarri.
Biztu itxaropena zure herriari.
2) Israel barri kurutzearen ondoren doa bidari;
bide iluna argitutzeko hodeia dauka gidari.
Zerua dau hark, Kristok agindu, erreinu eta lur barri;
beronek deutsoz oinak sendotzen Jainko-herri barriari. R/.
3) Herriak euren minaren minez dagoz ezin-egonetan;
bake, poz, argi, egia eta maitetasun bilaketan.
Entzun zuk hareen negar antsia, eutsi bideko nekeetan,
larri dabilz-ta zure etxe-bila fedearen urratsetan. R/.
Azkenean
Barriro jaio? Hori ezinezkoa da! Edo ez: lehenera begira, aldiei bildurrez begiratzetik, Jainkoaren bila urteten badogu, otoitz gartsuan, berak bizibarrituko gaitu bere Espirituan, eta ikusiko dogu zelan oihartzun egiten dauan gure bihotzean gure senideen edozein egoereak, batez ere behartsuarenak.
Senideok: barriro jaio beharra daukagula esan deusku Jesusek gaurko ebanjelioan. Nikodemok ezinezkoa dala erantzun eutson. Eta halantxe da, geure ahalmenetatik lortu gura badogu. Jesusen erantzunean, ostera, Jainkoaren nahieratik jatorkun grazia dala aurkitzen dogu.
Begitu daigun zelan jokatzen dogun; Jainkoagaz zelango hartu-emonak daukaguzan. Eta, gehienetan autortu behar izango dogu, beste batzuengandik ikasitakoarai jarraitzen deutsogula. Egin ete dogu ahaleginik Jesusengandik zuzenean entzuteko eta ikasteko?
Bigarren domekan Tabor mendian horixe entzun gendun agindu lez: entzuiozue. Baina guk gogor eusten deutsagu ikasitakoari, ebanjelioa dogun iturrira gitxitan edo ezerez joan garala autortu behar dogun arren.
Eta bildur gara ba dakigun apurtxoa kenduko ete deuskuen, eta hobe dala ezagunari eustea dinogu. Zelan obeditzen dogu, orduan, Tabor mendian agindua: entzuiozue? Zelan jaio geintekez barriro geure izaera zaharrean jarraitzeko aukerea eginda badaukagu? Jesusi jarraitzeak adorea eskatzen dau; ustea Jainkoagan jartea, eta ez geure ahaleginetan, lorpenetan edo eskeintzarietan.
Ulertu eban Israel herriak Jainkoagandik urruntzeak hondamendira eroiala, eta haren aurrean eta esanetan bizi izateak atsedena eta zoriona biziazoten eutsola. Eta baita hori Jainkoaren erregalua dala ere. Hau da: Jainkoak dana dauka bere seme-alabentzat; eta emon leigun guztia emona dau; ez deusku gehiagorik edo beste gauza barririk emongo aurrerantzean.
Guri dagokiguna, ba, ez da harengandik gehiago lortzea, harek emona bilatzea, aurkitzzea, autortzea eta bizitzan gauzatzea baino.
hauxe litzateke, ba, Jesusek dinoskuna onartzea. hauxe litzateke barriro jaiotea: ez da lehenera bihurtzea, edo lehengoa apur bat aldatzea edo barritzea…, barriro jaiotea baino.
Geure barruan sakondu behar dogu, ba; eta hantxe aurkitu Jainkoaren aurpegia, haren antz eta irudira eginak izan gara-eta; eta harek gure barruan egiten dauzan onura guztiak bilatu eta azaleratu.
Zelan igarri daiket barriro jaio nazala? Zertan agertzen da hori? Oraingo lez uste izanik, hauxe erantzungo geuke: zintzoagoak izatean, edo horrenbeste kalterik edo txarkeriarik edo pekaturik ez egitean… Hau da: on gehiago eta txar gitxiago egitean.
Baina hori ete da barriro jaiotea? Argi esaten deusku Jesusek galbedarrak azkeneraino iraungo dauala gure barruan. Barriro jaiotea ez da, ba, txarkeria kentzea; beste zeozer da. Eta beste zeozer hori ez dago —barriro ere esan behar— geure ahalmenetan; hori Jainkoak emona da, geure barruan dago, eta bilatu behar dogu.
Horixe litzateke gugan Espirituari lan egiten iztea, eta haren esanetara jardutea. Eta geure mugak eta makaltasunak autortuz eta geure-geure lez onartuz. Espiritutik bizi izatea ahalezko dogulako onartzea.
