I. IRAKURGAIA
Jainkoaren herriaren aita Abrahami
Hasiera liburutik (Has 12, 1-4a) (ENTZUN)
Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Abrami:
«Itzi zeure lurraldea,
zeure tartekoak eta zeure aitaren etxea
eta zoaz Nik erakutsiko deutsudan lurraldera.
Herri handi egingo zaitut
eta bedeinkatuko,
izen handia emongo deutsut
eta bedeinkapen-iturri izango zara.
Bedeinkatuko ditut zu bedeinkatzen zaituenak
eta madarikatuko zu madarikatzen zaituenak.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut
lurreko herri guztiak».
Holan, joan egin zan Abram, Jaunak agindu eutsan lez.
PPTX
Eusk — Elebit
ERANTZUN SALMOA
Sal 32, 4-5. 18-19. 20 eta 22
(EDO…)
R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zeugan dogu-eta geure uste ona.
Zuzena da Jaunaren hitza,
leiala Harek egin dauan guztia.
Zuzen eta bidezko dana dau maite,
Haren graziaz lurra dago bete. R/.
Hara, Jaunaren begiak beldur deutsoenakana,
Haren maitasuna itxaron dabenakana;
heriotzatik ditu atarako, eta gosetean aseko. R/.
Gure bihotza Jaunaren zain daukagu,
lagun eta babes Bera dogu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zeugan dogu-eta geure uste ona. R/.
II. IRAKURGAIA
Jainkoak dei egiten deusku,
eta argitzen gaitu.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik (2 Tm 1, 8b-10) (ENTZUN)
Anaia maite hori: Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batean Barri Onaren alde. Berak salbau ginduzan eta dei egin euskun biziera santura, ez gure egiteakaitik, bere erabagiagaitik baino eta gizaldi guztiak baino lehen Kristo Jesusegan emon euskun graziagaitik.
Grazia hau orain agertu da, Kristo Jesus gure salbatzailea munduan azaldu danean; Honek heriotzea ezereztu dau eta bizia eta hilezkortasuna argitara atara, Barri Onaren bidez.
EBANJELIOA
Aurpegia eguzkia baizen disdiratsu bihurtu jakon.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 17, 1-9) (ENTZUN)
Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta honen anaia Joan eta mendi garai batera eroan zituan aparte. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: aurpegia eguzkia baizen disdiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. Haretan, Moises eta Elias agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
Orduan, Pedrok esan eutsan Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo ditut: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu ebazan, eta ahots batek esan eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea, berau dot atsegin. Entzuiozue». Hori entzutean, ahuspez lurrera jausi ziran ikasleak, bildurraren bildurrez.
Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Jagi zaiteze; ez izan bildurrik». Begiak jasorik, Jesus bakarrik ikusi eben, beste inor ez.
Menditik behera jaisterakoan, Jesusek agindu eutsen: «Ez esan inori ikusi dozuen hau, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».
ESKARIAK
† Gure loturetatik askatu eta herri handi egin gura gaitu Jainkoak. Zuzendu gakiozan erreguz eta apalki:
—Elizearen alde: aurreritxi barik hurreratu dakion gaurko gizakiari, bere arazoetan esku hartzeko eta Jainkoaren egitasmora aldatzeko, egin daigun otoitz.
—Ondasunez inguraturik eta besteak euren agintepean hartzen diharduenak Jainkoaren deia entzuteko gauza izan daitezan, eta daukena behartsuen onean eralgiteko, egin daigun otoitz.
—Ezak jota, sufrimendu artean bizi diranen alde: Jainkoa eurekaz dagoela sentitzeak itxaropena emon deien, eta besteon laguntza lortu daien egoera horretatik urteteko, egin daigun otoitz.
—Sinistunen alde, eliztarron alde, Jainkoagazko hartu-emonak dabezenen alde: entzun daien Jainkoaren herri handi izateko deia, eta bilatu daien eliz alkarte bakotxean Jainkoaren benetako herri izatea, ez bakotxak bere burua salbatzea, egin daigun otoitz.
—Eukaristian alkartzen garanok gure sinismena eta Jainkoagazko hartu-emonak gaurkotu daiguzan, aprobetxatuz horretarako Garizumaldiko Hitzaldiak, taldeak eratzeko deiak eta beste debozinoak, egin daigun otoitz.
† Jainko askatzailea eta etorkizunera begira zagozana: emoiguzu zuri erantzuten jakitea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Senideok: Jainkoak proposamen bat egiten deuskula dinosku gaurko liturgiak:
—Abrani: urten zure lurraldetik… herri handi egingo zaitut.
—Paulok Timoteori: Barri onaren nekeak, Jainkoaren indarraz fidaturik eroateko.
—Ebanjelioan: Hauxe da nire Semea… entzuiozue.
