Garizumako II. astelehena
I. IRAKURGAIA
Dn 9, 4b-10
Guk pekatu egin dogu, gaiztoak izan gara.
Danielen liburutik
Jauna, Jainko handi eta ikaragarria, Zuk ituna gordeten dozu eta leiala zara maite zaituenakaz eta zure aginduak beteten dituenekin.
Baina guk pekatu egin dogu, gaiztoak izan gara eta zure aurka jaso gara, zure agindu eta erabagietatik baztertuz. Ez deutsegu jaramonik egin zure zerbitzari profeten esanei, honeek gure errege eta buruzagiei, gure arbaso eta herri guztiari zure izenean berba egin deutseenean.
Zu, Jauna, zuzena zara; gu, barriz, lotsa-gorritan gagoz. Holan jazoten jaku gaur guri, Judako jenteari, Jerusalemgo bizilagunei eta Israel osoari, hurko eta urrunekoei, zugazko desleial izateagaitik beste lurraldeetara sakabanatu dozuzanei.
Bai, Jauna, lotsa-gorritan gagoz, geu eta gure errege, gure buruzagi eta gurasoak, pekatu egin dogu-eta zure aurka. Baina zure aurka jagi bagara ere, Zu, Jauna, gure Jainkoa, errukiorra zara eta parkatzen dakizuna. Ez dogu entzun Jaunaren, gure Jainkoaren, berbea, bere zerbitzari profeten bidez emon zeunskuzan legeen arabera jokatzeko.
ERANTZUN SALMOA
Sal 78, 8. 9. 11 eta 13
Ez gogoratu gure kaltetan gurasoen hobenak,
betorkigu laster zure errukia,
oso zoritxarreko bihurtu gara-eta.
Izan zakiguz lagun, Jainko gure salbatzaile,
zeure izenaren ederragaitik;
atara gagizuz eta parkatu gure hobenak,
zeure izenagaitik.
Atxilotuen deadarra heldu bekizu,
heriotzara galduak zure esku bizkorrez askatu egizuz.
Guk, ostera, zure herri eta larrako artalde garanok,
ospatuko zaitugu beti,
zure goespena zabalduko dogu gizaldiz gizaldi.
EBANJELIOA
Lk 6, 36-38
Parkatu, eta parkatuko deutsu Jainkoak.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Izan zaiteze errukior, zuen Aita errukiorra dan lez. Ez epaitu, eta ez zaitue Jainkoak epaituko; ez gaitzetsi, eta ez zaitue gaitzetsiko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».
ESKARIAK
† Jainkoak bere antz eta irudiko egin gaitu, eta bere antzeko errukitsuak eta maitaleak gura gaitu…
—Elizearen alde: ahaltsuaren ondoan eta haren gerizpean egotea barik behartsuaren eta ahularen babes izatea bilatu daian, eta Jainkoaren errukiaren barri emoile izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Jesukristoren aukerea eginez, haren jarraitzaile garan guztion alde: bakotxak bere salbamena bilatu ez daigun, alkarri harrera on egitea baino, parkatzea eta alkar maitatzea, gizarte baketsuago baten hazikin izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Hondamenean dagozanen alde; euren duintasuna lapurtuta edo hankapean hartuta ikusten daben emakume eta umeen alde; edozetariko egoera gorria sufritzen dabenen alde: laster argitu daitezan gizarte alkartuago batera, eta euren duintasunean aintzat hartuak izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Herrietako agintarien alde: herrikideen alkartasuna bultzatu daien, eta alkarrenganako eta Izadiarenganako begiramenean bideratu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiaren mahaitik elikatzen garanok Jainkoaren errukitsu izateaz aberastu gaitezan, eta gure inguruetan errukiaren mezulari agertu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Ikasleentzat eskakizun edo esijentzia gogorrak daukazela Jesusek esan daiteke; baina jendetaldearentzako eskakizunak ere ez dira makalak. Aberatsentzat eta asetuentzat-eta madarikapen izugarriak jaurti ondoren, jendetaldearentzako eskakizunak jarten ditu, helburutzat Jainko Aitaren errukia jarriz (Mateok «bikaintasuna» jarten dauan lekuan).
Baina badirudi Jesusek leundu egin nahi ditula eskakizunok, eta guk zelan erantzuten dogun, halantxe erantzungo deuskula Jainkoak esan gura deuskula; hau da: Jainkoaren guganako jokabidea geurearen parekoa izango dala.
Eta mailakatze baten jarten dauz eskakizunok, beti ere Jainkoaren errukia aur-aurrean jarrita; ez epaitu, ez gaitzetsi; parkatu; emon..., eta horrela neurriz kanpoko ugaritasuna hartuko da.
Beti ere gatx egiten bajaku ulertzea eskuzabaltasuna ez dala hutsean geratuko, ordaina eta gehiago hartuko dauala baino, gatxago egiten da eskuzabal izatea gauzak ilun dagozanean, ondo ez dagozanean, urri ikusten danean, edo doi-doi norberetzako lain dagoala uste danean.
Orduan errezago da norbere zekenkeria onestea..., besteak epaituz, edo gaitzetsiz, eskua itxiz. Behar bada, ba, orduantxe dogu beharrezko Jesusen berbok entzutea; merezi dauala eskuzabal izateak; hobe dala errukior jokatzea, eta norberea dala uste dana, eta gitxi dala gainera, jokoan jartea, banantzea, erantzuna "betekadea" izango dalako. Hau da: Jainkoak ez dau saritu barik itziko keinu on bat.
Begiak gora jaso behar doguz, ba, Aitaren errukiaz jabetzeko, eta haren seme-alaba lez jokatzeko, gauzak hain ondo ez dagozanean, edo txarto dagozanean ere. Erakutsi daigula noren seme-alaba garan.