Orduan berez ikkusiko dogu gugan, ez gabizala geure burua salbatu guran, edo zerua irabazi guran, Jainkoaren erregalu garan hau besteen aberasgarri izateko lanetan dihardugula baino.
Hauxe da honetaz aita santu Frantziskok Fratelli tutti bere idazkian dinoskuna:
«Gure aldietako gizakien pozak eta itxaropenak, nekeak, atsekabeak eta itobeharrak, batez ere pobreenak eta sufritzen dagozanenak, alda batera geure poz eta itxaropen, neke, atsekabe eta itobehar bihurtzen diranean agertzen da Jesusen jarraitzaile garana. Kristoren jarraitzailearen bihotzean edozein giza egoerak dauka bere oihartzuna».
Ikusten dodanean, ba, neure ingurukoen edozein egoera larrik oihartzun dauala nire bihotzean, orduan esan neike barriro jaio nazala.
I. IRAKURGAIA
Jaunaren hasarrea eta errukia agertzen dira,
herriaren erbeste eta askatasunaren bitartez.
Kronikak bigarren liburutik (2 Kro 36, 14-16. 19-23)
Egun hareetan, abadeburu guztiek eta herriak gaiztakeria gaiztakeriaren gain egin eben, atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz, eta kutsatu egin eben Jaunak Jerusalemen Beretzat sagaratua eban tenplua. Jaunak, hareen arbasoen Jainkoak, oharpenak bialdu eutsezan eten barik bere mezularien bidez, errukia eutsen-eta bere herriari eta bere egoitzari. Baina hareek Jainkoaren mezulariei iseka egin, Jainkoaren berbak gutxietsi eta haren profetak barrez hartu ebezan. Azkenik, Jaunak bere herriaren aurka eban hasarreak gainezka egin eban eta ez zan salbabiderik izan.
Orduan, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresiak bota eta jauregiei su emon eutseen, eta uriko gauza eder guztiak guztiz hondatu ebezan. Ezpatari ihes egin eutsoen guztiak Babiloniara eroan ebezan katigu, eta han erregearen eta honen ondorengoen esklabo izan ziran, harik eta pertsiarren erregealdia heldu zan arte. Holan bete eban Jaunak Jeremias profetaren ahoz esandakoa: «Hirurogeita hamar urtez atseden hartuko dau lurralde honek, hondamenaldiko egun guztietan, Jaunari ukatu eutsoezan atseden-urteak bete arte».
Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jaunak Jeremiasen ahoz esana bete zan. Jaunak Pertsiako errege Ziroren espiritua biztu eban, eta Zirok agindu hau zabaldu eban, berbaz eta idatziz, erreinu osoan: «Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen Berari tenplua eregiteko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon begie hara"».
ERANTZUN SALMOA
Sal 136, 1-2. 3. 4-5. 6
R/. Itsatsi bekit mihina aho-sabaian,
zutaz oroitzen ez banaz.
Babiloniako ibai-ertzetan jesarrita gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko sahatsetan
Itzita geunkazan zitarak zintzilik. R/.
Han, erbesteratu ginduenak kantu eske geunkazan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eskean:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.
Zelan kantau Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.
Itsatsi bekit mihina aho-sabaian,
zutaz oroitzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.
II. IRAKURGAIA
Geure pekatuakaitik hilda gengozala,
bizia emon euskun Kristogaz.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik (Ef 2, 4-10)
Senideok: Errukian aberatsa dan Jainkoak halako maitasun neurribakoz maite izan gaitu, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun-eta Kristogaz batean —ondogura hutsez salbatuak zagoze—; eta Kristo Jesusegaz batean berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu gura izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan beraren ondogurea.
Izan ere, ondogura hutsez salbatuak zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuekandik, Jainkoaren dohaia da-eta; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez daiten.
Izan ere, Jainkoak eginak gara; Berak sortu gaitu Kristo Jesusegan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagita eukan lez.
EBANJELIOA
Jainkoak bere Seme bakarra emon deutso munduari,
haren bitartez bizia izan dagian.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 3, 14-21)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
«Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halan izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien.
Izan ere, hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto egiten dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak gura lez eginak dirala agertu daiten».
HITZALDIA
Senideok: merezi dau sinisteak? Askeak ala morroi-mirabeak egiten gaitu sinismenak? Ez ete gaitu Jainkoaren menpean jarten? Bera maitatu behar dogu beste edozer edo edonoren gainetik; bere esanak bete behar doguz; atsegin emoten deuskuen gauza asko albo batera baztertu behar doguz; besteak jarri behar doguz geure buruaren gainetik; eta, batez ere pobreak izan behar doguz gogokoen… Larregi ez ete da hori? Nahiago ez ete dogu geure burua zaintzea, inoren ardurarik ez izatea eta atseginik eta gehien eta handienak hartzea?
