B urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak ituna egin
uholdetik onik ataratako Noegaz.
Hasiera liburutik Has 9, 8-15
Egun hareetan, Jainkoak esan eutsen Noeri eta honen semeei: «Hara, ituna egiten dot zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zeuekin dozuezan bizidun guztiekin be: hegazti, abere eta lurreko piztiekin, ontzitik urten eta lurrean bizi diran guztiekin. Hona, zuekin ituna eginez, emoten deutsuedan hitza: ez dauala uholdeak barriro bizidunik hondatuko, ez dala aurrerantzean izango lurra hondatuko dauan uholderik».
Jainkoak esan eban gainera: «Hau da zuekin eta zuen artean bizi diran bizidun guztiekin belaunez belaun eta betiko egiten dodan itunaren ezaugarria: neure ortzadarra ipiniko dot hodeietan, eta ha izango da lurragaz egiten dodan itunaren ezaugarria. Nik zerua lainotzean, ortzadarra agertuko da hodeietan, eta gogoratuko naz zuekin eta bizidun guztiekin dodan itunaz, eta ez da izango gehiago bizidunak hondatuko dituan uholderik».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa Sal 25 [24], 4-5b. 6 eta 7cd. 8-9 (R/. ik. 10)
R/. Zure bidezidor guztiak grazia eta leialtasuna, Jauna,
zure ituna gordetzen dabenentzat.
V/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi zeure bidezidorrak.
Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/. Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,
betidanikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.
V/. Ona eta zuzena da Jauna,
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.
II. Irakurgaia
Ur ha
orain zuek salbatzen zaituen Bateoaren irudi da.
San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik 1 P 3, 18-22
Senide maiteok: Kristok heriotza jasan eban pekatuakaitik behin betiko, «errubakoak errudunakaitik», zuek Jainkoagana eroateko. Gizakia zanez, heriotza jasan eban, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik. Espirituaren eraginez joan zan bere mezua iragartzera giltzapetuta egozan espirituei, sasoi baten sinisgogor izan ziranei; Noeren egunetan, harek ontzia egin bitartean, Jainkoa pazientziaz egon jaken zain; baina ontzian banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun guztira, izan ziran uraren bidez salbatuak.
Ur ha orain zuek salbatzen zaituen Bateoaren irudi da. Eta Bateoa ez da gorputzeko zikina garbitzea, Jainkoari kontzientzia garbia eskatzea baino, Jesu Kristoren biztueraren bitartez. Jesu Kristo, zerura igon ondoren, Jainkoaren eskumaldean dago eta menpean ditu aingeruak, aginteak eta indarrak.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala
Mt 4, 4b
V/. Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino.
Ebanjelioa
Satanasek Jesus tentatu eban,
eta aingeruak ebazan zerbitzari.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik Mk 1, 12-15
Aldi haretan, Espirituak basamortura bultzatu eban Jesus. Berrogei egunez egon zan basamortuan, Satanasek tentatzen ebala. Basapiztien artean bizi zan eta aingeruak zituan zerbitzari.
Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barri Ona iragartzen eban. Holantxe inoan: «Bete da epea, eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona».
Jaunak esana.
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Garizumako lehenengo domekako liturgia ospatzera. Bihozbarritzeko deia entzungo dogu. Dei hori barritasunez hartu behar dogu, aurtengoa ez daiten beste Garizuma guztien antzekoa. Horretarako, jarri daiguzan begiak gure inguruko arazoetan, garrasietan; sartu gaitezan geure barruan ere zintzotasun bila; eta, uste on osoa Jainkoagan jarriz, jo daigun, Jainkoz beteak, senideei on egitera.
Sarrerako abestia
Dei egingo deust, nik entzungo, ospez jantzi ta libratuko.
1. Goi-goiko Jauna babes dozuna, esan zure Jaun onari:
«Oi Jainko, zeugan dot konfiantza, zeu zaitut bizi ta sari».
2. Bere aingeruak ditu ipini zure zaindari bidean,
zuk estropezu ez egiteko bideko harri artean.
Damu-otoitza
Autortu daigun Jainkoaren aurrean beharrezko dogula harengan uste on izatea eta harren errukiaren gozoa:
† Erruki, Jauna.
—Pekatu egin dogu-ta.
† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona.
—Eta salbau gagizuz.
Has 9, 8-15
Geure burua maite dogun baino maiteago gaitu Jainkoak. Berak hartzen dauz gure betebehar guztiak gugaz egiten dauan itunean. Zeren bildur gara, orduan? Jarri daigun uste on osoa Jainkoagan!
Sal 24
Jainkoaren ontasunak gogoratuz eta goralduz, haren irakatsia beharrezko dogula esango dogu, eta ikasteko prest agertuko gara.
1 Pe 3, 18-22
Bihozbarritu? Pedro apostoluak esango deusku zelan eta zergaitik ez dogun egon behar gure hutsegiteei eta pekatuei begira, Jainkoaren nahiari eta errukiari, gugaitik egin dauanari begira baino. Entzun!
