Garizumako V. BARIKUA
I. IRAKURGAIA
Jr 20, 10-13
Neugaz dot Jauna, gudari indartsu
Jeremias Profetearen liburutik
Honan berba egin eban Jeremiasek:
«Jentearen mehatxuak entzuten ditut,
bildur-ikara edonon:
"Salatu, salatu dagigun".
Adiskideak eurak ere begira ditut,
nik noiz huts egingo:
"Ea engainatzen dogun —dinoe—;
orduan menperatuko dogu
eta mendekatuko gara haretaz".
Baina neugaz dot Jauna, gudari indartsu;
jausiko dira nire arerioak,
ezin izango nabe garaitu;
hareen asmoek porrot egingo dabe,
hareen lotsea sekulakoa izango da,
ahaztu ezina betiko.
Jaun ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna,
gizakiaren buru-bihotzak ikusten dozuzana,
zure esku itzi dot neure auzia:
ikusiko ahal dot zure mendekua arerioen bizkar!
Kanta Jaunari, goraldu egizue Jauna,
Harek askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia».
ERANTZUN SALMOA
Sal 17, 2-4. 5-6. 7
Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei,
eta entzun ninduan.
Maite zaitut Jauna, nire indar,
Jauna, nire harkaitz, gaztelu eta salbatzaile.
Zugana batzen naz, harkaitz zaitudan Jainko,
nire babes, salbamen-indar, nire gordeleku.
Egiten deutsat dei Jaun goresgarriari,
eta salbau naiteke arerioakandik.
Heriotz-olatuek inguratu ninduen,
erreka hondatzaileek ikaratu ninduen.
Leizako sokek korapilatu ninduen,
heriotz-edeek lotu ninduen.
Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei,
neure Jainkoari deadar egin;
eta bere etxetik entzun eban nire berbea,
eta belarrietara sartu jakon nire orroa.
EBANJELIOA
Jn 10, 31-42
Atxilotu egin gura izan eben,
baina ihes egin eutsen eskuetatik
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Aldi haretan, juduek barriro harriak hartu ebezan Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan eutsen: «Egintza onik asko egin dot zuen aurrean Aitaren izenean; horreetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?»
Erantzun eutsoen: «Ez zaitugu egintza onak egiteagaitik harrikatu gura, birao egiteagaitik baino; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako».
Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: "Nik esan dot: jainko zaree?" Beraz, Jainkoak "jainko" esaten deutse bere berbea zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Zelan dinozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, Jainkoaren seme nazala esateagaitik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinestu Niri; baina egiten baldin baditut, Niri sinesten ez badeustazue ere, sinestu egintzei. Holan, behin betiko jakingo dozue Aita Nigan dagoala eta Ni Aitagan».
Barriro ere atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik.
Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi batean Joanek bateatzen jardun eban lekura. Han gelditu zan aldi batez, eta jente asko joaten jakon. Honan inoen: «Joanek ez eban ezaugarririk bat ere egin, baina Honetaz esan eban guztia egia zan». Eta han askok sinestu eban Jesusegan.
ESKARIAK
† Zenbat txarkeria egin dan, edo egiten dan oraindino ere, Jainkoaren defentsan, harek gure defentsaren beharra izango baleu lez… Jeremiasen otoitzean oinarri hartuta jo daigun erreguka Jainkoagana:
—Elizearen alde: inor gaitzesten baino ahalegin handiagoak egin daizan salbatzen, eta gizakion artean Jainkoaren errukiaren eta parkamenaren testigu agertu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Epaitegietan ere zuzenbiderik aurkitu ezin dabenen alde: amor emon ez daien, eta euren arrazoia danen aurrean arrazoi lez agertuko dan egunak argi egin deieen, eskatu deiogun Jaunari.
—Ezelango laguntzarik inondik ere lortzen ez daben baztertuen alde: etsipenean jausi ez daitezan eta hurkoen begiak eta bihotzak zabalduazotera heldu daitezan, eta gizarte senidekorrago baten legamin izatera, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure etxeetan txarrari eta zuzengabekeriari txarkeria eta zuzengabekeria handiagoz erantzuten irakatsi ez daiten, Jainkoaren hurtasuna sentitzen baino, eta sufritzen dabenen ondoan egoten, eskatu deiogun Jaunari.
—Eliz alkarte honen alde: entzun daizan sufritzen dagozanen oihu eta garraxiak, eta harei laguntzeko beti prest egin daiten, eskatu deiogun Jaunari.
† Mundu hau danentzako egin dozun Jainkoa: egizu ez daigula batzuk dana eskuratu besteak ezer ere barik itziz, ondo alkarbanantzen jakin daigula baino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Labea gero eta goriago dago. Harrikatu egin gura dabe Jesus, edo atxilotu, baina ihes egiten deutse. Behin eta barriro dino gauza bera: berak dinoana egia dala, bere egintzek baiezten dabela, Aitaren egintzak baino ez dauzela egiten... Baina ezin dabe holangorik iruntzi. Ezin dabe iruntzi Jainko hain handia, hain euren gainetik eta urrun dagoana hain gizakoi ikustea. Bakotxak bere lekua dauka: Jainkoak zerua, eta lurra gizakion lekua da.
Eta Jesusek besterik agertu gura dau. Jainkoa ez dago "han", gizakiaz ahaztuta. Jainkoa sufritzen dagoan edonoren ondoan dago; ez dabe laztantzen azaleko eskeintzariek, baztertuaren aldeko zuzentasunak baino, behartsuari eskua luzatzeak baino. Horreexek dira Jesusen egintza onak, bere berbea baiezten dabenak.
Ez dau, ba, bere egokierarik aurkitzen Jesusek, eta basamortura bihurtzen da, bihozbarritze lekura, Jainkoagaz aurkitzeko lekura. Hantxe jaio zan Jainkoaren herria. Handixik urtengo dau Jesusek ere, bere aintzan sartzeko, ordua heldu daitenean.
Bitartean, beste behin ere, beste asko heltzen dirala Jesusengan sinistera, dinosku ebanjelariak, Joan Bateatzailearen gainetik jarri guran, harek ez ebala ezaugarririk egin esanez. Baina non geldituko dira sinistunok gero inondik inora agertzen ez badira? Zelango indarra dauan "aparatoak", agintariek, Jauretxeak, Legeak, Profetek, eskeintzariek eta ohiturek... Ezin bizi izan daiteke euretatik kanpo. Eta danak zalantzan jarten dauzan Jesus (hobeto esan, hareen erantzuna azaletikoa baino ez zala zalatzen eban Jesus) harrikatua izateko zorian dago. Jainkoagazko hartu-emonean barrituko dauz indarrak azken txanparako.