Gauzak hain gordin jarri ezkero, ez bata ez bestea ez dirala gure gogoa, esango dogu, eta lehengotan geldituko gara. Eta, lehengotan, apur bat handik eta beste apur bat hemendixik dala jokatuko dogu. Hau da: besteen ardura apur bat hartuko dogu, baina geure burua galdu barik.
Danok dakigu gure bizitzan karreteretan lez gertatzen dana: automobilek atzerakako eta alboetako izpiluak daroez; ezin daitekez ibili inoren konturik egin barik, alderantziz baino: zaindu egin behar dabez bai atzekoak eta baita albokoa ere, ondo ibilterik nahi izan ezkero. Horixe berori gertatzen jaku bizitzan: ondo bizi izaterik gura izan ezkero, ezin geikeo hor konpon egin albokoari… ez urrunekoari ere ez!
Gaurko liturgiak Jainkoaren herria jarri deusku eredugarri: honek sarri-sarri egiten eban ihes Jainkoaren Legetik, apurtzen eban Ituna; ha sarri bihurtzen zan inguruko herrien ohituretara eta jokabideetara. Eta…, hobeto joakon? Eurek autortzen dabe ezetz; batez ere ahaltsu edo izendun ez ziranenei ez joaken batere ondo. Eta batez ere honeexek jasoten ebezan euren oihu, garraxi eta otoitzak; eta autortzen eben euren alde egoela zeruetako Jauna.
Jaunaren erantzuna profetak bialtzea zan; onbidera deitzea zan. Baina profetei ez eutseen jaramonik egiten, eta barre egiten eutseen eta izeka. Esperientziak erakutsiko eutsen bide horretatik hondamenera joiazala; eta autortu behar izango dabe maite ebala Jainkoak bere herria eta honen ona besterik ez ebala gura.
Guk hori Jainkoaren Seme Jesusengan aurkitzen eta autortzen dogu. Haren bizitzan ikusten dogu Jainkoaren nahia gauzaturik, eta hari emon geikeon erantzuna argiturik. Geuri dagokigu aukeratzea, senideok: onartuko dogu Jesusengan sinistea eta gure zoriona beragan oinarritzea? Harek zera eskatuko deusku: senidearen kontu hartzea, ha geure buruaren aurretik jartea zoriontasun bide bakar lez. Onartu daigun.
Ala uste dogu hori onartzeak besteen morroi-mirabe egiten gaitula, eta bizitzako errepideetan hobeto gabiltzala izpilu barik? Hor barru-barruan badakigu ezetz, beharrezko doguzela izpiluak, besteen ardurea hartzea, batez ere behartsuen diranena; baina gatx egiten jaku.
Horrexegaitik emon deusku Paulok argibide bat: maite gaitulako, Jainkoak ez dau geure ona besterik gura, eta bere Semeagan erakutsi deusku. Sinistu deiogun. Egin gaitezan bere jarraitzaile.
ESKARIAK
† Pobreenen artean ere garrantzi handikoa da ospatzea; badago, horraitino, bizitzea ospatu ezin dauanik. Hartu daigun gogoan Jainkoak bizitzea ospatzera deitzen gaitula:
—Elizearen alde: ospatzen diharduen gizakiekaz poztu daiten, eta ospatzen ez dakianaren erruki izan daiten, eta dei egin deigun behin eta barriro bizitzea ospatzera, eskatu deiogun Jaunari.
—Haserreak janda, inoren poztasunik jasan ezin dabenen alde: bihozgorkeria horretatik urteteko laguntza izan daien, eta parkatzeko gauza izatera heldu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Egoera ezerosoan edo gorrian edo menpekerian bizi diranen alde: itxaropena galdu ez daien eta, urtengo dabela egoera horretatik ziur izanez, laster baten egin deieen argi gizatasunezko egoera egunak, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure familietan otoizgiroan landu daiten parkamena, eta garrazkeria guztiak baztertuak izan daitezan, eta Jainko seme-alaben jai giroan bizi izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoak emon deuskun berradiskidetze eginkizuna eskertu deiogun, gure artean harrera ona, alkarrizketea, parkamena eta bakerako bideak sustatuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Egoera barrietan jarten gaituzu eta ospatzera deitzen; ez daigula inoiz ere ukatu edo baztertu, Jauna, pozarren dagozenekaz euren poza ospatzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Egiptoko joputzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.
Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.
Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean... Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».
Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.