Mk 1, 12-15
Espirituak bultzatzen dau Jesus basamortura; hau da: eguneroko bizitzara; hantxe somauko dauz tentazinoak, baina baita Jainkoaren laguntza ere. Goraldu daigun harrera eginez.
AINTZA, JESUS, ZURI BETI: ZU ZARA GURE ARGI
HERRI-OTOITZA (Eskariak)
† Jainkoaren Espirituak garabilzan haren seme-alaba izateko, aurkeztu deioguzan gure beharrizanak, otoitz eginez:
—Maite dogun gure Eleiza amaren alde: Espirituaren esanetara egotea bilatu daian, gaurko mundua argitu ahal izateko, egin daigun otoitz.
—Aberaskerien, agintekerien eta lukurkeriaren ondorioak sufritzen dabezan pobre, baztertu, erbesteratu, etorkin eta behartsuen alde: guztion bihozbarritzea bideratuko dauan indar bihurtu daitezan, egin daigun otoitz.
—Bizitza duinagoa aurkitzearren, gainditu ezineko arriskuetan dagozanen alde: besteon laguntza eta alkartasuna izan daien, egin daigun otoitz.
—Otoitzerako alkartzen garanok Jainkoaren Espirituari zabalik egon gaitezan, eta haren esanetara jokatu daigun, egin daigun otoitz.
† Zure seme-alabon garrasia entzuten dakizun Jainko errukitsua: zeure esku jarten doguz uste osoz gure arazo eta kezka guztiak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Senideok: sartu gara Garizuman. Jainkoaren erregalua dogu Garizumea. Berari begira jarri gura gaitu Jainkoak, bere argitasunean bizitza zoriontsua izan daigun. Honek ez dau esan gura dana ona izango dogunik; makalak garanez, hortxe egongo dira-eta bai tentaldiak, bai lur joteak, bai atsekabeak eta baita etenbako hutsegiteak ere. baina Jainkoa ez dau holango ezerk gure ondotik aldenduazoko; beti egongo da geugaz, geure ondoan, geu argitzen eta adoretzen. Ez daukagu, ba, burua jasotea besterik.
Horra hor Garizumako hiru ezaugarrien lehenengoaren esangurea. Hiru dira Garizumako ezaugarriak: OTOITZA, BARAUA eta LIMOSNEA. Otoitzak Jainkoagaz lotzen gaitu; Barauak geure barrua ezagutzea emoten deusku; eta Limosneak senideengana garoaz, batez ere behartsuengana.
Garizumea konbertsino edo "bihurtze" (bihozbarritze) aldia dogula ondo dakigu. Baina, behar bada, oraindino ez dogu ezagutzen berba horren esangurea. Zer da konbertsinoa? Sinistun garala dinogu, errezau ere egiten dogu… baina gure bizikereak Jainkorik ez balitz lez bizi garala dinosku: bakotxa berera, alkarrengandik urruntzen, edo besteak aurrean erabilten, edo, diru egarriz, edo atsegin gosez…
Hau ez dogu autortu ahal izango, Garizumako bigarren ezaugarriaren eskutik baino. Barauak sartu behar gaitu geure barrua ezagutzera. ta gure barru zintzoak eroango gaitu Jainkoaren aurpegia, argitasuna eta laguntza bilatzera. Ustea Jainkoagan eta ez beste ezertan jartera.
Zer aurkitu dogu gaurko ebanjelioan? Markos laburra da, baina sakona. Jesus, bateatua izan ondoren, Espirituak basamortura daroala behingoan, esan deusku. Ez deusku tentazinoan barri emoten; baina bai aitatu deuskula 40 zenbakia, eta horrek Moisesegaz, Eliasegaz, Jonasegaz, Jainkoaren Herriagaz bat egitera garoaz: Jesusegaz Jainkoaren Herri Barria hasten, eta, haren profetatzak, beste guztiak gaindituko ditu.
Azpimarratu daigun: Jesusek bizitzaldi osoan jasan behar izango dauz tentazinoak; baina beti izango dauz aingeruak zerbitzari, eta ahal izango dauz menperatu. Guretzako deia da, senideok.
Otoitzak ez deuskuz tentazinoak eragotziko, eta bidea lau eta oztopo bakoa ipiniko. Otoitzak Jainkoa ondoan dogula sentituazoko deusku; eta hori nahikoa da tentaldiak gainditzeko.
Bizitzaldiko tentazinoek senideengandik aldentzera bagaroez, eta hareik menperatzera edo harei ez-ikusia egitera, Jainkoak senideengana eroango gaitu, hareen zerbitzari izateko. Hori limosna egitean adierazoko dogu.
Garizumako ezaugarriak, ba (Otoitza, Baraua eta Limosna), ez dira Jainkoaren aurrean merituak egiteko, horretan dihardugunean Espirituak gugan badiharduala somatzeko baino. Jarri gaitezan Espirituaren esanetara, Bateoan jaiobarritu lez.