Argi dago Jainkoak martxan jarri gura gaitula; jardunean gura gaitula; ez gaitula egonean, geurean zarratuta, ingurura begiak itxita gura. Eta, begira zer dinoskun bere gutunean Franzisko, aita santuak ere: “Jainkoaren berban etenbarik agertzen da "urteera" ekimen hau, Jainkoak sinistunengan eragin gura dauan ekimen hau. Abrahamek onartu egin eban lurralde batera abiatzeko deia; Moisesek entzun egin eban Jainkoaren deia: «Zoaz, neuk bialtzen zaitut», eta herria agindu-lurrerantza abiatuazo eban. Jeremiasi: «Neuk bialdu nahi zengidazan edonora joango zara”.
Ba ete daukagu, senideok, gure erosotasunari uko egiteko gogorik, asmorik edo indarrik? Ez ete gagoz lar egokituta gure ingurura? Ez ete gara geuretxotik urteteko bildur? Hurrengo esaldi hau gogoan izaten dogu, ezta?: «Ezezaguna dogun ona baino hobe ezagutzen dan txarra». Eta esaldi horri jaramon eginez, geuretxoan itxita, ingurukoaz arduratu barik, egonean gagoz… herdoiltzen!
Geldi egoteak, egonean egoteak, ez dakarsku gauza onik: ur geldia usteldu egiten da; erabilten ez diran gorputz atalak hil egiten dira; egonean dagoana gaisotu egiten da… Ibili egin behar dogu! Baina, norantza abiatu? Ba al dago inora joan beharrik?
Abram adi egon zan, berean zoriontsu egoan arren. Eta Jainkoa deika ebilkola konturatu zan. Ez zan errexa Jainkoak eskatzen eutsona: gurasoen lurraldea laga eta berak esango eutson lurralderantza abiatzea. Jainkoak herri bat behar eban, Abramengan "jarri ebazan begiak", eta proposamena egiten deutso.
Eta, hara! Abramek bere uste ona Jainkoagan jarten dau; aukeraketa honen menpean jarriko dauz bere ondasun guztiak. Eta bizitza guztian zehar, berak uste eban lez ez ebalako Jainkoak jokatzen, hainbeste neke aldi jasan behar izango dauz; hainbeste ez-bai gainditu behar izango; behin baino sarriagotan nahi izango dau dana bertanbehera lagatea; hainbestetan uste izango dau ez dala gauza Jainkoak eskatzen eutsonari aurre egiteko… (Zenbatetan aurkitu izan garan holango egoeretan gure bizitzan zehar!) Baina beti agertuko dau bere uste on osoa Jainkoagan dauala, eta garaile urtengo dau. Abramengan lagun bat izango dau Jainkoak bere eginkizuna (herri bat eratzea) eskuratzeko. Zein garrantzi handikoak garan Jainkoarentzat! Ba ete dakigu Jainkoaren nahia senideengan bilatzen, eta hareen beharrizanetan Jainkoaren deia entzuten?
Jainkoak ez dinosku gure ibilbidea erreza eta laua izango danik, beti eta une guztietan geugaz egongo dala baino; ez gaitula bertanbehera lagako. Bere Seme Jesusengan aurkituko dogu: aurrerantzean bera izango dogu Legea (Moises) eta Jainkoaren hitza (Elias). Ez dogu argi eta garbi ikusiko. Geuk egin behar izango dogu aukeraketea. Ez dogu ezelango ezbai barik ulertuko. Horixe adierazten deuskue Jesusen ikasleek: erdi lotan dagoz; bertan gelditu gura dabe; belarri ostean azka egiten jaisten dira menditik, «hilen artetik biztea» zer ete zan galdezka euren kolkoan… baina jarraitu egiten deutsoe Jesusi: beragan dabe uste on osoa.
Senideok: Jainkoak herri handi egin gura gaitu bere erregealdia gizaki guztiei ikusiazoteko: alkar maitasunezko eta justiziazko erregealdia. Baina gu, behar bada, herri handi hori egiten baino gehiago ahalegindu izan gara legea beteten, norbere arimea salbatzen, irakatsi izan deuskuezanak beteten… Eta orain… “orain zatoze esaten lehengo txokoak eta ondasunak eta ziurtasunak bertanbehera laga behar doguzela, ez dakigun nonora abiatzeko?” —esango dau batek baino gehiagok. Eta arrazoi handiagaz. Baina, begira: Abramek zahartzaroan emon eutson Jainkoari baietza. Guk zergaitik ezin geike?
Eskeintzen jakuz argibideak, euretan bilatu geike erantzuna eta alkar adoretu: barikuetan Kuruzbidea; edo Franzisko aita santuaren gutun adore-emoilea; Garizumako hitzaldiak; Caritasen egitasmoak, Gernikaldeko Elizearen eraikuntza…
Guzti horretaz jabetzeko, senideok, geure ziurtasun eta txokoetatik urteten ahalegindu behar dogu; gure gogoa gozotan egotea bada ere Jesusek esnatu eta lurrera jatsiazoten gaitula sumatu behar dogu, zaharregiak garala pentsatu barik; Paulok esan deuskun lez, Jainkoaren indarraz fidaturik; eredu Abraham dogularik.
OTOITZA (ENTZUN)
Herri baten bila zabilz, Jainko,
gizakion artean bizi izateko,
geure hizkuntza erabilteko
guk zu ezagutu ahal izan zaiguzan
eta guk zugaz hartu-emonak izateko.
Baina gu, Jauna, sinistun herri honetan
ohiturapean aurkitzen gaituzu:
badoguz legeak, arauak, ohiturak…
eta besterik ez dogula behar uste dogu,
gero eta ahulagoak eta gitxiago garan arren.
Bizkortu gaizuz, Jauna; atara gaizuz
gure itxituetatik eta lo-zorrotik,
zeugazko hartu-emon zuzenak izan daiguzan,
uste ona zeugan baino izan ez daigun
eta zeure herri aukeratu lez jokatu daigun.
GARIZUMAKO BIGARREN IGANDEA /A
HOMILIA
Senideok: Garizumako bigarren igande honek aukeratzearen aurrean jarten gaitu. Esango geuke aukeratu beharra daukagula. Eta ez hori bakarrik; ezjakinean aukeratu behar dogula baino, ezelango ziurtasun barik. Bueno; ziurtasun bakarra pertsona bat izango da: Jesus; eta bere berbea. Nahikoa ete dogu Jesusen berbea eta Jesusen bizia?
Hau aurkezteko, Abranen aukeraketara eroan gaitu lehen irakurgaiak. Aita-lehentzat euken Abranek Jainkoa ezagutzean eta ha zerbitzean aurkitzen dau bere bizitzarako aberastasuna; eta itxaropen barri baten bizi da. Bere ziurtasuna ez da lurraldea izango, edo bere zerbitzariak eta aberastasunak edo guzti honek emon leion indarra... Lurralde ezezagunean sartuko da, bizitza barri bati hasierea emon nahian. Eta ziurtasun bako aukera horrek, Jainkoari begira egindako aukera horrek, bedeinkapena dakartso.
Jaungoikoak ba, senideok, ez dau ziurtasunik emoten. Gehiago oraindino: ziurkerietatik atara egiten gaitu; desorekatu egiten gaitula esango geuke. Eta ziurtasunik bako bizikeran sartzen gaitu. Baina ez uste izan zentzun bako bizikerea izango danik. Holango batengan bedeinkapena aurkitzen dau edozeinek.
Tabor mendian Pedrok ziurtasun guztiak euki nahi ditu, hogeitahamaika eskutik: Legea (Moisés), Profetatza (Elías) eta Jesus berbera (Maisutza). Baina zer inoenik ere ez ekiala esan jaku. Bai, ba! Ezin geintekez Jesusengana ziurtasun bila hurreratu. Laster esango deutso: "ez inori ezer esan, harik eta hilen artetik biztu arte." Eta nork ulertu hau?
Baina, senideok: ez uste izan holango ziurtasun bako bizitzak zentzurik ez daukanik. Jesusengan oinarritzen dan bizitzak gizakiaren bizitza mugatua autortzen dau. Gurea, inork emondako bizia da; erregalu bat. Eta bizitza honek, besteen alde emoten danean aurkitzen dau bere zentzua; bigarren irakurgaian Paulok esan deuskun lez: "Jesukristok hondatu dau heriotzea, eta argitara atara bizi ustel-ezina, barri onaren bidez."
Bizitzea zertarako dala uste dozu, edo zelan egiten dozu zure bizitzea? Mundu honetako atseginkerietan murgilduta, eta euren egarriz bizi zara? Eta besteen sufrimentuak murriztu egiten deutsue zure atsegina? Atsegin txikia izango dozu hauteskundeetan irabazten ez badozu, edo besteen atzetik gelditzen bazara, edo lehenen heltzen ez bazara, edo osasuna galtzen badozu, edo auzokoa zu baino gehiago bada... Danetan lehena ez bazara bestea izango dozu sufrimentu iturri.
Jesusen aukerea beste hauxe da: besteen aldeko heriotzea; bizitzea emoten dauan heriotzea; besteen aldeko zerbitzuzko bizitzea... Jainkoak maite gaitula eta geure ondoan dogula iragarten dauan bizitzea... Kendu barik, emon egiten dan bizitzea... Atsegina besteak baino gehiago izatean barik, besteen zerbitzari izatean aurkitzen dauan bizitzea... Besteentzat bedeinkapena dan bizitzea... Jaungoiko Aitak ontzat hartu eta berbiztuko dauan bizitzea... Eta bizitza honek bai merezi dauala! Aurkitzen dauanak ez dau ezelan ere bertan behera izten: ez eban itxi Abranek, ez Moisesek, ez Eliasek, ez Jesusek, ez Paulok.
Geuk ere aurkituko bagendu...! Ez dozu uste? Ez gaiezala, ba, mundu honetako atseginek liluratu Pedro liluratu eben lez. Entzun daigula geuk ere, berak lez, Aitaren ahotsa: "Hauxe da nire Semea, nire maitea... Entzun eiozue." Eta Jesusen berba salbagarrian aurkitu daigula benetako salbamena.